Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea gaur iritsi da Moskura eta bertan Dimitri Medvedev Errusiako presidentearekin bildu da. Bi herrialdeen armamentu nuklearra gutxitzeko akordioa sinatu dute eta horrek "segurtasuna bermatzen lagunduko" duela adierazi dute. Hitzarmena urtea amaitu aurretik abian jartzea espero dute. Gainera, Obamak aurreratu du segurtasun nuklearraren inguruko goi bilera bat egingo dela 2010ean AEBetan. Orain arte 1991n sinatu eta abenduan amaitzen den START izeneko akordio nuklearra zuten oinarri bi herrialdeek.
Horrez gain, Afganistanen hauteskunde "gardenak" egitearen alde agertu dira Obama eta Medvedev. Osasun publikoaren inguruan ere eztabaidatu dute bi agintariek.
"AEBek eta Errusiak bateratasun gehiago dituzte ezberdintasunak baino. Datozen egunotan lan asko egiten badugu bi herrialdeen arteko erlazioetan aurrerapen ugari egingo ditugu", adierazi du Errusiako agintariak. Medvedeventzat "garai konplexuak atzean utzi eta bide berriak irekitzeko" balio izango dute Obamarekin egingo dituen bilerak.
Bi herrialdeek dituzten arazoei irtenbidea ematen saiatuko direla gaineratu dute Obamak eta Medvedevek; ekonomia arazoak eta mundu mailako segurtasunaren ingurukoak, besteak beste. Bileren ostean, hitzarmen garrantzitsuak lortuko dituztela nabarmendu du Kremlineko buruzagiak.
Bihar Vladimir Putin Errusiako lehen ministroarekin bilduko da Obama. Etzi, berriz, Errusiako bilera erronda amaitutzat emango du eta Italiara joatekoa da G-8ko bileran parte hartzeko.
mundua
Barack Obamak eta Dmitri Medvedevek armamentu nuklearra gutxitzeko akordioa sinatu dute
Urtea amaitu aurretik martxan jartzea espero dute hitzarmen hori. Afganistanen eta osasun publikoaren inguruan ere eztabaidatu dute AEBetako eta Errusiako agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu