Barne ika-mikek kolokan jarri dute Israelgo Gobernua

Oposizioa parlamentua desegiteko eskaera bat aurkeztekoa da. Netanyahu babesten duten ultraortodoxoak haserre daude derrigorrezko zerbitzu militarra saihesteko legearen tramitazioarekin. Eskaerak aurrera eginez gero, bozak aurreratu beharko dituzte.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu irudiaren erdian, Israelgo Parlamentuan, Tel Aviven, iazko urrian. DEBBIE HILL / EFE
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu irudiaren erdian, Israelgo Parlamentuan, Tel Aviven, iazko urrian. DEBBIE HILL / EFE
maddi iztueta olano
2025eko ekainaren 4a
15:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkeneko ia bi urteetan, Israelgo Gobernuak Gazaren aurkako ofentsiban jarri du arreta osoa, «Hamas suntsitzeko» helburua bete nahian. Halere, gatazka horrek ez du balio izan Tel Avivek barne politikan dituen ika-mikak baretzeko; kontrara, are gehiago zaildu du agintean dagoen koalizioaren gobernabidea. Sare sozialen bidez, Yesh Atid eta Beitenu oposizioko alderdiek jakinarazi dute parlamentua desegiteko eskaera bat aurkeztekoak direla datorren astelehenean, argudiatuta «urriaren 7ko gobernuak agintea utzi behar» duela. Oposizioak bakarrik ez du nahikoa babes eskaera hori aurrera eramateko; Israelgo zenbait hedabidek alderdietako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, baina, baliteke gobernua babesten duten alderdi ultraortodoxoek oposizioarekin bat egitea.

Informazio horren arabera, fakzio ultraortodoxo batzuetako liderrek parlamentua desegitearen alde egin dezatela eskatu diete beren alderdietako kideei. Eskaera hori bart gauean iritsi da, lider ultraortodoxoak Yuli Edelstein parlamentariarekin bildu ondoren; Edelstein lege proiektu bat ontzen ari da, judu ultraortodoxoek, oro har, derrigorrezko zerbitzu militarra egin behar ez izateko. Bilera horretan izan zen iturri ofizial bat aipatuz Maariv egunkariak jakinarazi duenez, «gau zaila» izan zen, eta, negoziazioek huts eginda, adostasunik gabe bukatu zen bilkura.

1948an Israelgo Estatua sortu zenetik, derrigorrezko zerbitzu militarra egitetik salbuetsita egon dira herrialdean bizi diren eta eskola erlijioso batean ikasketak egiten dituzten judu ultraortodoxoak. Iazko ekainean, ordea, bertan behera geratu zen salbuespen hori baimentzen zuen behin-behineko neurria —ez da inoiz lege gisa indarrean egon—, eta Auzitegi Gorenak Israelgo armadari agindu zion herritar judu ultraortodoxoak ere deitzeko, zerbitzu militarra egin dezaten.

Auzitegiaren erabakiak haserrea eragin zuen judu ultraortodoxoen komunitatean, koalizio gobernuan barne zatiketak eragiteraino. Ordutik, Israelgo Gobernua lege erreforma bat ontzen ari da, ultraortodoxoei eragiten dieten salbuespen horietako gehienak mantentzeko. Nolanahi ere, oraingoz ez aurrera eta ez atzera dago asmo hori; hein batean, Edelstein, plana ontzearen ardura duen parlamentaria, ez dagoelako ultraortodoxoak zerbitzu militarretik salbuetsita egotearen alde.

Beharrezko sostengua

Agintean jarraitzeko, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu buru duen Likud alderdiarentzat ezinbestekoa da Shas eta Toraren Judaismo Batua koalizio ultraortodoxoen sostengua izatea. Parlamentuak 120 eserleku ditu, eta horietatik 32 baino ez ditu Likud alderdiak; alderdi eskuindarren, ultranazionalisten eta ultraortodoxoen babesari esker, aldiz, 67 parlamentari ditu gobernu koalizioak. Israelgo hainbat hedabideren arabera, ez dago argi Shas alderdi ultraortodoxoak oposizioak aurkeztu asmo duen eskaera babestuko ote duen. Saiakerak aurrera egiten badu, parlamenturako bozak aurreratu beharko dituzte; berez, hurrengo urtean dira egitekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.