Ynet egunkariak argitaratu du Israelgo segurtasun eta inteligentziako arduradun ohiek Benjamin Netanyahu lehen ministroari bidalitako gutuna.
Besteak beste, "mehatxuak aitzakia gisa erabiltzen dituztenekin ez batzeko" eskaera egin diote Netanyahuri, "prozesu politiko" bat abia dezan. Sinatzaileek Israelgo operazio militarretan izandako esperientzia nabarmendu dute, "gerretako ordain mingarria eta astuna lehen eskutik ezagutzen" dutela nabarmenduz. "Gure seme-alabak hemen bakean bizi ahal izateko esperantzarekin borrokatu gara. Baina errealitatea krudela da, eta hemen gaude berriro, gure semeak guda zelaietara bidaltzen", adierazi dute.
Alde horretatik, "gatazka konpontzeko aukera" baliatzeko eskatu diote Netanyahuri, nabarmenduz hori ez dela "ezker edo eskuin auzia". Negoziazioei ekitekotan bide hori babestuko dutela ere jakinarazi diote sinatzaileek lehen ministroari: "Ekimen ausarta eta lidergoa espero dugu zuregandik. Lidera ezazu, eta zure atzean egongo gara".
Besteak beste, gutuna sinatu dutenen artean daude Mossad zerbitzu sekretuetako buruzagi ohi Zvi Zamir eta Amiram Levin general ohiak eta 2008an Gazaren aurkako Berun urtua operazioan armadako buru zirenak.