Eskoziako 59 diputatuek ez badiote Londresko botere banaketari balantza eginarazten, are eragin gutxiago dute Ipar Irlandakoek. Denera hemezortzi ordezkari dagozkio Westminsterren, baina praktikan dozena bat inguru baino ez dira egoten, Sinn Feinek uko egin izan baitie bere eserlekuei.
Ipar Irlanda gutxitan agertzen da Londresko alderdi handien hauteskunde programa eta manifestuetan. Hautagaitzak zuzenean aurkeztu ordez, tokiko alderdi txikiagoekin aliatzen dira han: SDLP Alderdi Sozialdemokrata eta Laboristak hiru diputatu gehitzen dizkie Erresuma Batuko laboristei; eta Alderdi Kontserbadorea UUP Ulsterko Unionistekin elkartu zen aurreko hauteskundeetan. Denera botoen %15 lortu arren, ez zuten barruti bakar batean ere irabazi, eta, beraz, diputaturik gabe geratu ziren.
Oraingoan, DUP Alderdi Unionista Demokratikoarekin egin dute akordioa. Hark zortzi diputatu lortu zituen 2010ean, eta Ipar Irlandaren ordezkari nagusia da Westminsterren. Peter Robinson alderdiko buru eta Ipar Irlandako lehen ministroak iragarri du bi alderdi nagusietako edozein babestuko lukeela han. Edonola ere, unionisten arteko batasuna eskatu du; alde batetik, «gehiengo osorik gabeko parlamentu batean ahalik eta posizio indartsuena edukitzeko», eta, bestetik, SNPren «indar separatistekiko kontrapisua» izateko.
Gales laborista
Galesek eragin handixeagoa du Londresen: 40 diputatu dagozkio, eta horietatik 26 laboristak izan dira azken lau urteotan; kontserbadoreek zortzi eduki dituzte, liberal-demokratek hiru eta Plaid Cymru galestar independentistak beste hiru. Ez dirudi egoera askorik aldatuko denik: izatekotan, liberal-demokratei iragartzen diete galera, Erresuma Batuko hegoalde osoan bezala.
Plaid Cymrurentzat, erreferente garrantzitsua izan da SNP Eskoziako Alderdi Nazionala azken urteotan. Leanne Wood alderdiko buruak gogor kritikatu du Ed Milliband laboristen hautagaia, eskoziarrei atea ixteagatik; SNPren aurka darabilen diskurtsoak berdin eragiten ei dio Plaid Cymruri, nahiz eta hark askoz eragin apalagoa daukan. Nolanahi ere, gobernu osaeran erabakigarri bihurtuz gero, Alderdi Laborista babesteko prest agertu da Wood.
Erresuma Batuko hauteskundeak. Ipar Irlanda eta Gales
Bazterretatik zirrikitu bila
Ipar Irlandak eta Galesek ez dute eraginik izan ohi Londresko gobernu osaeran; aurten alderdi handiek eurengana jotzea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu