Gustavo Petro Kolonbiako presidentearen agintaldia amaitzear da, eta ikusteko dago hark bultzatutako Bake Osoak zer bide egingo duen. 2023ko azaroaz geroztik, Otty Patiño (Guadalajara de Buga, Kolonbia, 1945) Bakearen Aldeko mandatari aholkularia arduratu da erakunde armatuekin negoziatzeko eta gatazkak zipriztindutako eskualdeak eraldatzeko estatu politika horretaz. Gerrillari ere izan zen M-19 Apirilaren 19ko Mugimendua gerrillan; demokrazia ezartzea zuten helburu, 1970eko presidentetzarako hauteskundeetan iruzurra egon zelakoan. 1991ko Konstituzioa idatzi zuen Asanblea Konstituziogileko kideetako bat ere izan zen Patiño.
Bogotan dago, bulegoan, eta elur orein arrosa baten marrazkia du paretan itsatsia. «A, nire bilobarena da hori». Elkarrizketan zehar, harekin den lankideak kamera hartu du, eta bulegoan zintzilikatuta dauden beste bi koadro erakutsi ditu gero: Carlos Pizarro M-19ko azken komandanteak eta Virgilio Barco herrialdeko presidente ohiak (1986-1990) 1990ean bake akordioa sinatu zutenekoa irudikatzen du batek, eta Jaime Bateman M-19ren sortzaileetako bat besteak. «Bakearen alde negoziatzearen aitzindaria izan zen», azaldu du Patiñok.
Bake Osoa prozesuaren pean, negoziazioak, tregoak eta erasoak aldi berean gertatu izan dira. Zer fasetan dago? Zer lortu da hiru urte pasatxo hauetan?
Oraingoa ez da hainbeste gatazka armatua, biolentziak gainditzea baizik; Kolonbiako gatazka armatua, matxinoen eta estatuaren arteko gatazka gisa ulertua, 2016an amaitu zen. Noski, ELN kanpoan geratu zen orduko hartan. Petro presidenteak zuzenbide estatu sozialera ekarri nahi izan du, baina, zenbait arrazoi direla eta, talde horrek ez du bake prozesu batean sartu nahi izan, nahiago izan du bere burua zokoratu. Presidentea apur bat dezepzionatu du ELNk bakearen inguruan izandako jokabideak.
Biolentzia asko gainditzen saiatzen ari gara, eta hamar bat prozesu desberdin ditut, lurraldeka. Gehiago dute ekonomiatik politikatik baino; pertsonentzat eta taldeentzat probetxua ateratzea bada horien parte. Lurraldetasuna oinarrizkoa da, baina kontu hori artikulatuta dago ekonomia transnazionalen arabera: koka, meatzaritza ilegala, pertsonen trafikoa... Tira, ekonomiak politikak baino zama handiagoa duela; prozesu guztiak, lankide batek dioen bezala, hibridoak dira.
Aipatu duzu hainbat negoziazio mahai daudela martxan. Nola daude, batik bat kontuan izanda Bake Osoa egitasmo nahiko zabala izan dela?
Garrantzitsua da mahai horietan daudenak mahai horietan egotea aurrerantzean ere, egoera atzeraezin batera iristea. Eta halakorik egiten ez dutenak, bada, jakina da biolentziaren konfortean geratzen direla, iruditzen zaielako denbora gehiagoz eutsi ahalko diotela ilegalkerian bizitzen. Hori da seme-alabei utzi nahi dieten herentzia, konbentzituta daudelako kriminalitateak peso batzuk emango dizkiela familiak mantentzeko.
«Estatu gisa erronka hau dugu: komunitateak ekonomiara txertatzea, ekonomia oparo batera, ekonomia legal batera. Elkarrizketen kontua bigarren mailakoa da»
Negoziatzeko prest daudenak ere badaude.
Badago pentsatzen duenik bukatu dela ilegalkerian gobernatzeko garai hori, eta, ondorioz, organizazio kriminal hauetako asko zatikatuz joan dira. Ikusi dugu nola zatikatu den Estatu Nagusi Zentrala, zeina FARCen disidentzietako bat zen. Bigarren Marquetalia ere zatikatu zen, eta talde horren sektore batekin ari gara negoziatzen, Armada Bolivartarraren Koordinakunde Nazionalarekin. ELN ere kraskatzen hasi zen, eta Nariñon diharduen fronteak bakeranzko bidea hartu zuen. Nolanahi ere, pentsatzen dut ELNren barruan eztabaida sakona izango dutela hartu beharreko bideari buruz.
Taldeen-eta zatiketak ekarri al du negoziazioak eta prozesuak konkretuago egitea?
Ardatza ez da haiekin negoziatzea, ardatza lurraldeak transformatzea da. Estatu gisa erronka hau dugu: komunitateak ekonomiara txertatzea, ekonomia oparo batera, ekonomia legal batera. Elkarrizketen kontua bigarren mailakoa da, ausazkoa, ez gatazka armatua amaiarazteko bake negoziazioetan bezain oinarrizkoa. Hamar bat prozesu ditugu, baina horrek ez du nahi esan behin betiko akordioak direnik, esan nahi du herritarrak zuzenbide estatu sozialean txertatzeko prozesuak garatzen diren heinean pultsua irabaziko diegula eragile ilegalei. Horietako askok ulertu dute eraldaketa horretan sozioak izan behar dutela, ilegalkeriatik legezkotarsunera igarotzeko.
Nola eraman dituzue prozesuak tokian tokikora? Hau da, nazio gatazka baten ostean, eskualdez eskualde aritzea lurralde transformazioa bermatzeko.
Kuriosoa da, bai, ze prozesuak ez gara ari nazio osoan zehar egiten. Nariñoko mendikate aldea eta kosta; Buenaventurako portugunea; Catatumboko oihana; Sierra Nevada de Santa Martan lehen paramilitarrak zeuden guneak; Karibeko puska handi bat, zeina orain Golkoko Klanak —edo bere buruari deitzen dion bezala, Kolonbiako Armada Gaitanistak— okupatua duen. Proiektu nazionalik ez dagoenean prozesu nazionaletan pentsatzea, bada, tontakeria bat da. Bakearen akupuntura ari gara egiten.
«Elkarrizketak, formula salbatzaile gisa ulertuta, ez digu lagunduko: badago estatu bat bere indarra eta justizia erabiltzeko eskubide osoa duena»
Asteburu honetan egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak Kolonbian. Zertan izango da Bake Osoa datorren gobernuarekin, edozein dela ere?
Bake Osoak bi ertz ditu: azpiratzea bata, eta elkar ulertzea bestea. Kasu batzuetan, azpiratzeak dakar estatuak indarra legitimoki erabiltzea; eta elkar ulertzeak dakar elkarrizketa egoteko aukera, elkarrizketaren bidez parte hartu eta euren buruaren transformazioari ekarpena egin nahi diotenak ulertzea, ilegalkeriatik legaltasunera igaro daitezen.
Uste dut hori egiteko behar den dosia neurtzea tokatzen dela. Ez dut uste orain arte egindakoa erabat hautsiko denik. Baliteke irudipenek eragindako dosi bat egotea, pentsarazi dezakeena krimenaren kontrako gerra irrazional batek Kolonbiako egoera konponduko duela; hori bai, elkarrizketa, formula salbatzaile gisa ulertuta, erabateko formula gisa, horrek ere, noski, ez digu lagunduko: badago estatu bat bere indarra eta justizia erabiltzeko eskubide osoa duena, zuzenbide estatu soziala behartzeko prozesuei irtenbide bat emateko.

Azaldu zenezake hori?
Dilema bat iruditzen zait hitza eta elkarrizketa erabiltzearen kontuarekin indarraren erabilera gogorki etsaiaraztea. Gauzak ez dira horrela. Beraz, nahiz eta agintari batek elkarrizketaren gainetik indarra lehenetsi nahi izan, ikusiko du soilik indarra erabiltzeak zera dakarrela, biolentzia prozesu gehiago sortzea. Kolonbian gertatu da dagoeneko. Noski, alferreko elkarrizketa ez da bide aproposa. Iruditzen zait azkenerako indarraren eta elkarrizketaren arteko konbinazio jakintsu bat nagusituko dela.
«Batek ezin du itxoin dokumentu perfektu bat edo gutxi gorabehera ona den bat eduki arte, ze biolentziaren errealitatea aurrera doa»
Zer ikaskizun utzi ditu Kolonbiako Gobernuak eta FARCek 2016ko azaroan sinatutako bake akordioak? Eta zer-nola balio izan du Bake Osoari heltzeko orduan?
Nahiko garatu ez ziren bi arazo garrantzitsu daude. Alde batetik, FARCekin egindako prozesua modu batera egin zen: ezertxo ere ez dago adostuta guztia adostu arte. Lehendabizi bakea idazten da, sinatu egiten da, eta gero ezarri. Horrek akats batzuk eta atzerapen handiak ekarri zituen inplementazioan.
Beste metodologia bat egin dugu gure: adosten joan behar da, eta inplementatzen; batek ezin du itxoin dokumentu perfektu bat edo gutxi gorabehera ona den bat eduki arte, ze biolentziaren errealitatea aurrera doa, paper batean idatzi daitekeen erritmoan baino askoz azkarrago. Beste aldetik, trantsizioak ere badaude. Trantsizioaren zientzia, nolabait esateagatik, bakearen zientzietako bat da, inplementazioa bezala. Nola ez, herrialdea ikasten ari da; prozesu hauek izan dituzten akatsetatik eta hutsetatik baino ezin da ikasi.
