FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek ohar baten bidez erantzun zioten atzo armadaren asteazkeneko erasoari. Bertan, «bakerako aukera bat» eskatu diote Juan Manuel Santos presidentearen gobernuari. Bide beretik, ordea, ohartarazi dute «beste estrategiek» gatazka luzatze- ko soilik balio dutela. «Irtenbi- de bakarra baketsua da, eta horretan oinarrizko faktorea gara».
Bestalde, Kolonbiako Defentsa ministro Rodrigo Riverak berretsi du bonbardaketan hildakoa FARCeko buru Victor Julio Suarez Mono Jojoy zela. «Hatz markek %100ean berretsi dute espero genuena», adierazi du ministroak. FARCeko kidearen gorpua Bogotako (Kolonbia) Legezko Medikuntza Institutuan dute, autopsia egiteko. Hara eraman dituzte operazio berean hildako beste sei gerrillariren gorpuak ere. Zenbait komunikabidek zabaldu dute hildakoen artean Henry Castellanos dagoela, FARCeko beste buruzagi bat. Riverak, baina, erantzun du momentuz ezin dutela horrelakorik baieztatu. Hilotzak Bogotara eramatearekin batera, 2.277 polizia gehiago hedatu dituzte hiriburuan, FARCen erasoen beldur.
GPSa botetan
Kolonbiako informazio zerbitzuek RCN irratiari egindako adierazpenen arabera, armadak GPS zuten bota batzuei esker lortu du Mono Jojoy aurkitzea. Irratiak azaldu duenez, gerrillaren komunikazio bat atzeman zuten: Mono Jojoyrentzako bota berezi batzuen eskaera. Gerrillako buruzagiak oinetako bereziak behar zituen, diabetesa zuela eta. Orduan, armadak lortu zuen bota horiei jarraitze sistema bat ezartzea. Mono Jojoyk oinetakoak jaso zituenean ez zuen GPSa atzeman. Gerrillaria hiltzeko lehen saioa astelehenean egin zuen armadak, baina huts egin zuen. Bigarrenean, berriz, hiltzea lortu zuten.
Kolonbiaren arabera, Mono Jojoyren heriotza FARCen aurkako garaipenik handiena da. Alabaina, Santos presidenteak borroka luzea iragarri du.
«Bakerako aukera bat» eskatu dio FARC gerrillak Bogotari
Armadaren erasoan hildakoa Mono Jojoy FARCeko buruzagia dela baieztatu du Kolonbiako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu