Bakerik gabeko gerra ondorena

Kongoko Errepublika Demokratikoko matxinada egoera konpontzeko bilkura hasi dute Ugandan

mikel rodriguez
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Ugandan goi-bilera hasi zuten atzo Afrika erdiguneko 11 herrialdek, bereziki gai nagusi baten inguruan mintzatzeko: Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko matxinada. Iragan apirilean milizia bat gobernuaren aurka borrokan hasi zen, eta Kongoko agintariek Ruandari egozten diote matxino horiei laguntzea. Ruandak, ordea, Kongori leporatzen dio hutuen gerrillak sostengatzea. Bi herrialdeek elkarren mugan egoera egonkortzeko «indar neutral bat» hedatzea eztabaidatu zuten uztailean, eta Kampalan akordioa itxiko dutela espero da. Kongoko gerra zibila duela bederatzi urte amaitu zen arren, herrialdeak erabateko bakea erdietsi gabe segitzen du.

Laku Handien Eskualdeko Nazioarteko Konferentzia atzo hasi zen, eta bihar amaituko da. Goi-bileraren baitan, Joseph Kabila Kongoko presidenteak eta Paul Kagame Ruandakoak bilera pribatuak eginen dituzte. NBE Nazio Batuen Erakundeko begiraleak ere bertan izanen dira.

Gatazkaren gune nagusia Ipar Kivu probintzian dago. Eskualde horrek Ugandarekin muga egiten du ipar-ekialdean, eta Ruandarekin hego-ekialdean. Iragan apirilean Martxoak 23 Mugimendua delakoa (M23) matxinatu zen, eta ordutik ehunka lagun hil dira borroketan. Desplazatuak, berriz, 280.000 inguru dira NBEren arabera. M23 taldea CNDP Herriaren Defentsarako Batzar Nazionala izeneko miliziatik eratorritako taldea da —gerraostean sortu zen CNDP—, eta Bosco Ntaganda da buruzagia.

Ntaganda, matxino tutsia

Ntaganda tutsi etniakoa da. 1994an Ruandan hutuek zuzendutako gobernua eraisteko borrokatu zuen, eta ondoren Kongora jo zuen borrokara. 2006an Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua eman zuen, Kongon gerra krimenak egin eta haurrak soldadu izatera behartu zituelakoan.

Ntagandak zuzendutako M23 taldearen gibelean Ruandako Gobernua dagoela salatu du Kongok, baina hark ez ezik, NBEk ere gauza bera dio, ekainean txosten bat argitaratu baitzuen Kigaliko gobernuari M23 laguntzea egotziz. Akusazio hori are gehiago indartu du, gainera, AEBek joan den hilean Ruandarentzat bideratutako laguntza militarra eten izanak. Izan ere, 1994ean Washingtonek tutsien indarrak lagundu zituen hutuek kontrolatutako gobernuaren aurkako borrokan, eta, orduz geroztik, nagusiki tutsien esku egon den agintearen babesle handiena izan da.

Kagame Ruandako presidenteak, ordea, M23a laguntzearen akusazioak «faltsuak» direla erran du. «Washingtonen eta edonon ditugun lagunei erran behar diegu hartutako erabakia [laguntza militarra kentzearena] informazio txarretan oinarrituta dagoela». Kagameren ustez, baina, AEBek kendutako laguntza, 160.000 euro, «ez da deus». AEBen bidetik, ordea, Erresuma Batuak, Herbehereek eta Alemaniak giza-laguntzarako ordainketak gibelatu edo eten dizkiote Ruandari. Aliatu boteretsuenek kargu hartu diotela ikusita, Kagamek ez du nahi Kongorekiko muga zainduko duen indar hori NBEko tropek osatzea, Kinshasak proposatu bezala. Beraz, «indar neutrala» zein den hitzartu beharko dute.

Ruandaren esku hartzeak

Genozidioaz geroztik —hutuen miliziek 800.000 tutsi inguru hil zituzten 1994ean— Ruandako Gobernuak Mendebaldeko aliatuekin duen lehen krisia da Kongoren ekialdeko matxinadaren harira sortutakoa. Iraganean ere, bete-betean sartu zen Kongoko bi gerra zibiletan —1996an, eta 1997-2003an—, baina orduan ez zuen aliatuen gaitzespenik jaso. Kongoren biztanleriaren herena eduki eta azaleran 88 aldiz txikiagoa izan arren, herrialdearen ekialdeko lurrak inbaditzeko gai izan zen Ruanda, hutuen gerrillek bertatik erasotzen ziotela argudiatuta. Ugandak ere Ruandarekin batera inbaditu zituen Kongoko lurrak. Bi herrialdeak AEBen aliatu estuak ziren —eta dira—. Hutuen taldeek sortutako ezegonkortasuna gora-behera, Kongoko baliabide natural aberatsak arpilatzeko baliatu zuten gerra: koltana, diamanteak, urrea, egurra...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.