Baxar al-Assadi heriotza zigorra ezarri diote Sirian

Damaskoko Zigor Auzitegiak gizadiaren kontrako krimenak egitea egotzita zigortu du Siriako presidente ohia. Zigor bera ezarri diote bere gobernuan aritu ziren beste zortzi mandatariri ere.

Baxar al-Assaden aldeko manifestazio bat 2012ko otsailean, Damasko hirian. YOUSSEF BADAWI / EFE
Baxar al-Assaden aldeko manifestazio bat 2012ko otsailean, Damasko hirian. YOUSSEF BADAWI / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 11
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baxar al-Assad Siriako presidente ohiari heriotza zigorra ezarri diote Sirian, herrialdeko gerra zibilean hainbat delitu egitea egotzita. Damaskoko Zigor Auzitegiak Al-Assad erruduntzat jo du gaur, besteak beste, gizadiaren kontrako krimenak egiteagatik. Auzitegiak, halaber, heriotza zigorra ezarri die presidente ohiaren erregimenarekin zerikusia izan duten beste zortzi politikari eta goi agintariri; besteak beste, Al-Assaden anaia gazteari, Maher al-Assadi, baita Atef Najib lehengusuari ere, Siria hego-mendebaldeko Deraa probintziako segurtasun politikoko buruzagi izandakoari.

Al-Assad familia 53 urtez egon zen agintean Sirian, eta Baxar al-Assadek 24 urte zeramatzala amaitu zen haien «dinastia». Torturak, hilketak eta bestelako krimenak egin zituztela salatu izan dute urte luzez Siriako eta nazioarteko giza eskubideen erakundeek, eta orain, Damaskoko Zigor Auzitegiak berretsi egin du Baxar al-Assad delitu horien erantzule dela. Hala ere, Al-Assad familia Errusian erbesteratuta dago 2024an agintetik kendu zutenetik, eta, hortaz, epaiketa eta haren ondoriozko zigorra urrun dituzte bi anaiek.  

Najib, berriz, iazko urtarrilean atxilotu zuten, Sirian, eta auzitegian egon da gaur, preso uniformea jantzita. Heriotza zigorra ezarri diotela zuzenean entzun du hala, baita zigor horri lotutako delituen zerrenda ere; tartean, «15 urtetik beherako gazteak nahita hiltzea» eta «heriotza eragin duten torturak egitea». Najibek aginduta ezarri zuten 2011n Deraako manifestarien aurkako errepresio odoltsua, eta horrek bidea eman zion altxamenduari lehenengo, eta gerra zibilari gero.

Lehen aldia da Al-Assad presidente ohia zigortzen dutena. Ahmed al-Xaraa behin-behineko presidentearen gobernuari kritikak egin izan dizkiote, atzerapenak izan direla-eta gerraostean agindutako justizia trantsizionaleko prozesua martxan jartzeko orduan, eta, hortaz, apirilean ekin zion aurreko agintaldiko goi mandatari horiek epaitzeari. Giza Eskubideen Siriako Sarearen 2025eko txosten baten arabera, 181.000 pertsona baino gehiago izan ziren desagerpen behartuen edo atxilotze arbitrarioen jomuga gerra zibilean. Horietatik %90 Al-Assaden erregimenak egin zituen, eta, beraz, Al-Xaraaren gobernuak «trantsizioa errazteko» eta «herritarren mina lasaitzeko» asmoz epaitu ditu mandatari horiek.

Fakhr al-Din al-Arian epaileak eman du epaia, eta, adierazi duenez, lekukoen testigantzek frogatu dute Siriako buruzagi ohiak —eta bereziki Baxar al-Assad— aztergai izandako delituen erantzule direla. «Erabakiak hartzeko arduradun nagusitzat» jo du Al-Assad, eta nabarmendu estatuko erakundeak eta baliabideak erabili zituela bere egitekoa errazteko.

Tokiko hedabideek jakinarazi dutenez, epaia ospatzera atera diren herritarrez bete dira Siriako hirietako kaleak. Hala, bandera nazional berria —hiru izar dituena— astinduz atera dira siriar asko, eta Al-Xaraaren gobernua goraipatu dute. Bereziki Al-Assaden gobernuaren krimenak gehien jasan zituzten eremuetan luze egon dira epai horren zain, eta gainontzeko erantzuleak zigortzeko aurrekaria izan dadin espero dute. 

Damaskok GOlango gainak siriaren parte direla DEFENDATUZ erantzun die kolonbiari eta israeli

Siriak gaitzetsi egin ditu atzo Kolonbiak egindako adierazpenak, eta azpimarratu du nazioarteko zuzenbideak berresten duela Golango gainak Siriaren parte direla.

Abelardo de la Espriellak joan den astean Kolonbiako presidente kargua hartu eta gero, herrialdeko gobernuak atzo adierazi zuen Golango gainak «Israelen subiranotasunaren menpe» daudela —1967ko gerran okupatu egin zuen Israelek—. 

«Ekialde Hurbileko ezegonkortasun etengabea ikusita, eta Golango gainek Israelen segurtasunerako duten garrantzi estrategikoa kontuan hartuta, Israelek lurralde horren gainean duen subiranotasuna aitortzen du Kolonbiako Gobernuak, baita estatu horrek kanpoko mehatxuetatik babesteko duen eskubidea ere», adierazi zuen De la Espriellak ohar batean.

Israelek De la Espriellaren erabakia txalotu zuen atzo, eta herrialdeko Atzerri ministro Gideon Saarek «historikotzat» jo zuen. Saarek X sare sozialean adierazi zuenez, De la Espriellak kargua hartu zuenean elkarrekin egin zuten bilerari esker hartu du erabaki hori, eta De la Espriellak agintean hartutako lehen erabakietako bat izan dela nabarmendu zuen.

Horren harira, Siriako Atzerri Ministerioak gaur ohar batean adierazi du Kolonbiak egindako adierazpenak NBE Nazio Batuen Erakundearen Gutuna urratzen dutela «nabarmen».

Era berean, Siriak adierazi du nazioarteko babes gero eta handiagoa jasotzen ari dela, eta nabarmendu hori Golango gainak berreskuratzeko duen eskubidearen isla dela.

Azkenik, Siriak beste behin salatu ditu Israelek bere kontra egiten dituen erasoak, eta nazioarteari eskatu dio nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Erakundeak Golango gainei buruz 1981ean emandako ebazpena errespetatzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA