Benedikto XVI.a aita santua iritsi da Edinburgora (Eskozia). Bertan aitortu du eliza katolikoak pederastia kasuetan ez duela behar bezala jokatu. "Ez gara behar bezain azkarrak, arretatsuak eta erabakigarriak izan". Azken egunotan protesta ugari egon dira Erresuma Batuan bisita honen aurka, eta bertzeak bertze, adintxikiko lagunen aurkako sexu gehiegikeriei behar bezala aurre ez egitea egotzi diote Joseph Ratzinger Benedikto XVI.a-ri.
XVI. mendetik eliza katolikoko aita santua orain arte behin baino ez da joan Erresuma Batura: 1982an, Karol Wojtyla Joan Paulo II.a. 1982koa ez bezala, oraingoa estatu bidaia da.
Hurrenez hurren, Edinburgo (Eskozia), Glasgow (Eskozia), Londres eta Birmingham (Ingalaterra) bisitatuko ditu igandera bitartean. Gaur goizean Isabel II.a erreginarekinbatu da Edinburgoko errege jauregian -erregina estatuburua izateaz gain, Ingalaterrako elizako burua ere bada-. Nick Clegg lehen ministrordea ere bertan izan da. Larunbatean, berriz, David Cameron lehen ministroarekin elkartuko da. Gizarteko arloetako arduradunekin ere bilduko da egunotan, eta domekan John Harry Newman kardenala beatifikatuko du. Jendaurreko hamasei agerraldi egingo ditu denera: diskurtsoak, agurrak, mezak, harrerak...
Azkeneko egunetan haren bisitaren aurkako protesta garrantzitsuak izan dira han; batik bat, Londresen. Preserbatiboaren eta abortuaren kontra egotea, homosexualen eta transexualen eskubideen aurka egotea, edo eliza katolikoko hainbat apaizek adintxikiko lagunei eragindako sexu gehiegikeriei behar bezala aurre egin ez izana egozten diote Benedikto XVI.ari. Gobernuak hamasei milioi euro xahutuko ditu bidaia ondo atera dadin, eta horietatik bi aita santuaren segurtasuna zaintzeko erabiliko ditu. "Herritarrek harrera goxoa egingo diote", adierazi du Cameronek.
59 milioi lagun bizi dira Erresuma Batuan, eta %8,8 besterik ez dira katolikoak -bost milioi lagun-. 1534an sortu zen Vatikanoko elizarekiko etena han, Enrique VIII.a erregeak eraginda. Izan ere, Clemente VII.a aita santuak ez zuen onartu Enrique VIII.aren eta Aragoiko Catalinaren arteko ezkontza bertan behera uzteko eskaera, eta Ingalaterrako eliza sortu zuten orduan.
Ratzingerrek (Alemania, 83 urte) aurtengo apirilean bost urte bete ditu aita santu gisa, eta orain arte hamasei bidaia egin ditu Vatikanotik eta Italiatik kanpora.
erresuma batua
Benedikto XVI.ak aitortu du pederastia kasuetan elizak ez duela behar bezala jokatu
Edinburgora iritsi da aita santua, eta gaurtik igandera izango da Erresuma Batuan. Eliza katolikoko buruaren azken bisita 1982an izan zen, eta aurrekoa XVI. mendean. Jendaurreko hamasei agerraldi egingo ditu Ratzingerrek. Haren aurkako protestak izan dira sexu eskubideen arloko gaiengatik. %8,8 baino ez dira katolikoak han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu