Sexu abusuak Elizan

Benedikto aita santu emerituak aitortu du okerreko informazioa eman ziela ikertzaileei

Municheko apezpiku zela sexu abusuen inguruko kasu bati buruzko bilera batean ez zuela parte hartu esan zuen Joseph Ratzingerrek, baina frogatu egin dute han egon zela.

Joseph Ratzinger, 2020ko ekainean, Almemanian eginiko bisita batean. PHILIPP GUELLAND / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 24a
17:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Alemaniako Elizan gertaturiko hainbat sexu abusu ikertzen ari direnei informazio okerra eman ziela onartu du gaur Joseph Ratzinger Benedikto XVI.a aita santu emerituak.

Joseph Ratzinger, gerora Benedikto XVI.a aita santua izango zena, Municheko (Alemania) artzapezpiku izan zen 1977tik 1982ra. Joan zen astean plazaraturiko ikerketa batek ondorioztatu duenez, Munichen lan egin zuen urteetan, izan zuen Elizaren sexu abusuen berri, baina ez zuen ezer egin. Ikertzaileek adierazi zutenez, Ratzingerrek esan zien ez zuela gogoratzen 1980. urtean bilera batean egon izana apaiz pederasta baten kasua aztertzeko. Ikertzaileek, ordea, esan zuten bazituztela agiriak frogatzeko Ratzinger bilera hartan egon zela. «Ratzingerrek bazuen Peter H. apaizaren berri. Hura 1980an lekualdatu zuten Essengo artzapezpikutzatik Munichekora, pedofilia leporatu ondoren. Munichen, adingabeei abusuak egiten jarraitu zuen», jasotzen du ikertzaileen dokumentuak.

Gaur amen esan behar izan du Benedikto XVI.ak. Haren idazkari Georg Ganswein artzapezpikuak plazaraturiko agiri batean, onartu egin dute Ratzinger bileran egon zela, eta hori ukatu izana «adierazpena editatzean eginiko akats baten emaitza» izan zela adierazi dute. Gaineratu dute akatsa ez dela «fede txarrez» egin.

Gansweinek azaldu duenez, bilera hartan apaiza beste postu batera bidaltzeaz eztabaidatu zuten, baina ez zuten erabakirik hartu. Bakarrik, apaizarentzat bizileku bat bilatzeko eskaera egin zutela, tratamendu terapeutikoa egin bitartean.

Idazkariaren arabera, Benediktok badu asmoa azaltzeko nolatan egin duen huts hori, txostena irakurtzen amaitzen duenean.

Txostenean, Bigarren Mundu Gerraren ostetik ia gaur egun arte salatutako abusuak jasotzen dira, eta ondorioztatu dute Ratzingerrek adingabeen aurkako lau kasuren berri izan zuela artzapezpiku izan zen urteetan, baina ez zuela neurririk hartu. Ezer ez egiteaz gain, ez zituela erasotzaileak kargutik kendu.

Abokatu talde batek egin du ikerketa, Municheko Artzapezpikutzak berak eskatuta.

Ratzinger agintean zela gertatutako lau kasutik bitan, «laguntza espirituala» eskaintzen zuten apaizak izan ziren erasotzaileak, eta arduradunek ez zuten neurririk hartu haien aurka.

Ratzingerrek 94 urte dauzka orain, eta 2005etik 2013ra izan zen aita santua, Joan Paulo II.a ordezkatuz. 600 urtean, karguari uko egin dion Eliza katolikoko aurreneko liderra izan da, eta nekea argudiatu zuen. Vatikanoan bizi da oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.