Nazioarteko sistema trantsizioan dagoela azaldu du Arantxa Tirado Sanchez politologoak (Bartzelona, 1978) XXI. mendeko geopolitika: subiranotasuna, gatazkak eta nazioarteko dinamikak izeneko EHUren udako ikastaroan. Ziurtatu duenez, egungo testuinguru geopolitikoan klase menderatzaileek material kritikoen beharra dute, eta horrek gerra dakar «ezinbestean».
Esan duzu egungo potentzia hegemonikoa, hau da, AEBak gain behera doazela. Non nabaritu daiteke hori?
Munduko ekonomian gero eta pisu txikiagoa dute AEBek. Azken urteetan, batez ere Asiako Ozeano Bareko herrialdeek egin dute gora, eta AEBetako enpresek ere deslokalizaziora jo dute. Gainera, Asiako herrialde horiek demografia alde dute; gazteagoak dira, eta, batzuetan, eskulana oso trebatua dute. Gai dira maquila logikatik harago ekoizteko [eskulan merkeko herrialdeetan beste herrialde batzuetarako produktuak ekoiztean oinarritzen da sistema hori]. Forbes aldizkariak egiten dituenen moduko zerrendetan [munduko enpresa handienen sailkapena egiten du], esaterako, gero eta gehiago dira Txinako enpresak. Ameriketako Estatu Batuek ez dute lehen zuten hegemonia.
Hori ekonomiaren arloan. Eta hegemonia moralari dagokionez?
American Way of Life delakoa [bizimodu amerikarra] erakargarritasuna galtzen ari dela, batez ere [AEBetako presidente] Donald Trump agintean den honetan. Jende asko orain ari da ikusten AEBen benetako aurpegi inperialista, baina betidanik izan dira ustiatzaileak, beste nazio batzuen baliabideez baliatu izan baitira. Trumpek Groenlandia hartzeaz hitz egiten duenean, nabarmen geratzen da, baina AEBen jarrera hori izan da; ez da administrazio jakin baten kontua. Aldaketa bakarra zera da, Trumpek ez duela ezkutatzen jokabide hori.
Hori guztia kanpora begira, baina han bertan ere nabari da?
AEBetan, jende asko langilea da, eta txiroa; hemen ere bai, baina desberdintasun argi bat dago: ez dute ongizate estaturik. Ez dago osasungintza sistema publikorik, eta horretarako egindako saiakera mugatuak boikotatu egin dituzte: Obamacare erreforma etorri zait burura [Barack Obama AEBetako presidente ohiak (2009-2017) bultzatutako osasun sistema]. Hori gutxi ez, eta etxebizitza krisia pairatzen ari dira, segregazio politikek utzitako ondorioak dituzte, migranteak jazarriak dira, kanporatu ere egiten dituzte...
«Mundu multipolar baterantz goaz. Kontua da ea polaritate horiek kontrahegemonikoak diren ala ez»
AEBek hegemonia galtzen badute, nolakoa izango da mundua aurrerantzean?
Nazioarteko harremanetako adituen arabera, mundu multipolar baterantz goaz. Kontua da ea polaritate horiek kontrahegemonikoak diren ala ez. Hau da, ea proiektu alternatibo bat planteatzen ote duten, Ameriketako Estatu Batuek eta Mendebaldeak osatzen duten bloke hegemonikoarekin alderatuta.
Baliteke elkarren kontra talka egiten duten bloke ugariko mundu bat izatea aurrean, baina bloke guztiek izan ditzakete interes kapitalistak, eta norbere influentzia guneak, merkatuak eta baliabideak lortzen saiatu daitezke nork bere ekonomia garatzeko. Baina, finean, ekoizpen metodoetan oso antzekoak izan daitezke. Noski, aldeak daude Txinako modeloaren eta Indiak, Indonesiak eta Ameriketako Estatu Batuek planteatzen dituztenen artean, baina guztiak daude merkatu globalaren barnean.
Beraz, Txinaren eredua ez da kontrahegemonikoa?
Ikuspegi politiko batetik bai, baina ikuspegi geoekonomiko batetik... Eztabaida handia dago.
«Kapitalismoa oso erresilientea da, batez ere gaur egun ez duelako kontrapisua egingo dion eredurik»
Bloke hegemonikoa gain behera doa, baina sistema ekonomiko hegemonikoa kolokan al dago?
Kapitalismoa oso erresilientea da, batez ere ez duelako kontrapisua egingo dion eredurik. Baina, testuinguru historikoari erreparatuta, esan daiteke edozer gertatu daitekeela, nahiz eta gaur-gaurkoz zaila dirudien.
Eredu ekonomikoa berezkoak dituen krisi ugarietako batean murgilduta dago. Horren harira, eztabaida dago: zenbait ekonomistaren aburuz, krisi horiek kapitalismoak kolapsatu egingo duen erakusgarri dira. Beste batzuen arabera, kapitalismoari doikuntzak egin behar zaizkio aberastasuna sortzen segi dezan baina ingurumenean ahalik eta kalte txikiena eraginda.
Mundua trantsizioan dagoelako sortzen ari dira gatazkak?
Eredu kapitalista honen eta haren krisien berezko ezaugarria da gatazka. Gerra izan da kapitalismoaren krisi ziklikoei aurre egiteko modu tradizionala: fabrikak eta eraikinak suntsitzen dira, eta horiek berriz eraikitzea negozio bihurtzen da enpresa jakin batzuentzat. Horrez gain, testuinguru geopolitiko honetan, klase menderatzaileek material kritikoen beharra dute eredu kapitalista garatzeko eta trantsizio energetikorako. Material horiek estatu jakin batzuetan daude, eta, merkataritzaren bidez lortzeko akordiorik egiten ez bada, gatazka piztuko da ezinbestean.
Baliabideak nola ustiatu erabakitzeko zentralizaziorik ez dagoen bitartean, hau da, estatuen baliabide estrategikoak pribatizatzeko modua dagoen bitartean, zaila izango da gerrarik ez izatea.
«Krisi garaietan, klase menderatzaileek nahiago izaten dute eskubideak gutxitu, ugaritu baino»
Hegoalde Globalak bloke kontrahegemoniko bat osatu dezake?
Hegoalde Globaleko herrialdeek askotariko errealitateak dituzte, baina nazioartean presentzia izan nahi badute, antolatu egin behar dute, Mendebaldeari aurre egiteko gain behera doan honetan. Noski, antolaketa horrek ere izango ditu kontraesanak, herrialde bakoitzak bere interesak baititu. Gainera, badaude gainjartzen diren aliantza kontraesankorrak: esaterako, Saudi Arabia BRICS bloke kontrahegemonikoaren parte da, baina, aldi berean, akordioak egiten ditu Israelekin, Ameriketako Estatu Batuen hegazkinontzi izan daiteke Ekialde Hurbilean, eta barne politika guztiz autoritarioa du.
Autoritarismoa indarra hartzen ari da Mendebaldean ere. Zein da goraldi horren arrazoia?
Hainbat arrazoi daude, baina, nire ustez, beldurrari emandako erantzun moduan ulertu behar da. Sektore menderatzaileek arriskuan ikusten dute beren nagusitasuna, eta jarrera autoritarioagoak hartzen dituzte.
Diskurtso horien arabera, arazoa ez da gizartean baliabideak gaizki banatuta daudela eta hezkuntzan edo osasungintza publikoan ez dela behar besteko inbertsiorik egiten. Horien arabera, arazoa etorkinak dira. Krisi garaietan, klase menderatzaileek nahiago izaten dute eskubideak gutxitu, ugaritu baino.