Beraz, egin duzun deskribapenetik abiatuta, esan liteke alderantzizko prozesu bat izan dela? Moduak eta moldeak kontrakoak izan direla?
Bai, apur bat, baina kontrakoa baino gehiago desberdina da. Arazo ugari egon ziren bake akordioekin, eta horietako bat izan zen ondorengo hauteskundeak irabazi zituenak [Ivan Duquek] ez zuela bermatu sinatu zenaren jarraipena.
Batek badio edozein akordio ez dela gobernu akordioa, estatu akordioa baizik, horrek esan nahiko luke bakea dela-eta egindako akordio guztiak betetzea obligazioa dela, gustatu edo ez. Uste dut Santosek huts bat egin zuela: adostutakoa plebiszitu baten gain uztea. Hark sinatu zuen bakeari oposizioa egin ziotenek irabazi zuten plebiszitu hori. Ez zen ari gobernu bat ordezkatzen, estatu bat baizik, eta ziurgabetasun egoera batean utzi zituen akordioak, gobernuaren borondatearen eta estatuaren aginpidearen artean. Balantza bat ezarri zuen: Uribe edo Santos. Eta Uribek irabazi zuen; gutxigatik, baina irabazi egin zuen. Egin behar ez zuketen pultsu politiko horren ondoren, asko ahuldu zen 2016an sinatutako bake prozesua.
Zer dela eta?
Bospasei urte galdu ziren, eta oraingo gobernuak, Petroren gobernuak, egundoko saldo gorria zuen bakea jaso zuen, denbora horretan guztian konpondu ezin izan zen zorragatik. Saldo gorri horren gainean eraiki da oraingo bakea.
«Baliteke gobernu bat egotea pentsatzen duena ilegal horiek berriro indartzea mundu guztiari gerra deklaratuta»
Bake Osoaren marko juridikoak eremu itxi batzuk ezartzeko aukera jaso zuen, talde armatuetako kideak aldi baterako horietan biltzeko. Gobernuak horrelako bost onartu ditu duela gutxi. Zertan dautza?
2272 Legean jaso zuten badela posible armatuak bizimodu legalera pasatzeko eremu batzuk ezartzea. Horietara iristen dira, armagabetu egiten dira, uniformea kentzen dute, egitura galtzen dute, eta orduan hasten da, demagun, gizalegerako igarobidea.
Eskualde, lurralde bateko periferia guztia ere bizimodu zibilera igarotzen hasten da, ze askotan pentsatzen da talde ilegaletan datzala arazoa, talde kriminaletan, baina bada benetan ilegalkeria horretatik bizi den jende asko. Koka laborantzetatik, adibidez. Estatuak ez badie ematen irtenbiderik, ezer gutxirako balio du eragileak armagabetzea. Proiektuak ari gara garatzen jendeak senti dezan estatua ez dela indarraren erabilera soilik, baizik eta hezkuntza, osasuna eta azpiegiturak ere ekartzen dituela.
Datorren gobernua datorrela, horrela jokatuko ote du?
Baliteke gobernu bat egotea pentsatzen duena ilegal horiek berriro indartzea mundu guztiari gerra deklaratuta, baita ilegal horiek hartu dituzten herritarrei ere. Espero dugu horrelakorik ez gertatzea, guztion onerako.
Egon da polemikarik Golkoko Klaneko 29 kideren estradizio eskaeren harira. Apirilean, eskaera horiek bertan behera uzteko eskatu zenuen, kideak eremu horietara joan zitezen, eta ezezkoa eman zuen fiskaltzak. Gero, ordea, Golkoko Klanak berak onartu zuen estradizio eskaerak dituzten kideak gune horietara ez joatea. Zer gertatu da?
2272 Legearen arabera, presidenteak bertan behera utz ditzake atzemateko aginduak, baita estradizio eskaerak daudenean ere, baldin eta pentsatzen badu komenigarria dela. Baina, Amerikako Estatu Batuekiko harremana nolakoa den ikusita —gerra, konfrontazio edo esku sartze askoz gogorrago baten zorian egotea eragin dute—, errepublikako presidenteak erabaki du bat etortzea, estradizio aginduena hain gai delikatua denez gero. Erabaki du estradizio eskaerak dituztenak, zeinak nazio estatubatuarrarentzat etsai gorenak diren, oraindik ezin direla gune horietan sartu. Oraindik diot; izan ere, presidenteak hala estimatzen duenean, orduan esan ahal izango du baietz, gune horietara joan daitezkeela. Ez ditugu erabateko marjinaziora kondenatuko eta hala bake akordioen onura galarazi.