Astelehenean amaitu dira Derek Chauvin polizia ohiaren kontrako azken alegatuak. George Floyd hiltzeraino ito zuen poliziaren aurkako epaiketa epaiaren zain geratu da hala. Minesotako Fiskaltzak eta Chauvinen defentsak haien bertsioak azaldu dituzte lau orduko saio batean epaimahaiaren aurrean, eta horiek eztabaidatu beharko dute orain, guztien adostasuna lortzeko.
Derek Chauvin Minneapolisko polizia ohiaren kontrako prozesua jarraitu dutenen artean, badira hainbat epaiketa Polizia ereduaren aurkakotzat dutenak, norbanako baten ekintzez haratago doalakoan. AEB Ameriketako Estatu Batuetako gizartea bitan zatitzen duen auzietako bat da hori, badirelako milioika herritar uste dutenak agenteen jokaerak justifikatuta daudela kasu guztietan. Steve Schleicher akusazioko abokatuaren azken argudiatzeak izan dira errealitate horren erakusle, arreta, Poliziaren tekniketan bainoago, Chauvinek egindakoetan jarri baitu, erakundea eta bere belauna George Floyden lepoan jarria izan zuen polizia ohia desberdintzeko. «Hau ez da Poliziaren kontrako akusazioa, akusatuaren aurkakoa baizik. Beharrezkoa zen gauza bakarra errukia izatea zen».
Epaiketak bereganatu duen karga sinbolikoa kontuan hartuta, Schleicherren adierazpena pisu handikoa izan da, arriskatua agian, eta mingarria batzuentzat, baina, finean, asteotako estrategiarekin bat egiten duena. Chauvinek ez zuen legedia errespetatu, ez zuen ikasitakoa bete, horretan oinarritu da akusazioa, polizia izandakoaren buruzagi eta lankide ohiek epaiketan baieztatu bezala; finean, akusatuak ez zuela polizia batek jardun behar zuen modura jardun Floyd atxilotu zutenean.
Prozesu osoan zehar bezala, Schleicher irudietan eta egun horretan grabaturikoan oinarritu da bere azken argudioek indar handiagoa izan zezaten. Hildakoa berriz agertu da, beldurrez, Polizia autoaren atzealdean sartu nahi zutenean, hori ez egiteko erregutzen, klaustrofobikoa zelako; eta Floyd berriz agertu da lurrean, Chauvinen belauna lepoan zuela, itotzen, geroz eta indar gutxiagorekin, ahotsa itzaltzen ari zaiola. Arreta, une oro, akusatuaren ekintzetan egon da jarria, akusatuak bederatzi minutu eta 29 segundotan egindakoan.
Era horretara, Schleicherren helburua epaimahaia osatzen duten guztiei begira jartzea izan da, horien artean egon bailiteke Chauvin erruduna dela ebaztea Poliziaren aurka egitea dela uste duen inor. Horiek konbentzitzen saiatu da akusazioko abokatua: «Uste dugu Poliziak lagundu egingo gaituela, entzun egingo gaituela. Gogoratu, bi lekukok Polizia deitu zuten polizia baten jarrera ikustean. Hori baita gure erreakzioa».
Modu batera edo bestera, akusazioaren abokatuak komunitate baten, gizartearen parte handi baten ustea ere eraman du auzitegiko aretora: beharrezkoa ez bada ere, agente batzuek hainbat egoera okerrera eramaten dituztela. «Floyd ez zen mehatxu bat, ez zen inori mina egiten ari. Ez zen errukirik izan egun horretan».
Eric Nelson defentsako abokatuak, baina, beste ikuspegi bat eman dio egun hartakoari, argudiatuta bederatzi minutu eta 29 segundo horien aurretik gertaturikoa ere kontuan hartu behar dela. Akusazioarentzat, munduaren itzulia egin duen bideoan ikusten denari buruzkoa da epaiketa; Nelsonentzat, berriz, heriotzaren aurretik Poliziaren autoan gertaturikoa da giltzarri, horrek frogatzen duelakoan Chauvinen eta gainontzeko polizien jarrera: «Iritsi zenean, Chauvinek ikusi zuen poliziek arazoak zituztela Floyd kontrolatzeko. Bere entrenamendua kontuan hartuta, eta atxilotuaren jarrera ikusita, bazituen eskura teknika anitz. Egokia izan zen indarkeria erabiltzea».
Schleicher eta gainontzeko fiskalek 38 lekuko deitu dituzte epaiketara, tartean Chauvinen indarkeriaren erabilera kritikatu duten hainbat aditu; defentsak, berriz, zazpi besterik ez ditu eraman epaimahaiaren aurrera, eta horien artean ez da egon akusatua, ez deklaratzea erabaki baitzuen. Nelsonek oroitarazi duenez, «inork ez zuen adierazi» erabilitako indarkeria legez kanpo edo tokiz kanpo zegoenik; hau da, defendatu du polizia ohiaren jarrera Floydenaren ondorio izan zela. «Gizakien jokabidea ezin da aurreikusi, eta hori bazekien poliziak».
Defentsaren argudiatzeak agerian utzi du, beste behin ere, epaiketa justiziaren arlotik haratago joan dela, eta ikuspuntu politikotik ere aztertu dela eta aztertuko dela. Militantzia puntu bat ere egon da, batez ere ikusleen eta prozesua jarraitu dutenen artean: bataren edo bestearen arabera, kasuaren egiazko erruduna akusatua edo hildakoa da; eta, erabat zatituta dagoen herrialde batean, epaimahaiak hartuko duen erabakiak eragin nabarmena izango du herritarren memorian.
Azken argudioak entzunda, epaimahaiko kideak hotel batean elkartuko dira erabakia hartzeko; ez dute epemugarik izango horretarako. Chauvini bigarren graduko erailketa, hirugarren graduko erailketa eta nahi gabeko hilketa delituak leporatu dizkiote.
1.127 hildako iaz
Zauriak irekita daude oraindik, haserrea ez zaie inoiz baretu sendiei eta milioika herritarri, heriotzatik ia urtebete pasatu den arren; gizon afro-amerikarra sinbolo bilakatu da Black Lives Matter mugimenduaren garaian, beste hainbaten hilketarekin gertatu ez bezala. Iaz, esaterako, 1.127 lagun hil ziren segurtasun indarrekin izandako hartu-eman baten ostean, eta soilik hamasei agente inputatu zituzten; biktimetako %28 beltzak ziren, AEBetako biztanleriaren %13 izan arren, Mapping Police Violenceren arabera.
Aurten, azken hilketa ez da Floydena izan, epaiketa bete-betean gertatu baita: hilaren 11n, Kim Potter poliziak Daunte Wright afro-amerikarra hil zuen, tiro eginda. Poliziaren bertsioaren arabera, agenteak taser pistola batekin nahasi zuen pistola arrunta. Potter atxilotuta dago, eta bigarren graduko hilketa egotzi diote.