Ameriketako VII. Goi Bilera

Batzar "eraikitzaile" eta historikoa egin dute Kubak eta AEBek, goi bileraren atarian

Gaur hasiko da Ameriketako VII. Goi Bilera, Panaman. Kubarekiko harreman diplomatikoak hobetzen ari direla nabarmentzen ahaleginduko da Obama, eta Venezuelarekiko gatazka estaltzen.

Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroa eta John Kerry AEBetako Estatu idazkaria. GLEN JOHNSON / AEBETAKO GOBERNUA
Samara Velte.
2015eko apirilaren 10a
11:26
Entzun

Hiru urtez behineko familia bilkura dute Ipar eta Hego Amerikako estatuek gaurtik aurrera. Neurri batean borondatez eta beste batean behartuta, baina partekatzen duten etxeari eusteko beharraz jakitun direla bilduko dira 35 herrialdetako ordezkari gorenak, nor bere lobby taldeez lagunduta. Kontinenteari eragiten dioten arazo nagusiak eztabaidatu eta estrategia komunak diseinatzea da bi eguneko bilkuraren helburua.

Historiarako lehen irudiak utzi ditu goi bileraren atarikoak. John Kerry Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak eta Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak batzarra egin dute, bi herrialdeetako goi ordezkariek hamarkadetan izandako lehena. Bilera "luzea" eta "oso eraikitzailea" izan dela adierazi dute AEBetako Gobernuko iturriek.

Biak bat etorri dira; "aurrerapenak" egin dituzte, eta lanean jarraituko dute zenbait gairen inguruan adostasunera heltzeko.

Panama egoitza

Estututa egotera ohitutako herrialde bat aukeratu dute juntadizo zalapartatsua egiteko: Panama. Atzo gertatu ziren lehenbiziko istiluak hiriburuan —Ameriketako VII. Goi Bilera artean hasi gabe zela—, Ameriketako harreman diplomatiko gaiztotuen adierazgarri.

Oparotasuna, parekidetasunarekin: Ameriketako kooperazioaren erronka da aurtengo goi bileraren izenburua. Herrialdeen arteko merkataritza harremanez ariko dira batik bat: hegoaldekoen garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna izango dituzte hizpide, baina baita migrazioak eta bestelako gizarte gaiak ere. Eta, horren guztiaren gainetik, bakoitzaren posizioa azken urteotan zenbat mugitu den neurtzeko balioko du bilerak. Ameriketako botere harremanak ez baitira uste bezain zurrunak.

Estatuburuen arteko goi bilerak errazagoak izaten ziren garai batean AEBentzat, hegoaldeko senide herabeek traba handirik ipintzen ez zutenean. Orain, hazi egin dira haietako asko, bloke burujabe bat osatu dute, eta ahalmen handiko eragile ekonomiko bihurtu dira. Ongi finkatutako harremanak dituzte munduko merkatu nagusiekin, eta Washingtoni ez zaio komeni haiek desegonkortzea. Horregatik, gatazka itxura ematea saihestu nahi du Etxe Zuriak aurtengo goi bileran. "Amerikako kontinentearekin daukagun harremana azken hamarkadetako onena da", esan berri du Barack Obama AEBetako presidenteak.

Nondik begiratzen zaion, arrazoia du Obamak. Washingtoni ixten ari zaizkio urte luzez zabalik edukitako bi fronte: Kubarekiko ezinikusi diplomatikoa eta Kolonbiako gatazka armatua. Bietan parte hartze zuzena izan du AEBetako Gobernuak. Kuba duela 50 urte egotzi zuten AEE Ameriketako Estatuen Erakundetik; hor, Washingtonek du hitza, eta hark antolatzen du Ameriketako Goi Bilera. Azkenengoan, duela hiru urte, ALBA Amerikako Aliantza Bolivartarreko kideek estu hartu zuten AEBetako Gobernua, eta Venezuela, Bolivia eta Nikaragua ezin argiago mintzatu zitzaizkion: hurrengorako ez bazuen Kuba ere gonbidatzen, boikota egingo zioten bilkurari.

Aurten trabarik ez jartzea erabaki du Obamak, eta Panama Hiriko hedabideak ikusminari eutsi ezinik daude dagoeneko, Raul Castro Kubako presidentearekin batera noiz bistaratuko. Lehenbiziko agerraldia izango da bi gobernuen arteko harreman diplomatikoak normaltzeko prozesua abiatu zutenetik. Obamaren hitzetan, emaitzak agerian daude dagoeneko: "Kubatarren gogoberotasuna bide onetik goazen seinale da". Batek baino gehiagok espero zuen adierazpen esanguratsuago bat AEBetako presidentearen ahotik: Kuba "terrorismoa bultzatzen duten herrialdeen" zerrendatik kentzeko promesa. Obamak jakinarazi du jasoa duela horretarako gomendioa John Kerry Estatu idazkariarengandik, baina oraindik ez duela erabakirik hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.