Bir Gandusko Emakumeen Etxeko idazkari nagusia

Ragia Mohamed Elwali: «Bandera bakarra nahi dugu: Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarena»

Elwaliren arabera, Bir Gandusko Emakumeen Etxea funtsezkoa da errefuxiatu kanpalekuetan emakumeek lan aukerak izateko, elkartasuna sendotzeko eta saharar herriaren askatasunaren borroka bizirik mantentzeko.

Ragia Mohamed Elwali. Bir Gandusko Emakumeen Etxeko burua. IRATI ALVAREZ MALAXETXEBERRIA
Ragia Mohamed Elwali. Bir Gandusko Emakumeen Etxeko burua. IRATI ALVAREZ MALAXETXEBERRIA
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Bir Gandus
2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bir Gandusko barrutian, Auserd eskualdeko errefuxiatu kanpamentuetan, Emakumeen Etxea bihotz ekonomiko eta sozial txiki bat da. Hiru urte besterik ez badu ere, Auserden dagoen zentrorik aktiboena da. Gaur egun, kuskus tailerra, gozogintza tailerra eta josketa tailerra dituzte martxan, eta, duen arrakasta kontuan izanik, posible dutenean eraikina zabaldu egingo dutela aurreikusi dute. Ragia Mohamed Elwali (Hauza, Mendebaldeko Sahara, 1972) da zentroko idazkari nagusia; 1997tik, gainera, Saharako Emakumeen Batasuneko kidea da. Emakumeen Etxearen eguneroko lanaz, elkartasun sareaz eta, batez ere, saharar herriaren independentziaren aldeko borrokaz mintzatu da.

Nola aurkeztuko zenuke Bir Gandusko Emakumeen Etxea?

Bir Gandusko Emakumeen Etxeak idazkari nagusi bat dauka —ni neu, Ragia— eta lau arduradun, auzo bakoitzeko bat. Etxea irekita dago lan egin nahi duten emakume guztientzat, adina kontuan hartu gabe.

Bir Gandusko barrutia Auserd eskualdean dago, Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan [Aljerian]. Gaur egun, barruti gehienek dute emakumeen etxe bat. Desertuko baldintza gogor haietan, emakumeak ahalduntzeko guneak dira, eta tailerrak eta ikastaroak egiten ditugu bertan.

Gure helburu nagusia ez da aldatu: saharar herriaren askatasuna eta autodeterminazioa nahi ditugu. Bestalde, eguneroko beharrei erantzuten die Emakumeen Etxeak. Zentroak aukera ematen die barrutiko emakumeei diru pixka bat irabazteko. Diru sarrera oso txikia da, baina ezer ez izatea baino hobea.

Zer tailer edo jarduera dituzue martxan Bir Gandusen?

Etxea goizeko bederatzietan irekitzen dugu, egunero. Kuskus, gozogintza eta josketa tailerrak egiten dira batez ere. Kuskus tailerrak funtzionatzen du ondoena, eta hark eskatzen du denbora eta lanketa handiena. Saharako sukaldaritza tradizionalaren zutabea da kuskusa. Guk kuskusa egiten eta saltzen dugu. Lanera doazen emakumeek erosten dute gehienbat, baina ospakizunetarako ere erosten dute askok.

Nola antolatzen da lan jarduna zentroan?

Aste bakoitzean sei emakume aritzen dira, auzoka txandakatuta. Talde batek amaitzen duenean, etxea garbi uzten dute hurrengo taldearentzat. Guztiak Bir Ganduskoak dira, eta sistema horrek aukera ematen die guztiei parte hartzeko.

«Nabarmentzekoa da emakume sahararrak iraultzaren hasieratik aritu direla ekimenean. Kazetari, abokatu, mediku, funtzionario izan gara, baita ministro eta parlamentari ere»

Zer garrantzi du zentroak emakumeen egunerokoan?

Barrutietan ez dago lan aukera askorik emakumeentzat; gehienak etxekoandreak dira. Gazteei dagokienez, askok unibertsitate ikasketak dituzte, baina praktikan ez dute lan egiteko aukerarik. Emakumeen Etxeak guztiei aukera ematen die diru pixka bat irabazteko eta beste emakume batzuekin elkartasun sare bat sortzeko. Asko oso pozik datoz, haima utzi eta beste emakume batzuekin harremanetan jartzeko aukera dutelako. Finean, lan eginez etxerako diru sarrera txiki-txiki bat eskuratu, eta aldi berean elkartasun sare bat sortzen dute.

Emakumeen Etxeak kontzientzia pizteko edo mantentzeko helburua ere badute, ezta?

Bai, hori da. Nabarmentzekoa da emakume sahararrak iraultzaren hasieratik aritu direla ekimenean. Kazetari, abokatu, mediku, funtzionario izan gara, baita ministro eta parlamentari ere. Eta gaur egun ere bagara, noski. Beti egon gara lehen lerroan, gure anaiekin batera, gure herriaren alde borrokan.

Zer oihartzun izan du zentroak, eta zer laguntza jaso duzue?

Bir Gandusko Emakumeen Etxea Auserd eskualdeko zentrorik aktiboena bihurtu da, eraikin handia eta berria delako. Hau guztia Ondarroako Yaalah elkarteari esker lortu dugu; haien laguntzarik gabe, Emakumeen Etxea ez litzateke posible izango.

Etorkizunari begira, zein dira zuen ametsak?

Gustatuko litzaiguke emakumeek hilean gutxieneko soldata bat izatea, familiei laguntzeko. Tailerrak handitu eta etxea zabaltzea ere aurreikusi dugu, behar denean.

Zer mezu bidali nahi diezue Euskal Herriari eta nazioarteari?

Zabaldu nahi dugun mezua honako hau da: ez gara janaren edo negozioen bila ihes egin dugun errefuxiatuak. Gure herriaren alde borrokan ari garen emakume batzuk gara. Guretzat independentzia da garrantzitsuena. Gure lurra, gure zerua, gure itsasoa eta gure ekonomia berreskuratu nahi ditugu. Modu berean, nabarmendu nahi dugu gure egoeraren erantzule nagusia Espainia dela, eta, ondoren, Maroko eta haren okupazioa. 50 urte daramatzagu basamortuan, gure herrialdeko eguzkirik gabe. Ez dugu autonomiarik nahi. Ez dugu gurea ez den baten menpe egon nahi. Bandera bakarra nahi dugu: Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.