Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Zimbabweko gatazka betikotzen ari dela salatu du, eta batasunezko gobernua osatu ahal izateko «pauso erabakigarriak» ematea galdegin die Robert Mugabe presidenteari eta Morgan Tsvangirai MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko buruari. Atzo, Migrazioari eta Garapenari buruzko Mundu Bilkuran egin zituen adierazpenok, Manilan (Filipinak).
Halaber, Afrikako Erdiguneko Garapenerako Komunitatea osatzen duten hamabost estatuei eskatu zien auziari irtenbidea emateko erantzukizuna har dezatela. Erakundeak bitartekaritza lanak egin ditu, baina elkarrizketak blokeo egoeran daude une honetan.