Batzorde Iraunkorreko kide izateko hautagaiak

2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
XI JINPING (Pekin, 1953)

Ezusteko handirik ezean, Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatuko dute, eta martxoan, berriz, Txinako presidente. Xi Zhongxun alderdiaren sortzaileetako baten semea da.

LI KEQIANG (Dingyuan, 1955)

Xirekin batera, hautagai bakarra da egun Batzorde Iraunkorreko kide dena. Wen Jiabao lehen ministroaren lekua hartzeko aukera du. Hu Jintaoren ildokoa da, politika sozialagoen aldekoa.

WANG QISHAN (Qingdao, 1948)

Lehen ministrordea da gaur egun. Sektore kontserbadorekoa da, ekonomiaren liberalizazioan sakontzearen aldekoa. AEBetako administrazioko kideekin harreman onak ditu.

ZHANG DEJIANG (Tai'an, 1946)

Jiang Zemin idazkari nagusi ohiaren (1992-2002) ildokoa da, kontserbadorea. Alderdiaren zuzendaritzan Bo Xilai ezkertiarraren tokia hartu zuen Chongqinen, hura kargutik kendu zutenean.

ZHANG GAOLI (Jinjiang, 1946)

Jiang Zemin idazkari nagusi ohiaren ildokoa. Tianjin hirian alderdiak duen buruzagia da. Ibilbide politikoa hasi baino lehen, petrolioaren industrian ibilitakoa. Pribatizazio politiken aldekoa.

LIU YANDONG (Nantong, 1945)

Batzorde Iraunkorrean sartzeko hautagaien artean emakume bakarra da. Adituek diote ez duela aukera handirik, bertzeak bertze, adinagatik. Aita alderdiko kide historikotako bat zuen.

LIU YUNSHAN (Xinzhou, 1947)

Hu Jintaoren ildokoa, alderdiaren gazte erakundean harekin ibli zen. Alderdiaren propaganda departamentuko burua da. Hedabideetan eta Interneten kontrol zorrotza egitearen aldekoa da.

LI YUANCHAO (Lianshui, 1950)

Hu Jintaoren ildokoa da. Alderdiaren antolakuntza departamentua zuzentzen du, bertzeak bertze, estatuetako enpresetako karguak izendatzeaz arduratzen den organoa. Aita Shanghaiko alkatea izan zuen.

YU ZHENGSHENG (Shaoxing, 1945)

Alderdiko idazkari nagusia da Shanghain. Aita alderdiko kide historikoa izan zuen, eta Jiang Qingekin ezkonduta egon zen, Jiang Mao Zedongen emazte izan aitzinetik. Bi sektoreekin du harremana.

WANG YANG (Suzhou, 1955)

Nekazari baten semea, Hu Jintaoren ildokoa da. Aurrerakoien artean sona duen buruzagia da, baina Guangdong probintzian hedabideei ezarritako mugek irudi horri kalte egin diote. Alderdiko burua da han.

MENG JIANZHU (Suzhou, 1947)

Segurtasun Publikorako ministroa da, Poliziaren arduraduna. Bere ibilbide politikoan Shanghain egin zen ezagun, Jiang Zeminen agintaldian, eta hiri hori defendatzen du Txinako erreferente finantzariotzat.

HU CHUNHUA (Wufeng, 1963)

Hautagaien artean aipatu direnetan gazteena da, 49 urterekin. Hu Jintaoren hurbilekoa da. Baserritar familia batean du jatorria, eta ibilbide politikoa Tibeten hasi zuen. Etorkizuneko izartzat dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.