XVI. mendetik eliza katolikoko aita santua orain arte behin baino ez da joan Erresuma Batura: 1982an, Karol Wojtyla Joan Paulo II.a. Bihar izango da berriro han aita santu bat: Joseph Ratzinger Benedikto XVI.a.
Hurrenez hurren, Edinburgo (Eskozia), Glasgow (Eskozia), Londres eta Birmingham (Ingalaterra) bisitatuko ditu igandera bitartean. Isabel II.a erreginarekin batuko da bihar, eta David Cameron lehen ministroarekin larunbatean. Gizarteko arloetako arduradunekin ere bilduko da egunotan, eta domekan John Harry Newman kardenala beatifikatuko du. Jendaurreko hamasei agerraldi egingo ditu denera: diskurtsoak, agurrak, mezak, harrerak...
Azkeneko egunetan haren bisitaren aurkako protesta garrantzitsuak izan dira han; batik bat, Londresen. Preserbatiboaren eta abortuaren kontra egotea, homosexualen eta transexualen eskubideen aurka egotea, edo eliza katolikoko hainbat apaizek adintxikiko lagunei eragindako sexu gehiegikeriei behar bezala aurre egin ez izana egozten diote Benedikto XVI.ari. Gobernuak hamasei milioi euro xahutuko ditu bidaia ondo atera dadin, eta horietatik bi aita santuaren segurtasuna zaintzeko erabiliko ditu.
59 milioi lagun bizi dira Erresuma Batuan, eta %8,8 besterik ez dira katolikoak -bost milioi lagun-. 1534an sortu zen Vatikanoko elizarekiko etena han, Enrique VIII.a erregeak eraginda. Izan ere, Clemente VII.a aita santuak ez zuen onartu Enrique VIII.aren eta Aragoiko Catalinaren arteko ezkontza bertan behera uzteko eskaera, eta bertako eliza sortu zuten orduan Erresuma Batuan.
Ratzingerrek (Alemania, 83 urte) aurtengo apirilean bost urte bete ditu aita santu gisa, eta orain arte hamasei bidaia egin ditu Vatikanotik eta Italiatik kanpora.
eliza
Benedikto XVI.aren bisita historiko eta polemikoa
Erresuma Batuak berriro jasoko du eliza katolikoko aita santuaren bisita; bihartik igandera izango da. Aurreko bisita 1982an izan zen, eta aurrekoa XVI. mendean. Jendaurreko hamasei agerraldi egingo ditu Ratzingerrek. Haren aurkako protestak izan dira sexu eskubideen arloko gaiengatik. %8,8 baino ez dira katolikoak han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu