Sei langile desagertu dira Baltimoreko zubiko istripuan

Kargaontziak arazoak zituela jakinarazi zion portuko agintaritzari zubiko zutabearekin talka egin baino bi minutu lehenago.

Zubiaren arrastoak, 'Deli' itsasontziaren gainera erorita, gaur goizaldean. JIM LO SCALZO / EFE
Zubiaren arrastoak, 'Deli' itsasontziaren gainera erorita, gaur goizaldean. JIM LO SCALZO / EFE
mikel p ansa
2024ko martxoaren 26a
15:40
Entzun

Baltimoreko (AEB) Francis Scott Key zubia amildu zuen kargaontziak arazoak zituela jakinarazi zion portuko agintaritzari zutabearekin talka egin baino bi minutu lehenago —AEBetako 01:30ak, Euskal Herriko 06:30ak—. Motorean indarrik gabe gelditu zela esan zion, eta noraezean zihoala, korrontearen menpe. Ohartarazpenak trafikoa mozteko denbora eman zien larrialdi zerbitzuei; hala ere, zortzi ibilgailu erori ziren Patapsco ibaiko uretara. Bilaketa lanak berehala hasi ziren eta momentuz sei dira desagertuak, seiak zubiaren mantentze lanetan ari ziren igeltseroak.

Istripua gertatu eta berehala bi pertsona erreskatatu zituzten uretik: batek ez zuen zauri larririk, baina bestea ospitale batera eraman dute, larri. Desagertu zerrenda ofizialeko seiak zubian ari ziren langileak dira, baina argitzeke dago eroritako autoetan ere norbait zegoen. AEBetako hedabide batzuen arabera, sei langileak etorkinak ziren, Hego Amerikako herrialde ezberdinetakoak. 

Dali izeneko 300 metroko zamaontziak jo zuen, goizaldean, Francis Scott Key zubiaren zutabeetako bat. Baltimoreko bertako portutik atera zen ontzi hori, ordu erdi lehenago. Itsasontziak arazo teknikoak zituela jakinarazi zuen istripua gertatu baino zertxobait lehenago. Singapurreko bandera du ontziak, eta Sri Lankara abiatua zen, 27 egun iraun behar zuen bidaia batean. Jabeak jakinarazi du eskifaiako 22 kideak onik daudela; Indiako nazionalitatea dute guztiek. 2021ean ere arazo teknikoak izan zituen ontziak. Txilen eginiko ikuskaketa batean aurkitu zizkioten, baina handik irten aurretik konpondu zituzten.

Wes Morre Marylandeko gobernadoreak larrialdi egoera ezarri zuen istripuaren ondoren, eta Washingtoni laguntza eskatu zion. Agintariek adierazi dute zubiak garrantzi handia duela Baltimoreko zirkulazio sisteman; bi kilometro eta erdi luze da, Patapsco ibaiaren gainean ezarria dago, eta urtean 11 milioi ibilgailuk igarotzen dute batetik bestera. 1977an inauguratu zuten. Portua ere AEBetako garrantzitsuenetako bat da —urtean 2.800 milioi euroko negozio bolumena du—.

Baltimoreko 'Francis Scott Key' zubia
Baltimoreko Francis Scott Key zubia, amildu aurreko irudi batean. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.