Bakerako agintari bila

Afrika Erdiko Errepublikan presidentea hautatuko dute gaur, trantsizio politikoa amaitzeko.Segurtasun arazo larriei aurre egin behar die Bangik

Bangi hiriburuko iheslari kanpaleku bat. Indarkeria sektarioagatik, milioi erdi barne desplazatu izan dira. LEGNAN KOULA / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Afrika Erdiko Errepublikaren etorkizun politikoa erabakitzeko izena eman dute bi milioi lagun inguruk, eta presidentea aukeratuko dute gaur egitekoak diren bozetan. Trantsizio politikoa amaitzeko azken urratsa egingo dute, azken urteetako indarkeria sektarioa atzean uzteko itxaropenarekin. Hautagai nagusiek —30 dira denera— herrialdea batzeko konpromisoa hartu dute. Baina talde armatuen eta gerra jauntxoen interesei aurre egin beharko diete horretarako; boz kanpaina ez da herrialde osora iritsi, segurtasun arazoak direla eta.

Presidentetzarako lehen itzulia ez ezik, legebiltzarrerako bozak ere egingo dituzte;1.800 hautagai lehiatuko dira parlamentuko 105 eserlekuak betetzeko. Hainbatetan atzeratu behar izan dituzte bozak, logistika eta segurtasun arazoak direla eta. Atzerrian fabrikaturiko boto paperak egun gutxiren faltan iritsi dira herrialdera, eta horiek banatzeko traba asko izan dituzte. Horrez gainera, talde armatuek kontrolaturiko hainbat eremutan borrokak izan dira egunotan.

Konstituzio berria erreferendumean onartu zuten azaroaren 13an, eta, baietzak botoen %90 jasota, VI. Errepublika ezarri zuten. Agintarien legealdiak bitara mugatu zituzten, eta ustelkeriaren aurkako neurriak eta talde armatuak desarmatzeko programak onartu. Halere, bozketa horrek agerian utzi zituen herrialdearen egiturazko arazoak. Parte hartzea %30 izan zen, eta musulmanak gehiengo diren lurraldeetan—Bangiko PK5 auzoan ere—, Selekako borrokalari ohiak herri galdeketa zapuzten saiatu ziren indarkeriaren bidez. François Bozize presidente ohiaren aldeko indarrek modu berean jokatu zuten Bossangoa eskualdean.

Hiruren arteko lehia

Hiru dira presidente izateko aukera handiena duten hautagaiak. Horietako bi dira kristauak: Anicet Georges Dologuele eta Martin Ziguele. Biak Ange-Felix Patasse presidentearen garaian lehen ministro izandakoak. Hirugarren hautagai nagusia herrialdeko gutxiengo musulman komunitatearen kide da. Abdoul Karim Meckassouak aukera onak ditu bozak irabazteko, ospe oneko enpresari arrakastatsua baita. Bozize presidentearen gobernuan kargu garrantzitsuak bete zituen: Atzerri ministrorena, esate baterako.

Kanpaina gatazkatsua izan da, talde armatuen presioek eta indarkeriak ez dute-eta etenik izan. Bossangoan hainbat hautagai bahitu zituzten talde armatuek. Estatuak ez du lurralde osoa kontrolatzen; iparraldeko milizia musulmanek independentzia aldarrikatua dute beren kontrolpeko eremuan. Edonola ere, kanpaina bizia egin dute hautagaiek, eta hegazkina ordaintzeko diru nahikoa izan dutenek herrialdeko lau izkinetan eman dituzte hitzaldiak.

Baliabide natural aberatsak ditu herrialdeak, baina herritarren %70 txiroak dira. Per capita errenta kontuan hartuta, munduko txiroenetarikoa da. 2013ko martxoan Seleka musulman taldeen aliantza Bozize presidentearen aurka matxinatu zen. Matxinoek Bangi hartu hartu zuten, eta Michel Djotodiak hartu zuen boterea, herrialdeko lehen presidente musulmana bihurtuta. 2014ko urtarrilean karguautzi zuen, eta Seleka desegin.

Musulman eta kristauen milizien arteko borrokek herrialdea odolustu dute, herritarren aurkako sarraski sektarioak egin baitituzte bi aldeek. Milaka hildako eta milioi erditik gora errefuxiatu eragin ditu gatazkak. Elkarbizitzarako zutabeak finkatu beharko ditu presidente berriak, herrialdea bidegurutzetik ateratzeko. Alegia, anabasa behingoz atzean uzteko, eta bertan erabat ez itotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.