François Bayrou Frantziako lehen ministroak zor publikoa arintzeko ezarritako 40.000 milioi euro baino gehiagoren murrizketek ez dute harrera ona izan, eta Bayrouk aurrea hartu nahi izan die oposizioak iragarritako zentsura mozioei; berdin-berdin jokatuko du bere postua, ordea, konfiantza mozio batera aurkeztuko baita datorren irailaren 8an, ezohiko saio batean. «Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da». Ez dirudi, ordea, babes handirik jasoko duenik, jarraian heldu baitira oposizioko alderdien erreakzioak: ezker zein eskuin, kontra bozkatuko dute.
LFI Frantzia Intsumisoak eta Frantziako Alderdi Komunistak jada iragarri dute kontra bozkatuko dutela, «gobernua erorarazteko». Marine Le Pen RN Batasun Nazionalaren talde parlamentarioko buruak esan du haiek ere kontra bozkatuko dutela, Bayrouren «disoluzioak» bakarrik ahalbidetuko baitu herritarrek «beren patua aukeratzea»; Jordan Bardela RNko presidenteak, berriz, esan du alderdikideek ez dutela bozkatuko herritarrak «sufritzera» behartuko dituen ezein neurri. Ekologistek ere ez dute lehen ministroa babestuko, «proiektu arduragabea» baita harena: «Konfiantza mozioa, berez, dimisioa da».
Konfiantza mozioa gainditzeko, Bayrouk nahikoa du aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izatea. Alderdi Sozialistaren erantzuna beranduago heldu da: Olivier Faure idazkari nagusiaren arabera, «pentsaezina» da sozialistek lehen ministroaren alde egitea. Hortaz, ezusterik ezean, Bayrouk dimisioa eman beharko du, aipatutako bost alderdiek eserlekuen gehiengoa baino gehiago baitute —577tik 315; diputatu guztiek botoa emango balute ere, nahikoa izango litzateke 289k kontra egitea—.
Irailaren 10erako «geldialdia» ere deituta dago; hots, hainbat ekintza eta protesta egingo dituzte gobernuak iragarritako murrizketen aurka —deialdia babestu dute zenbait sindikatuk eta alderdik—, eta hura ekidin nahi du Bayrouk, aurrekontuen afera ez delako «kaleko desordenan» eztabaidatu behar, parlamentuan baizik. Joan den uztailean iragarri zituen aurrekontu publikoen murrizketak, eta murrizketa horietaz kontu eman du arratsalde honetan, prentsaurreko batean, eta argi utzi neurriak neurri ezertxo ere ez dagoela zehaztuta oraindik: «Eztabaidatu egin daitezke».
Esan zuen pentsioak izoztuko zituela, lanpostu publikoak murriztu, eta osasuneko eta gizarte politiketako gastua apaldu, defizit publikoa arintzea helburu. «Neurriak ez dira inoiz inposatzen. Proposatu egiten dira, eta horien inguruan eztabaidatu, bai gizarte eragileetako ordezkariekin eta bai parlamentukoekin». Jakinarazi du, halaber, urteko 11 jaiegun ofizialetatik bi kentzeko aukerari dagokionez «bestelako proposamenak» entzuteko prest dagoela; «baliteke beste egun batzuk egokiagoak izatea». Haren ustez, ordea, ezin zaio «izkin egin gehiegi zorpetzearen tranpatik ihes egiteko borondateari».
Hori dela eta, lehen ministroak bilera errondari ekingo dio: lehendabizi, sindikatuekin eta patronalekin, eta, ondoren, parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin. Frantzia Intsumisoaren Asanblea Nazionaleko talde parlamentarioko buruak, Mathilde Panotek, gaur esan du alderdiak ez duela parte hartuko urte politikoa abiatu aurreko bilera errondan.
Zorra «baliagarria» izan zitekeela esan du lehen ministroak, baina «hamarkada luzez» ohiko gastuetarako emendatuz joan dela; ondorioz, zor publikoarekiko mendekotasuna «kroniko bihurtu da», eta irtenbide bakarra ikusten dio horri: «Gutxiago gastatu, eta gehiago produzitu». Haren ustez, marko horren pean garatu beharko litzateke gastu publikoaren eztabaida, azken asteetan «nahaspila» eragin duelako aurrekontuen gaiak. Estatuaren gastua izoztu nahi du, gastu militarrean eta zorraren ordainketan izan ezik. Izan ere, Frantzia «paradoxa» batean dago, lehen ministroaren arabera: kontu batzuetan «abangoardian», eta beste batzuetan, «gibelean». Gehiegi zorpetzearen arriskuez ohartarazi du Bayrouk, eta esan ezertxo ere egin ezean Frantzia ez dela onik aterako.
Datozen lau urteetan 43.800 milioi euro murriztu nahi ditu urtero Frantziako aurrekontuak, herrialdearen defizit publikoa beheititzeko —barne produktu gordinaren %5,8an zen iaz, Europako Batasunaren arau fiskalek gomendatzen duten %3ko mugatik urrun—; horiek horrela, 2029rako eduki nahi du defizita Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren mugaren azpitik.
AEB-EK FRANTZIAN DUTEN ENBAXADOREAK «ANTISEMITA» IZATEA LEPORATU DIO MACRONI, ETA PARISEK GOGOR ERANTZUN DIO
Frantziako Atzerri Ministerioak azkar batean erantzun dio Charles Kushner AEBek Frantzian duten enbaxadoreari, zeinaren gutun bat argitaratu zuen atzo The Wall Street Journal egunkariak; horretan, juduen kontrako jarrera izatea egotzi zion Kushnerrek Emmanuel Macron Frantziako presidenteari: «Israelen kontrako adierazpen publikoek eta Palestinako Estatuaren aitortzaren aldeko keinuek estremistak hauspotzen dituzte, biolentzia sendotzen dute, eta Frantziako juduen bizitza arriskuan jartzen dute. Gaur egun, antisionismoa antisemitismoa da, besterik gabe».
Aintzat hartzekoa da Frantziako Gobernua —Australiakoa, Maltakoa eta San Marinokoa ere bai— Palestinako Estatua aitortzekoak direla aurki. Atzerri Ministerioak ukatu egin ditu enbaxadorearen adierazpen horiek, gaur kaleratutako ohar batean, eta «onartezintzat» jo: «Nazioarteko legearen aurkakoak» dira, eta Kushnerrek ez du zertan herrialdeen kontuetan «sartu». Biltzeko deia ere egin dio. Frantzia antisemitismoaren aurka «biziki engaiatuta» dagoela ziurtatu du ministerioak.
Kushner Donald Trump AEBetako presidentearen guraskidea da. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2005ean, demokraten kanpaina politikoetan legez kanpoko ekarpenak egiteagatik, zerga iruzurra egiteagatik eta lekukoen deklarazioetan eragiteagatik. Trumpek indultu federala eman zion 2020an, bere lehen agintaldian. Otsailean enbaxadore izendatu zuen Kushner, eta joan den uztailean hartu zuen hark kargua.