Erresuma Batua

Bercowk ez du onartu Johnsonen itunaz gaur bozketarik egitea

Komunen Ganberako presidenteak argudiatu du testua herenegun eztabaidatu zutela, eta, hortaz, gaur ez dutela beste aukerarik izango horren inguruan bozkatzeko.

John Bercow Komunen Ganberako presidentea, gaur, erabakiaren berri ematen. EFE
Berria
2019ko urriaren 21a
17:37
Entzun

Komunen Ganberako diputatuek gaur ez dute aukerarik izango Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Europako Batasunarekin (EB) adostu zuen akordioaren inguruko bozketarik egiteko. John Bercow ganberako presidenteak argudiatu du horretarako aukera izan zutela herenegun, eta, testu bera denez, gaur ez dutela horren inguruko bozketarik egingo: "Errepikakorra izango litzateke".

Iragan larunbatean, Johnsonek EBrekin adostu zuen ituna aurkeztu zuen parlamentuan, baina, hori aztertzeko denbora gutxi izan zutela argudiatuta, diputatuek akordioari buruzko bozketa atzeratzeko emendakina onartu zuten. Horren helburua zen, besteak beste, lehen ministroa behartzea hirugarren atzerapena eskatzera. Eta hark hala egin behar izan zuen, behartuta.

Komunen Ganberako presidenteak erabaki bera hartu zuen iragan martxoan, garai hartan lehen ministro zen Theresa Mayk EBrekin adostu zuen testua hirugarren aldiz bozkarazten saiatu zenean. Orduan ere argudio bera erabili zuen: ezin zela akordio bera behin eta berriz bozkarazi.

Gaur-gaurkoz, irteteko eguna urriaren 31 da oraindik ere, Europako Batzordeak jakinarazi baitu Erresuma Batuko asteotako gertakarien arabera hartuko duela erabakia. Ez dirudi, ordea, Johnsoni ezezkoa emango diotenik, agintarien egunotako adierazpenak kontuan hartuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.