Jaume Matas Balear uharteetako (Herrialde Katalanak) presidente ohi, PPko kide eta Espainiako Gobernuko Ingurumen ministro izandakoa, oraingoz, ez da kartzelara joango, ordaindu duelako hiru milioi euroko bermea.
Jose Castro Palmako Auzitegiko instrukzio epaileak lehengo astean badaezpadako behin-behineko espetxe zigorra jarri zion, presidente zen garaian ustelkeriako hamabi delitu egin izana egotzita. Haren "ondasuna hainbeste haztea ezinezkoa" dela adierazi zuen epaileak eta kartzela saihesteko bermea ipini zion, apirilaren 7a baino lehen ordaintzeko baldintzarekin.
Halaber, Espainiako Estatutik irteteko debekua ezarri eta pasaportea erretiratu dio epaileak, "ihes egiteko arriskua baitago". Matas Ameriketako Estatu Batuetan dabil lanean baina Baler uharteetan dago orain. 2007an galdu zuen Balear uharteetako presidente kargua.
Diru zuriketa, hautes delitua, diru publikoa gaizki erabili izana, agiri ofizialak faltsutzea, prebarikazio administratiboa eta administrazioari iruzur egitea leporatu dio epaileak. Delitu horiek epaiketan egiaztatuz gero, 64 urteko espetxe zigorra jasoko luke Matasek.
Espainiako ministro, gobernuburu Jose Maria Aznar zela izan zen. Aste honetan PPko afiliatu izateari utzi dio, alderdia ustelkeriarekin ez nahasteko asmoz.
Balear uharteetako presidente ohi eta PPko kideak ordaindu du hiru milioi euroko bermea
Jaume Matasi ustelkeriako hamabi delitu egotzi dizkio epaileak, eta behin-behineko espetxe zigorra jarri zion lehengo astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu