COP30aren moduko biltzar erraldoien antolakuntzaren inguruan beti sortu ohi da zalaparta, hainbat arrazoirengatik. Batzuetan, salatu izan dira herrialde anfitrioiaren zuriketa asmoak; horren erakusle da azken bi goi bilerak Saudi Arabian eta Azerbaijanen egin zirela. Beste batzuetan, hautatutako hiria halako ekitaldiak antolatzeko prest ez dagoen zantzuak antzematen hasten dira, azaroaren 10ean hasiko den COP30aren kasuan bezala. Izan ere, Brasil iparraldeko Belemen egingo da aurtengo biltzarra, Amazonian, eta herrialde, nazioarteko eragile eta gobernuz kanpoko erakunde batzuk kexu dira, ostatuak oso garesti daudela eta gauak pasatzeko leku falta dagoela.
Espero da COP30 goi bilerara 100.000 pertsona inguru joatea: negoziatzaileak, herrialdeen ordezkaritzak, enpresaburuak, presio taldeak, kazetariak, ekologistak eta bestelakoak jende saltsa horren osagai izango dira. Bada, hiriak ez du behar adina azpiegiturarik horrenbeste jende jasotzeko, eta hainbat herrialdek joan den ekainean jada adierazi zioten kexa hori COP30aren antolakuntzari, Bonnen (Alemania). Izan ere, COP biltzarra, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren bilkura, azaroan egin ohi da, baina horren aurretik, uda hasieran, Bonnen elkartu ohi dira herrialdeak, goi bilerako eztabaidak prestatzeko. Aurten, bilkura horren parte handi bat Belemgo batzarraren antolakuntza arazoei buruz eztabaidatzen pasatu zuten.
Eskaintza faltari aurre egiteko,6.000 ohe dituzten bi gurutzaontzi kontratatu ditu antolakuntzak negoziatzaileentzat.
COP30aren antolatzaileek duela hainbat hilabete azaldu zuten ostatua eskaintzeko eta bilatzeko plataforma bateratu bat sortuko zutela kontratazioa sinplifikatzeko, baina uda amaierara arte ez dute martxan jarri. Plataforma abian da jada, baina zenbait arazo azaleratu dira haren inguruan. Esaterako, Climate Home News hedabideak turistentzako Belemgo apartamentu zenbaiten jabe batzuekin hitz egin du, eta azaldu dute badaudela jabe batzuk merkatuko prezioen azpitik ostatua eskaini nahi dietenak negoziatzaileei, baina COP30 dela-eta sortutako plataforman alokairuak eskaintzeko murrizketek ez dietela uzten. Izan ere, konferentziaren antolatzaileek azaldu duten moduan, soilik 40 apartamentu libre dituzten jabe handiek eskain ditzakete alokairuak plataforma horretan, eta argudiatu dute kudeaketa arazorik ez sortzeko erabaki zutela hala mugatzea.
Hegoalde Globala kaltetuena
Bilkuraren garairako asko garestitu dira gelen prezioak, eta horrek bereziki Hegoalde Globaleko herrialdeei egiten die kalte, aurrekontu mugatuagoak baitituzte bertaratzeko. Hori dela eta, hainbat herrialdek, gutun batean, antolakuntzari eskatu zioten azpiegitura hobea duen egoitza batera mugitzeko konferentzia. Ohartarazi zuten bestela herrialde askok zailtasunak izango dituztela hara joateko, eta gehitu zuten aldaketarik egin ezean ordezkaritzak murriztu edo ez bidaltzera behartuak izan daitezkeela.
Adibidez, Austriako presidenteak jada adierazi du ez dela batzarrera joango, azalduz herrialdearen presidentetza gastuak murriztu behar dituela gobernuak. Herbehereek eta Poloniak ere iragarri dute ohi baino ordezkaritza txikiagoa bidaliko dutela, eta abuztu amaieran soilik 47 herrialdek berretsi zuten bertaratuko zirela. Nazio Batuen Erakundeko hainbat ordezkarik Brasilgo Gobernuari eskatu zioten moduren batean edo bestean garatzeko bidean dauden herrialdeei ostatua finantzatzen laguntzeko, baina Brasiliak ezetz erantzun die.
COP30aren ezohiko idazkariak, Valter Correiak, azaldu du jada konpondu dutela duela hilabete batzuk zegoen ohe eskasiaren arazoa, baina nabarmendu du orain arazoa ostatuen prezioa dela, batez ere kostu horiek ordaintzeko arazo gehiago dituzten herrialdeentzat. Arazoak arazo, Luiz Inacio da Silva Lula-k, Brasilgo presidenteak, berretsi du Belem izango dela egoitza, sinbolismo handiko hiria delako; izan ere, Amazoniako hiri handienetako bat da —bi milioi biztanletik gora du—, eta Amazoniak naturarentzat eta klima aldaketaren kontrako borrokan duen garrantzia irudikatu nahi izan dute.
Ontzietan, batzuek debeku
Ostatu faltari aurre egiteko, COP30 biltzarraren antolakuntzak hainbat trikimailu egin ditu. Esaterako, bi gurutzaontzi kontratatu dituzte, eta hiriko portuan egongo dira konferentziak iraungo duen hamabi egunetan. Guztira, 3.900 kabina eta 6.000 ohe izango dituzte, eta hiriko apartamentuak eta hotelak baino merkeago izango dira bertako gauak. Hala ere, kritikatua izan da neurri hori, besteak beste gurutzaontziek erregai asko behar dutelako. Horrez gain, Belemgo erdigunetik 20 kilometrora dago portua, eta horrek bileren guneetara heltzea zailduko du. Aurreikusi dute, gainera, gehienbat garatzeko bidean dauden herrialdetakoek hartuko dutela ostatu ontzi horietan, prezioak merkatukoak baino merkeagoak izango direlako. Transantlantikoez gain, hotel batzuk eta zenbait eskola moldatu dituzte konferentziara joango direnentzat.
Gurutzaontzietako bat AEBetako enpresa batena da, eta, AEBek ezarritako zigorren ondorioz, Kuba, Ipar Korea, Somalia eta beste hainbat herrialdetako negoziatzaileek ezingo dute han ostaturik hartu.
Gurutzaontzietan, baina, ezingo da edonor sartu. Izan ere, ontzietako bat AEBetako enpresa batena da, eta, Ameriketako Estatu Batuek ezarritako zigorren ondorioz, zenbait ordezkarik ezingo dute han ostaturik hartu, hain zuzen NBEko 20 herrialdetako ordezkariak, hala nola Venezuelakoak, Kubakoak, Irangoak, Haitikoak, Ipar Koreakoak, Somaliakoak eta Txadekoak.
2021ean Glasgown (Eskozia) goi bilera egin zenean ere, arazo handia egon zen gelen prezioekin, biltzarraren inguruan sortutako mugimenduak gainditu egin baitzuen Eskoziako hiri handienaren loleku kopurua. Orduan, gainera, COVID-19 birusaren pandemiaren ondoriozko murrizketengatik, ohi baino jende gutxiago bertaratu zen, baina horrek ez zituen ostatu hartzeko arazoak arindu.