Defentsaren eskaria aintzat hartu du Bruselako epaitegiak. Atzeratu egin du Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren eta Toni Comin eta Lluis Puig haren gobernuko kontseilari ohien estradizio eskaria aztertzeko saioa. Otsailaren 3rako ezarri du hurrengo saioa. Epaitegiak ontzat eman du Puigdemonten eta Cominen immunitateari buruzko auzia argitzea Europako Batasuneko Justizia Auzitegian, Espainiak agintari ohien kontra eginiko estradizio eskariari buruz erabaki aurretik. Fiskaltzak ez du defentsaren eskariaren kontra egin.
Puigdemonten eta Cominen helegitea aztertu aurretik, Luxenburgoko auzitegiak Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuaren immunitateari buruzko epaia emango du aste honetan bertan, abenduaren 19an. Erabakiak eragin handia izan dezake Luxenburgok Junquerasi arrazoia ematen badio, argi geldituko baita Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuela hura epaitu behar, zigorgabetasuna zegokiolako. Horrez gain, Puigdemonten eta Cominen egoeran ere izan dezake eragina. Junquerasek bezala, azken bi horiek ezin izan baitzuten europarlamentari akta jaso, Europako hauteskundeetan ordezkari hautatu zituzten arren. Hala ere, Junquerasi eurodiputatu izaera aitortzearen alde agertu zen EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusia.
Puigdemontek, epaitegitik irtetean, adierazi du ikusi egin beharko dela Junquerasen kasuak nolako ondorioak dituen Cominen eta bere auzian. "Ez naiz aditua, baina pentsatzen dut ildo berean ebatziko dela".
Junquerasek ezin izan zuen eurodiputatu akta jaso, behin-behinean espetxeratuta zegoelako Kataluniako erreferendumaren auziarengatik, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ez ziolako baimenik eman Espainiako Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkezteko. Gorenak deliberatu zuen Junquerasen kontrako auzibidea «arriskuan» egongo zela parlamentari akta hartzen utziz gero.
Junquerasek bezala, Puigdemontek eta Cominek ere ezin izan zuten jaso diputatu akta, nahiz eta diputatu hautatuak izan ziren. Puigdemont eta Comin Belgikan daude, erbestean, eta batzordeak ez zuen onartu eurodiputatu aktak beren abokatu Gonzalo Boyek jasotzea.
Luxenburgoko auzitegiaren erabakiak Clara Ponsati kontseilari ohiari ere eragin diezaioke, brexit-aren ondoren. Erresuma Batuak EBtik alde egiten duenean eurodiputatu hautatu izango da, brexit-aren ondoren Espainiak bost ordezkari gehiago izango dituelako Europako Parlamentuan, eta Ponsatik duelako boto gehien europarlamentari hautatuak izan ziren hautagaien artean. Egun, Eskozian dago erbesteratuta.
Bruselako epaitegiak urriaren 29an egin zuen Puigdemont, Comin eta Puigen kontrako estradizio eskaria aztertzeko lehen saioa. Defentsak auzia atzeratzeko eskatu zuen, eta epaitegiak gaurko ezarri zuen hitzordu berria.
Belgikako Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenaren jarrera babestu zuen lehen saio horretan. Puigdemont estraditatzearen alde agertu zen, sedizioagatik eta diru publikoaren erabilera bidegabearengatik. Hala ere, Puigdemonten defentsak nabarmendu zuen fiskalaren jarrera aldatu egin daitekeela prozesua garatu ahala.