Beirut bonbardatzeko agindu du Netanyahuk

Israelgo lehen ministroaren esanetan, Hezbollahk menia urratu duelako hartu dute erabaki hori. Teheranek gaitzetsi egin du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa soldadu batzuekin herrialdearen iparraldean, aurreko larunbatean. EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa soldadu batzuekin herrialdearen iparraldean, aurreko larunbatean. EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak eskatutakoari muzin egin dio Benjamin Netanyahuk. Izan ere, Israelgo lehen ministroak agindu du Beirut Libanoko hiriburua bonbardatzeko, argudiatuta Hezbollah milizia xiitak urratu egin duela herrialdean ezarrita dagoen su etena. Aliatuak dira Iran eta milizia hori, eta Teheranek gaitzetsi egin du Israelen erabakia. Hain justu, Libanoko egoerari buruzko bilera bat da egitekoa gaur NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua.

Netanyahuk eta Israel Katz Defentsa ministroak ohar bateratu bat kaleratu dute Libanoko hiriburua bonbardatzeko erabakiaren berri emateko, eta adierazi dute armadari eskatu diotela Beiruteko Dahye auzoa jotzeko. Hezbollahren kokagune nagusitzat jotzen dute eremu hori.

Netanyahu Trumpen asmoen kontra ari da. Joan den apirilaren 16an, AEBek hauspotuta, Libanok eta Israelek tregoa bat adostu zuten. Bada, hurrengo egunean, zera idatzi zuen AEBetako presidenteak Truth Social bere sare sozialean: «Israelek ez du Libano bonbardatuko aurrerantzean. AEBek debekatu egin diote. Nahikoa da!». Libanoko egoera zuzenean lotuta dago Iranen gerta daitekeenarekin.

Otsailaren 28an, AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenean, areagotu egin zen Israelen eta Hezbollharen arteko gatazka, milizia xiita Iranen defentsan atera zelako. Beirut ere jo izan du Israelek, eta martxoaren 2tik 3.400 pertsona inguru hil ditu herrialde hartan. 

Adostu zuten su etena —45 egunerako berritu zuten maiatzaren 15ean—, baina Israelek erasoan segitu du; batez ere, Libano hegoaldean. Trumpek ez du horri buruz ezer esan, ontzat jotzen dituelako Israelen arrazoiak: herrialdearen iparraldeko biztanleen segurtasuna bermatzea. Orduan, horretarako, Israelek Libano hegoaldea okupatu asmo du, mugatik Litani ibairaino—herrialdearen %5 inguru—; tarterik txikienean, mugatik bost kilometrora dago ibai hori, eta handienean, 30era.

Beaufort gaztelua

Areago ere jo nahi du Israelek, eta Netanyahuk berak jakinarazi zuen joan den ostiralean Litani ibaia zeharkatu zutela Israelen tropek. Hori esan zuen, hain zuzen, noiz eta Israelgo eta Libanoko ordezkariak Washingtonen berriro batzartu zirenean. Eta atzo Beuafort gaztelua hartu zuen Israelek; hura ere Litaniren iparraldean, Nabatieh hiritik gertu.

Israelentzat «mugarri bat» izan da hori, eta Netanyahuk berak bideo bat zabaldu zuen horren garrantzia nabarmentzeko. «Beldurraren muga gainditu dugu», nabarmendu zuen. Israelek 1982an konkistatu zuen gaztelu hori, iparraldeko bizilaguna inbaditu zuenean. Eta 2000. urtera arte han egon zen —urte hartan tropak atera zituen Libano hegoaldetik—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE