Beirutek ez ditu israeldarrak hirian nahi

Washingtonek eta Tel Avivek nahi dutenaz bestera, libanoar gehienek ez dute begi onez ikusten Israelekin harremana izatea, eta, haientzat, gerra amaituko dela ziurtatzeko modu bat baino ez da oraingo prozesu diplomatikoa.

Gizon bat Israelen erasoek txikitutako bere etxean, Beirut hegoaldeko Ruwais auzoan, joan den astean. WAEL HAMZEH / EFE
Gizon bat Israelen erasoek txikitutako bere etxean, Beirut hegoaldeko Ruwais auzoan, joan den astean. WAEL HAMZEH / EFE
2026ko maiatzaren 13a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldi, soldadu israeldarrak Beiruten nahieran patruilatzen zebiltzala ikusteaz nazkatuta, 19 urteko mutil gazte batek pistola hartu zuen egun batean, eta tiro egin zien zenbait aldiz hiru soldadu hebrearri, terraza batean kafea hartzen ari zirela. 1982an gertatu zen hori, Hamra kalean, izen bereko auzo musulmanean, eta soldaduetako bat hil egin zen. Diotenez, erasotzailea, Khaled Alwan, haserretu egin zen israeldarrek shekeletan ordaindu nahi zutelako —Israelgo diruz, alegia—, eta horregatik hasi zen tiroka. Horren harira, Alwan ikono-edo bihurtu zen, eta hark egindakoak hasiera eman zion Israelgo indarrak Beirutetik kanporatzeko kanpainari. 

Israelek, izan ere, Palestina Askatzeko Erakundearen kontrako borrokaldian zabaldu zuen okupazio militarra Beirutera, eta okupazio horri esker lortu zuen Libanotik kanporatzea Yasser Arafaten aldekoak. Horrek, ordea, erresumina eragin zuen zibilen artean, eta, hala, Iranen laguntzaz, Hezbollah sortu zuten: milizia libanoar eta xiita bat, Libano estatuaren ahultasunetik defendatzea helburu omen duena.

Berrogei urteren ondoren, Iranen aldeko talde horren eta Israelen artean bost gerra igaro diren honetan, bilera bat egingo dute AEBetan, Washingtonen, Israelgo eta Libanoko gobernuen arteko prozesu diplomatiko baten barnean, bi herrialdeak teknikoki gerran baitaude 1948tik, estatu judua sortu zenetik. Beirut Israelen erasoaldia berehala geldiarazteko helburuz joango da bilkurara; izan ere, martxoaren 2tik, gerra irekiari berrekin ziotenetik, ia 2.900 pertsona hil dituzte, eta milioi bat lagunek baino gehiagok desplazatu behar izan dute. Washingtonek eta Tel Avivek, ordea, Hezbollah zokoratzea dute helburu, eta, are, harreman ofizialak abiaraztea Mediterraneoko bi herrialde horien artean. Hamra kaleko bizilagunek, baina, oraindik ere ez dute nahi israeldarrak auzoan paseoan ibiltzea. 

«Ezta pentsatu ere», erantzun du Samirrek, larrituta. 1982an soldadu israeldarrei tiro egin zieten tabernatik bi kalera dagoen ile apaindegi bateko gerentea da, eta horixe erantzun du galdetu diotenean ea ontzat joko lukeen Libanok Israelekin harremana izatea eta turista israeldarrak hartzea. 

Gizonak 42 urte ditu, eta esan du deseroso sentitzen dela Israelgo eta Libanoko ordezkariek orain arte egindako bi bileren irudiak ikustean. Apiril erdialdetik hona egin dituzte, AEBetako Estatu Departamentuan, Washingtonen, eta bi herrialdeetako enbaxadoreek hartu dute parte. Lehenengo bilkuran, iragarri zuten hamar eguneko su eten bat egingo zutela, eta bigarrenean, berriz, hiru aste luzatuko zutela, maiatzaren erdialdera arte. Hirugarren bilera bihar egitekoak dira, eta baliteke hartan tregoa are gehiago luzatzea. Dena den, su etena paperean baino ez da ageri: Israelek laurehun lagun baino gehiago hil ditu apirilaren 17tik, ia denak herrialdeko hegoaldean.

«Niri ondo iruditzen zait kontaktuan egotea bi herrialdeen arteko mugak zehazteko eta gerra geldiarazteko», azaldu du Samirrek, guraizeak eskuan hortxe dabilelarik bezero baten garondoan. «Baina bake harremanik gabe; ez dut nahi Israelen enbaxadarik Libanon».

Ile apaintzaileak esan du libanoarren «%80» bat datozela berarekin, baina aitortu du zenbaitek begi onez ikusten dutela Israelengana hurbiltzeko saiotzat daukan hori. Talde kristauen jarraitzaileak jarri ditu adibide gisa, hala nola Indar Libanoarrak taldearenak: Libanoko alderdi kristaurik handiena da, eta Israelen aliatua izan zen gerra zibilean (1975-2000).

'Mokhtar'-aren hitza

Handik gertuko kale batean, gizon batzuk daude, Israelen erasoaldi baten ondorioz Bint Jbeil beren herritik alde egin behar izan dutenak. Libano hegoaldean dago herri hori, Israeldik hiru kilometrora, Israelgo tropek mugan okupatua duten zerrendaren barruan, eta herrixka osoak txikitzen ari dira han, eztanda kontrolatuen bidez.

«Israeldarrekin hitz egitea ez dator bat gure nahiarekin», esan du Mohamed Baydun-ek, Bint Jbeilko mokhtar-ak —tokiko autoritate bat da—. «Libano hegoaldean jaio eta hazi naizen neurrian, eta libanoar xiita naizenez gero, zera diot: hau ez datorrela bat gure nahiarekin. Etxea suntsitu didate, eta ez dakit ikusi duzun zer gertatu den Bint Jbeilen, baina nire herriak Hiroshima ematen du orain», esan du Baydunek, atsekabez. 55 urte ditu, eta harro eta nahigabetuta erakutsi ditu herriaren argazki batzuk, gerraren aurrekoak, inguruko muinoek kolore berdea zutenekoak eta ez suntsipenaren kolore grisa.

Libano hegoaldeko jende gehiena bezala, mokhtar-a eta haren inguruko gizonak Hezbollahren aldekoak dira: uste dute hura dela defendatuko dituen autoritate bakarra, aintzat harturik Israelgo armada mehatxari zelatan aritzen zaiela alboko muinotik, baita ustez bake garaiak direnetan ere. «Geratu zaitezte mugaren zuen aldean, eta utz gaitzazue bakean», esan du Baydunek, bukatzeko. «Hori besterik ez dugu nahi».

Samir ile apaintzaileak iragarri bezala, Axrafieh auzoan, Beiruteko barruti kristauan, bestelako erantzunak entzuten dira. «Harreman baketsua izan behar dugu gure artean», esan du Edmund-ek. 61 urte ditu, eta Sassine plazako denda batean egiten du lan. Hark halako iritzia izateak badu azalpena: Israelek oro har ez ditu bonbardatzen gehiengo kristaua duten eremuak, eta, aldiz, kalte handiak eragiten ditu gehiengo xiita duten tokietan, kolektiboki zigortu asmo baititu talde horretakoak, Hezbollahk han lortzen duelako babesik handiena.

«Baina ez dadila izan indartsu baten eta ahul baten arteko harremana», jarraitu du Edmundek: «Ez diezagutela guri egin beraiei egitea onartzen ez duten hori». Armeniar jatorriko libanoarra da, eta ez litzaioke gaizki irudituko turista israeldarrak ibiltzea kalean, baldin eta baldintza horiek beteko balira. «Zergatik ez?», galdetu dio bere buruari, argudiatuz berak trukean «amets bat betetzeko» aukera izango lukeela. «Niri izugarri gustatuko litzaidake Jerusalemera joatea eta Jesus egondako elizak ikustea», aitortu du, hil baino lehen bidaia hori egin ahal izateko esperantzaz. «Haiek etekina aterako liokete honi, eta guk ere bai», esan du: «Autoz ordubete eskasera daukagu hango guztia».

Hamabi lagun hil dituzte Libanon

Su etena dago Libanon, baina Israelek aurrera segitzen du, egunero, herrialdea bonbardatzen. Hala, Libanoko iturri ofizialen arabera, gaur beste hamabi pertsona hil ditu herrialdean zehar zenbait ibilgailuren kontra egindako erasoetan: zortzi Beirut hegoaldean —hildakoen artean, adingabeak dira bi—, hiru Tiro hiriaren hegoaldean, eta bat Sidon hiritik gertu. Horrekin lotuta, aintzat hartu behar da atzo gutxienez hamahiru pertsona hil zituztela Libano hegoaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA