Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Gaur egungo betaurrekoak jarri ditu Moussa Bourekbak, baina atzera begira hasi da, Udaberri Arabiarreko mobilizazioek 2011n eragin zutenaz hausnartzeko. «Balantzea, oro har, gazi-gozoa da». Mauritaniatik Omaneraino, matxinadek herrialde arabiarrak astindu zituzten Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean. «Herritarrek munduko edozein tokitan eskatzen duten gauza bera eskatzen zen: askatasuna, duintasuna, justizia soziala...». Finean, statu quo-aren aldaketa bat zen helburua, nahiz eta ez zen halakorik gertatu.
Baina Intissar Fakirren ustez, ezin da «porrotaz» edo «garaipenaz» hitz egin. «Protesta haiek erreferentzia puntu ezinbesteko bat ordezkatzen dute, aldaketa moldeetan posible denari dagokionez». Areago joan da: «2011k espazio bat ireki zuen gobernantza berrirudikatzeko». Iruditzen zaio, gainera, orduan herritarren artean zebiltzan ideiak ez direla desagertu. Eta Bourekbak nabarmendu du zer ikasbide utzi zuten orduko gertakariek: «Beldurraren murrua hautsi zuten arabiarrek. Herritarrek mezu hau helarazi zieten liderrei: ‘Jada ez gara beldur’. Ziurrenik, hori da atzera-bueltarik gabeko aldaketa politiko baten zigilua».
Eta gazitik badu balantzeak, mobilizazio horietako batzuek gerrak ekarri zituztelako ―Libian, Yemenen, Sirian…―, eta, Bourekbak azpimarratu bezala, erreformak, egin zituztenean, «azalekoak» izan zirelako eta «egonkortasuna bermatzea» zutelako asmo. «Gogora datozkit Jordaniako eta Marokoko monarkiak, eta, neurri batean, petromonarkiak». Ikerlaria da CIDOB Nazioarteko Gaien Bartzelonako Zentroan, eta Ekialde Hurbila eta Afrika Iparraldea ditu ikerlerro. «Esperimentu itxaropentsu bakarra Tunisiakoa izan zen, baina zikloa 2021etik aurrera itxi zen, presidenteak berak [Kais Saied] emandako estatu kolpearekin». Egipton ere estatu kolpe batek birrindu zuen, 2013an, protestek hedatutako esperantza. Fakir Middle East Institute think tank-eko —Washingtonen du egoitza— ikerlariaren hitzetan, protesten eragin guztia nabaritu ez zuten herrialdeetan izan ezik, gainontzekoetan «eredu jakin baten bertsioren bat» bizi izan dute: «Hasteko, irekiera politikoko une bat; gero, ziurgabetasun instituzionala; eta, ondoren, barne polarizazioaren eta kanpo presioen arteko konbinazio bat, zeinak erraztu zuen akordio politiko murritzago batera itzultzea».
«Galdera ez da beste mobilizazio masibo batzuk egongo ote diren, baizik eta noiz eta nola»
MOUSSA BOUREKBA CIDOB zentroko ikerlaria
Horren guztiaren ondorioz, leku horietako askotan «akidura politiko moduko bat» dago, Fakirren ustez. «Horrek berekin ekarri du autoritarismoaren edo gobernuaren aldetik jarrera autoritario esplizituago baten itzuleraren onarpen pragmatiko bat», azaldu du, posta elektronikoz. Iruditzen zaio, halere, 2011ren ondoren «zilegitasun irizpide berriak» sortu zirela, eta «erregimen autoritarioek» beren burua behartuta ikusten dutela beren jokabidea justifikatzera «errendimendu ekonomikoarekin eta zerbitzuak ematearekin, lehen egiten ez zuten modu batean».
CIDOBekoak telefonoz esan duenez, sistema horiek «erresilientzia gaitasuna» erakutsi dute. «Erregimen autoritario batek helburu bakar bat du, nagusiki: bere biziraupena ziurtatzea. Orduan, mobilizatutako edozein molde da mehatxu bat haientzat». Ideia horretan sakondu du Fakirrek: «Hobetu egin dute hautatutako erantzunak emateko gaitasuna: kexa batzuei erantzuten diete, eta beste batzuei ez diete kasurik egiten».
Gertatu dena gorabehera, eta hori «porrot» gisa interpretatu beharrean, Bourekbak pentsatzen du «ikasketa prozesu bat» egin dutela herritarrek oro har: «Eta lezio handienetako bat izan da mugimendu hauen indarra zela mobilizazio molde tradizionaletatik harago zihoazela». Fakirren iritziz, azken finean ez dira aldatu herritarren eskaerak, nahiz eta uste duen gaur egun ongizate ekonomikoa dela herritarren mobilizazioen eta konpromiso politikoaren abiapuntua. «Horrek ez du esan nahi gizarte arabiarrek bazter utzi dituztenik irekiera politikoko eta erreforma bat bilatzen duten ideiak. Baina hamalau urteko ziurgabetasunaren ondoren —kasu askotan gainbehera ekonomikoa nozitu dute—, jendeak esaten du: ‘Aurrena, ekonomia konpondu’». Nabarmendu du, hori bai, Udaberri Arabiarreko mobilizazioen ondoren «askotarikoagoa eta sendoagoa» dela «konpromiso politikoaren panorama».
