Ganteko Helegite Auzitegiak Belgikako Auzitegi Konstituzionalera jo du, hark argi dezan Espainiako koroari irain egin izana adierazpen askatasuntzat jo ote daitekeen. Hala, gaur hartzekoa zuten Josep Miquel Arenas Valtonyc-en (Sa Pobla, Mallorca, Herrialde Katalanak, 1993) estradizio eskaerari buruzko epaia hainbat hilabetez atzeratuko da.
Abeslariari hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten duela bi urteko maiatzean bere abestietan mehatxuak, «terrorismoaren gorazarrea» eta koroari irain egitea leporatuta. Hark, baina, Belgikara egin zuen ihes, eta Madrilek hura estraditatzeko eskaria aurkeztu zuen han.
Erabakia atzeratu izana ontza jo dute abeslariak berak eta haren abokatuek, Paul eta Simon Bekaertek. Azken horrek azaldu duenez, Europan badira antzeko auziak non irainak adierazpen askatasun modura sailkatu dituzten: «XIX. mendeko lege batez ari gara, non koroa iraintzea zigortu egiten zen». Valtonycen esanetan, berriz, denborak argi utzi du bere abestietan ez zuela gezurrik esan: «Zenbat eta denbora gehiago irabazi hobe, asteak igaro ahala Borboi familiak hutsegite handiagoak egiten dituelako. Borboiak lapurrak eta gaizkileak direla esateagatik zigortu naute, gerora egia zela frogatu denean».
Belgikak estradizio eskaria atzera botako balu ere, abeslariak ezin izango luke etxera itzuli haren aurkako atxilotze agindua indargabetu edo leporatzen zaizkion delituak preskribatu arte, hau da, 2023a arte.