FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin abiatutako bake prozesuarengatik, Kolonbiako Gobernuko presidente Juan Manuel Santosi eman dio bakearen Nobel saria Norvegiako Nobel Batzordeak. Erreferendumean herritarrek bake akordioaren kontra bozkatu badute ere, bake bidearen alde Santosek eginiko apustua saritu nahi izan dute.
Kolonbiako herritarrei eginiko "ordain" gisa uler dadin nahi du batzordeak, "zailtasun handien gainetik, bake justuaren itxaropenari eutsi" diotelako. Besteak beste, batzordeak goraipatu du Santosek, jakinik ere akordioa "eztabaidagarria" zela, herritarrek erreferendum bidez iritzia ematea bermatu zuela. Zergatik saritu dute soilik Santos, eta ez harekin batera FARCi? batzordeak azaldu du gatazkak eragile ugari izan dituela baina Santosek "iniziatiba historikoa" hartu duela.
Erreferendumaren ostean Kolonbiako bake prozesuak bizi duen egoerari buruzko gogoeta egin du batzordeak. Akordioaren aurkako aukerak irabazita, bake prozesua arriskuan dagoela aitortu du batzordeak, baina beharrezkotzat jo du FARCek eta Kolonbiako Gobernuak su-etenari eustea: "Erreferenduma ez zen "bakea bai edo ez", baizik eta ezezkoek bake akordio zehatz bati esan ziotela". Aitortu du "erronka zaila" izango dela oreka bat bilatzea "adiskidetze nazionalerako beharraren eta biktimentzako justizia bermatzearen artean".
Santosek egin du saria jaso izanaren balorazioa: "Ez dago kausa hoberik bakean bizitzea baino". Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruzagiak mezuak zabaldu du sare sozialetan: "Bilatzen dugun sari bakarra Kolonbiak justizia soziala duen bakea izatea da, paramilitarismorik, errepresaliarik eta gezurrik gabe".
El único premio al que aspiramos es de la #PazConJusticiaSocial para #Colombia sin pamilitarismo, sin retaliaciones ni mentiras #PazALaCalle
— Timoleón Jiménez (@Timochenko_FARC) 2016(e)ko urriak 7
Lau urteko prozesua
Gobernuak eta gerrillak 2012an hasi zituzten bake elkarrizketak Habanan, eta lau urtean jorratu dituzte elkarrizketa agendako puntu guztiak. Abuztuan bi aldeek behin betiko su etena eman ondoren, irailaren 26an sinatu zuten bake akordioa Santosek berak eta Timochenkok, Cartagena de Indiasen. Astebete geroago, ordea, Kolonbiako herritarrek ezezko botoa eman zioten akordioari, alde eskasarekin.
Ziurgabetasun egoera bat zabaldu du horrek. FARCek adierazia du su-etenari eusteko asmoa, eta gobernuak ere urriaren 31ra arte luzatu du menia. Santosek elkarrizketak abiatu ditu indar politikoekin, bake prozesua onbideratze aldera.
Santosek (Bogota, 1951) AEBetako eta Erresuma Batuko puntako unibertsitateetan egin zituen Ekonomia ikasketak; beti Alderdi Liberaletik gertu, 1991n hasi zuen ibilbide politikoa: lehenbizi Kanpo Merkataritzako ministro izan zen, Cesar Gaviriaren gobernuan, eta gero Ogasunekoa, Andres Pastranarenean.
2004tik aurrera, Alderdi Liberala utzi eta Uriberen U-ren alderdia babestu zuen. Hark, trukean, Defentsa Ministerioa eman zion 2006tik 2009ra bitartean. Tarte horretan, aski sonatuak izan ziren Santosen politika militaristak. Garai bertsuan, eskandalu batek lohitu zuen Santosen irudia: "Positibo faltsuen" auziak. 2008 amaieran jakin zen Kolonbiako armadak milaka zibil hil zituela eta gero propio aurkeztu zituela gerrillari gisa publikoaren aurrean. Uriberen eskutik iritsi zen presidentetzara, 2010ean, baina gero harengandik bereizteko ahalegina egin zuen. Besteak beste, berriro heldu zien Venezuelarekiko eta Ekuadorrekiko harremanei. Horrek Kolonbiako sektore eskuindarrena haserretu zuen, eta Uribek adierazpen gogorrak egin zituen Santosen aurka. Uribe bera izan du bake akordioaren aurkako figura nagusi. 2014an berriro aukeratu zuten presidente.
Ekonomia eta literaturakoak jakingai
Eman dute jada 2016ko Nobel saridun gehienen berri. Yoshinori Ohsumi biologoari eman diote medikuntzakoa, eta David J. Thouless, J. Michael Kosterlitz eta F. Duncan M. Haldaneri fisikakoa. Jean-Pierre Sauvag, J.Fraser Stoddart eta Bernard L. Feringa zientzialariak saritu dituzte kimikaren alorrean, eta Juan Manuel Santosentzat da bakearena.
Astelehenean emango dute aurtengo ekonomia Nobel saridunaren berri, eta ostegunean literaturakoa.