Bake nahia ere zigortu egiten da Hego Korean

Kim Min-hyung gazteak uko egin die zerbitzu militarrari eta haren ordezko zerbitzuari, eta auziak hauspotu egin ditu zerbitzu militarraren ereduaren gaineko zalantzak.

Hego Koreako militarren entrenamendu saio bat, aurten. EFE
Hego Koreako militarren entrenamendu saio bat, aurten. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan ezagun egin da 28 urteko Kim Min-hyung hegokorearraren kasua. Lehen herritarra da Hego Korean zerbitzu militarrari eta haren ordezko alternatibari jendaurrean uko egin diena erlijioarekin loturarik ez daukaten arrazoiengatik. Yongsuk Lee (Seul, 1980) Hego Koreako World Without War elkartearen kontzientzia eragozpenaren inguruko kanpainaren koordinatzaileak espero du erabaki horrek «belaunaldi baten hasiera» markatuko duela. «Hala ere, oraindik ez dugu kontzientzia eragozlerik ikusi urrats horiei jarraitzen», aitortu du.

Hego Koreako gizonentzat derrigorrezkoa da soldaduska egitea, agintariek argudiatzen baitute herrialdea oraindik  gerran dabilela Ipar Korearekin, teknikoki. Izan ere, 1953ko Koreako Gerraren etenaren ostean, armistizioa sinatu zuten Ipar Koreak eta AEBek, baina Hego Koreak ez.

Bada, gaur egungo legearen arabera, hemezortzi hilabete inguruko kartzela zigorra ezar diezaiokete Kimi. Izan ere, zigor hori jarri izan diete derrigorrezko zerbitzu militarra egiteari uko egiten diotenei, nahiz eta gizarte lanak egiteko prest egon. Eta ez hori bakarrik; AI Amnesty Internationalek salatu izan du alternatiba ezarri aurretik «aurrekari penaltzat» hartzen zizkietela uko horiek, eta «desabantaila ekonomikoak eta sozialak» izaten zituztela horren ondorioz.

Leek adierazi du kontzientzia eragozleei beti leporatu izan dietela «antipatriotak» izatea, eta hala egiten dela gaur egun ere. Hala ere, adierazi du «sentimendu komunistak behera egin duen heinean» kritikek beste bide bat hartu dutela; alegia, antipatriotak izatea leporatu beharrean, «segurtasun nazionalaz baliatzen diren koldarrak izatea» leporatzen dietela orain.

«Hego Koreako Gobernuak bakartu egiten ditu, eta, hala, estigmatizazio sozialerako bide bat betikotu»

YONGSUK LEE World Without War elkarteko kidea

2020ko ekainaz geroztik, zerbitzu militarrari uko egiten dieten guztiek aukera daukate ordezko zerbitzu bat eskatzeko —horri ere uko egin dio Kimek, eta horregatik ezar diezaiokete zigorra—. Lege berriaren arabera, zerbitzu militarra egiteari uko egiten diotenak —direla erlijio arrazoiengatik edo bestelakoengatik— behartuta daude 36 hilabetez, hau da, hiru urtez kartzela batean edo beste era bateko zentzategi batean lan egitera.

Leek dio ukaezina dela ordezko zerbitzu bat ezartzea «lorpen handi bat» dela, baina oroitarazi du «kontzientzia eragozleen eta erakunde zibil askoren ahalegin nekaezinari esker» lortu dela. Hala ere, azterketa xehe bat eginda, Leek dio alternatibak ez duela «kontzientzia askatasuna» babesten eta, gainera, salatu du zerbitzuaren iraupenak eta ezaugarriek ez dituztela betetzen giza eskubideen inguruko nazioarteko arauak.

Hego Koreako armada, tankeetan. EFE
Hego Koreako armadako soldadu batzuk, tankeetan. EFE

Amnesty Internationalek salatu izan du munduko ordezko zerbitzuetan luzeena dela, eta lege berriak ere pentsamendu eta sinesmen askatasunerako eskubidea «urratzen» duela, «gehiegizko zama» ezartzen dielako legearen eraginpean daudenei. Horregatik, erakunde horrek zalantzan jarri izan du ordezko zerbitzu bat edo zigor bat ote den. Lee are zorrotzago mintzatu da. Haren esanetan, ordezko zerbitzua «kontzientzia eragozleen irudi negatiboa iraunarazteko diseinatuta» dago. «Hego Korea da ordezko zerbitzua espetxe sistemaren barruan lan egitera mugatzen duen munduko herrialde bakarra. Beste nazio batzuek aukera ematen diete kontzientzia eragozleei sektore publikoan lan egiteko eta herritarrekin elkarreraginean aritzeko. Baina Hego Koreako Gobernuak bakartu egiten ditu, eta, hala, estigmatizazio sozialerako bide bat betikotu», salatu du.

NBE Nazio Batuen Erakundearen konbentzioan jasotako giza eskubideen inguruko arauen arabera, derrigorrezko zerbitzu militarra ezarrita daukaten herrialdeak behartuta daude gizarte lanekin lotura daukaten alternatibak eskaintzera. Eta iraupenak zerbitzu militarrarenaren antzekoa izan behar du.

Kimek, ordea, uko egin dio horri ere. Horregatik, epaiketa bati aurre egin beharko dio orain, eta, zigortua izanez gero, espetxe zigorra ezarriko diote. Horrela, espetxeratzea bera ez ezik, beste ondorio batzuk ere izango ditu. Izan ere, Leek argitu duenez, espetxe zigorren bat ezarri dieten herritarrak ezin dira aurkeztu estatuak antolatzen dituen azterketetara epe jakin batez, eta administrazio publikoan lan egiteko aukera eta kargu publikoetarako hautagai aurkezteko eskubidea «ukatu» egiten zaie.

Benetako alternatiba bat

Leek azaldu duenez, kontzientzia objekzioaren aldeko kanpaina 2000. urtearen inguruan hasi zen Hego Korean. Haren esanetan, aurrez «oso militarizatua» zegoen gizartea, eta «ia ezinezkoa» zen soldaduska zalantzan jartzea. «Derrigorrezko soldaduska kritikatzea Ipar Korea begiko izatearen erakusgarritzat hartu ohi zen, eta horrek, Segurtasun Nazionalaren legearen arabera, kartzela zigorra bete behar izateko arriskua zekarren».

Gerora, kontzientzia eragozpenaren kanpaina abiatzeak «beren estatus ukiezina» kendu zien derrigorrezko soldaduska sistemari eta defentsa indarrei, Leek adierazi duenez. «Hala ere, soldadutza ikuspegi bakezale hutsez zalantzan jartzen duten gazteak ez dira nabarmen ugaritu azken hogei urteetan», aitortu du.

World Without War elkarteak uste du beste era bateko ordezko zerbitzu bat sortu beharko litzatekeela. Haien esanetan, eredu horrek «Nazio Batuen Erakundearen giza eskubideen arloko nazioarteko arauak» bete behar ditu, eta ezin da izan zerbitzu militarra bera baino luzeagoa.

Horrekin lotuta, Leek John Cornesen adibidea ekarri du gogora. Cornes Britainia Handiko kuakero bat zen, eta Koreako Gerraren garaian uko egin zion zerbitzu militarra egiteari. Horren ordez, zaurituak artatu zituen gerraostean, eta Hego Koreako Gobernuak domina bat eman zion 2014an, egindako ekarpenaren aitortza gisa. «Gerrako hondakinetatik berreraikitzea eta gerrako biktimei laguntzea, horixe da gure erakundeak sustatzen duen ordezko zerbitzua», zehaztu du Leek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA