Japonia iparraldean izan du epizentroa 6,7 graduko lurrikarak, Hokkaido irlan zehazki. Orain arteko datuen arabera, bederatzi hildako eta 200 zauritu inguru eragin ditu. Biktima kopuruak, hala ere, gora egin dezake datozen orduetan Atsuma herriko 30 bizilagun desagertuta baitaude. Horretaz gain, seismoak eta haren erreplikek hainbat luizi ere eragin dituzte.
Shinzo Abe lehen ministroak larrialdiko batzorde bat osatu du desagertuak bilatzeko eta erreskate lanetarako, eta militarrak bidali ditu Hokkaidora. Tomakomai da epizentrotik gertuen dagoen herria, baina Atsuman izan da kalte gehien.
Lurrikararen ondorioz, hainbat eraikin ere erori dira, baina agintariek baztertu egin dute tsunamirik eragin dezakeenik. Hainbat errepide itxi egin behar izan dituzte, eta tren eta hegaldi ugari ere bertan behera geratu dira. Tomariko zentral nuklearra ere gelditu egin behar izan dute une batez, baina, gobernuaren arabera, ez da inolako ihesik izan.