Potentzien «inkoherentzia»
Fakirrek aipatutako kanpo presioek mobilizazioen garapenari eta agintarien erantzunari eragin zioten, eta, Bourekbaren aburuz, Mendebaldeak eta beste potentziek rol «anbiguo bat» jokatu dute, eta «promesa erretorikoekin» aritu dira askotan. «Egonkortasuna eta statu quo-a lehenesten dituzte, edozein aldaketa aukeraren aurretik». Irizten dio argi geratu zela hori 2013ko Egiptoko estatu kolpetik aurrera. «Hau da, demokrazia sustatzean arriskurik bada inperialismoaren edo Mendebaldearen kontrako jarrerak dituzten liderrak irits daitezen, Mendebaldeari eta eskualdean interesak dituzten beste potentzia batzuei hobeto datorkie aldaketa ez probokatzea». Eta promesa erretorikoen beste adibide bat aipatu du: «Munduko potentzia nagusiko [AEBak] presidente Barack Obama [2009-2017] esaten ari zaionean diktadore tunisiarrari alde egin behar duela nahi demokratiko bat dagoelako, baina aldi berean oniritzia ematen ari zaionean Saudi Arabiari tropak bidal ditzan Bahraingo protestetara...». Iruditzen zaio jarrera horrek «argi» ematen duela inkoherentziaren berri. «Nagusiki, potentziek eskualdean dituzten interesak lehenesten dira».
«Baina hamalau urteko ziurgabetasunaren ondoren —kasu askotan gainbehera ekonomikoa nozitu dute—, jendeak esaten du: ‘Aurrena, ekonomia konpondu’»
INTISSAR FAKIR Middle East Instituteko ikerlaria
Pentsatzen du EBren jarrera «transakzio logikan» oinarritzen dela atzera. «2015etik aurrera ikusten ari garen aldaketa bat da… Europan batera gertatu ziren errefuxiatuen krisi bat eta atentatu terrorista jihadisten olatu bat. Momentu horretan 2011 aurreko paradigmara itzuli zen». Orduan, EBk dirua ematen die Libiari, Marokori, Tunisiari, Egiptori, besteak beste, mugetako kontrolak indartzeko. Middle East Institutekoaren iritziz, eskualdeko eragileek jokatu zuten «rol kontraesankorra» gogoratu behar da, eta esplikatu du zergatik: «Eskualdeko lidergo geopolitikoa Egiptoren eskuetatik Golkoko herrialdeen eskuetara pasatu zen, eta horiek, maiz arrazoi ideologikoetan oinarrituta, epe motzeko interesak lehenetsi zituzten».

Demokratizazioaren aurkako indarrak, gainera, «egiturazkoak» dira Fakirrentzat, eta egokitzeko gaitasuna dute. «Lehenik eta behin, trantsizio politikoek dakarten ziurgabetasuna dago: sistema zaharrak erauztean funtzionatzen hasteko moduan dauden instituzio berriak eduki gabe, atzerakada baterako tartea sortzen da». Eta Egiptoko eredua aipatu du.
Hori aintzat hartuta ere, itxaropenerako tarte bat badagoela dio, hori beharrezkoa dela, baina jakinik aldaketa demokratikorako energiak «garapen bat» eduki duela. «Eta hori hala da mundu guztian, ez bakarrik eskualdean: demokraziaren kontrako mugimenduak gorantz egiten ari dira. Baina eskualdean, leku guztietan bezala, gazteek gobernantza hobe bat nahi dute, aukera ekononomikoak ere bai, eta politikan ahots bat eduki nahi dute».
2011ko mugimenduen ondoren, herrialde batzuetan gerra zibilak piztu ziren. Bourekbaren hitzetan, eskualdera joan izan denean esan izan diote bizitza garestia dela, ez dituztela nahiko lituzketen eskubideak... «Baina esaten dizute: ‘Nahiago Marokon, eta Maroko ez bihurtzea Libia edo Siria’». Hori bai, ez du bat egiten gertatutakoak ezertarako ez zuela balio izan dioen diskurtsoarekin: «‘Horrek denak gerra eta kaosa ekarri bazituen...'. Hori bera da lider autoritarioen diskurtsoa, boterean mantentzea edo ihes egitea lortu zutenena».
Dena den, 2011n irekitako zikloa itxita ez dagoelakoan dago. «Galdera ez da beste mobilizazio masibo batzuk egongo ote diren, baizik eta noiz eta nola». Eta itxaropenari euste aldera, zehaztapen bat egin du: ez dagoela trantsizio demokratiko bat urte gutxi batzuen buruan egin duen iraultzarik. «Halako prozesuek hamarkadak behar dituzte, eta oso ezegonkorrak dira».