Beharrezkotzat jo du Nodak bi erreaktore nuklear martxan jartzea Japonian

Tokiok dio udan itzalaldiak izateko arriskua dutela; maiatzaren 5ean itzali zuten azken erreaktorea

Erredakzioa
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Japoniarren segurtasuna bermatzeko» Oi zentral nuklearreko bi erreaktoreak martxan jarri behar direla esan du Yoshihiko Noda Japoniako lehen ministroak. Izan ere, maiatzaren hasieran itzali zuten azken erreaktore nuklearra, eta udan berriz ere itzalaldiak izateko arriskua dagoela adierazi du Nodak. Fukushimako iazko krisi nuklearraren ondotik legeak agintzen dituen ikuskatzeak egiteko itzali dituzte erreaktoreak, baina ikerketak positiboak badira, lehenbailehen jarri nahi ditu berriz ere martxan lehen ministroak.

Nodak onartu duberriz ere energia nuklearra erabiltzen hasteak kezka eragiten duela herrialdean eta «herritarrak bitan banatuta» daudela. Dena den, bere ardurajaponiarrak babestea dela dio eta erabaki bat hartzeko ordua iritsi dela. Horiek hala, Japoniako Gobernuak argitu du Oiko zentral nuklearreko enpresa jabeari berriz ere lanean hasteko eskatuko diola lehenbailehen, eta, adituen esanetan, datorren astean bertan jar ditzakete erreaktoreak martxan.

Nodaren hitzetan, argi mozketek «oso egoera arriskutsuak» eragin ditzakete, eta, horrexegatik, gobernuaren jokabidea ulertzeko eskatu die herritarrei, baita Fukushimako istripuan kaltetutakoei ere. Gainera energia nuklearrik gabe Japoniak petrolioaren mendekotasuna erabatekoa daukala esan du lehen ministroak, eta berau ezin dela betiko bermatu. Herritarren segurtasuna bermatzeko, gainera, Oi zentral nuklearrean hilabeteetan lanean aritu direla nabarmendu du Tokiok, eta 2011ko martxoaren 11ko hondamendi naturalaren pareko beste zerbait gertatuko balitz ere erantzuteko prest daudela.

Iazko Fukushimako krisi nuklearraren harira erabaki zuen Japoniako Gobernuak herrialdeko 54erreaktoreak itzaltzea, eta berriz martxan jarri aurretik ikuskatzeak egitea. Herrialdeko zentral nuklearren gehieneko iraupena 40 urtera mugatzeko plana ere onartu zuen aurten. Dena den, hogei urtez luzatu ahal izango da horien jarduna funtzionamendu ona bermatu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.