Berriro gertatu da: Frantziako ezkerra, bloke gisa, hautsi dute; kasu honetan, Sebastien Lecornu lehen ministroaren erabaki batek. Izan ere, bihar, PS Frantziako Alderdi Sozialistak ez du babestuko LFI Frantzia Intsumisoak gobernuburuaren aurka erregistratutako zentsura mozioa, zeren Lecornuk, erortzen utz ez zezaten, konpromisoa hartu baitu exijitzen ziotena egiteko. Hala, erretretaren erreforma 2028ra arte behin-behinean indargabetu du. PSren erabakia gaitzetsi egin du LFIk. Horrekin lotuta, erreformaren indargabetzea ofizial egiteko asmoz, Lecornuk jakinarazi du gaur gobernuak zuzenketa bat proposatuko duela Asanblea Nazionalean azaroan.
LFIren sumindura galdera baten bidez plazaratu du Manuel Bompard alderdiaren koordinatzaileak, X sare sozialean: «Nola aritu daitezke beren burua modu horretan engainatzen?». Gaur ere osoko bilkura eduki dute Asanblea Nazionalean, eta, hitza hartu duenean, Paul Vannier LFIren diputatua PSkoei zuzendu zaie, eta esan die oraindik ere badutela denbora iritziz aldatzeko eta Lecornuren aurka bozkatzeko. Bihar eztabaidatuko eta bozkatuko dituzte lehen ministroa kargugabetzeko zentsura mozioak, 09:00etatik aurrera, Asanblea Nazionalean; LFIren mozioari helduko diote, baita RN Batasun Naziona eskuin muturreko alderdiarenari ere.
PSren zuzendaritzak alderdiaren diziplina errespetatzeko eskatu die diputatuei; alegia, ez dezatela Lecornu erortzearen alde egin. Dena den, gaur-gaurkoz, lau diputatu sozialistak adierazi dute ez daukatela argi zer egin —69 diputatu ditu—. Ordezkaritza parlamentarioa duten alderdiak orain arte esandakoak kontuan hartuta, kalkulatu daiteke ezen, PSkoek barne diziplina hausten ez badute, hogei bat botoren abantaila lukeela Lecornuk; hortaz, aldea ez da hain handia.
Legegintzaldi honetan hiru lehen ministro izendatu ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: Michel Barnier, François Bayrou eta Lecornu. Bigarrena kargugabetzeko lehen saiakeran, urtarrilean, PSk ez zuen LFIren zentsura mozioa babestu. 2024ko udan, legebiltzarrerako bozak egin zituztenean, PS, LFI, PCF Frantziako Alderdi Komunista eta Berdeak ados jarri ziren, eta NFP Fronte Popular Berria aliantza sortu zuten; RNren gorakada nolabait galgatzeko mugimendu bat izan zen. Bloke ideologiko gisa, ezkerra izan zen boz horietan diputatu gehien lortu zituena: 195 aulki —577 ditu Asanblada Nazionalak—.
Lescureren konpromisoa
Lecornuk jakinarazi zuen erreforma indargabetuko dutela, bai, baina horrek kostu bat izango duela. Eta datu batzuk eman zituen: 2026an 400 milioi euro ingurukoa, eta 2027an 1.800ekoa; hain zuzen, urte horretan dira egitekoak presidentetzarako hauteskundeak. Roland Lescure Ekonomia eta Finantza ministroak jendaurrean esan du Lecornuk planteatutakoak ez diola soilik pentsioen kutxari eragingo; haren esanetan, erreformak aurreikusitakoa baino lehenago hartuko dute erretiroa hainbatek, eta horrek eragina izango du estatuaren kontuetan, pertsona horiek beren lan jarduna etengo dutelako, gutxiago kontsumituko dutelako eta zerga gutxiago ordainduko dituztelako.
BESTE KOLPE BAT eman diote LE PENI
Marine Le Pen BN Batasun Nazionala eskuin muturreko liderrak beste kolpe bat jaso du gaur. Europako Parlamentuko funtsak desbideratzea egotzita, Parisko Auzitegi Korrekzionalak bost urterako inhabilitatu zuen martxoan, eta
Estatu Kontseiluak jakinarazi du gaur atzera bota duela Le Penek neurri horren kontra jarritako helegitea. Organo horrek ohar batean nabarmendu duenez, Frantziako eskuin muturraren liderrak «legea aldatu» nahi zuen helegitearen bidez. Urtarrilean da hastekoa epaiketa, Parisko Helegite Auzitegian.
Horiek horrela, Olivier Faure PSren idazkari nagusiak aldaketa bat proposatu du Lecornu aurkeztekoa den 2026rako aurrekontu proposamenari dagokionez. BFMTV telebista katean gaur adierazi duenez, zuzenketa bat egingo diote, %2ko zerga ezartzeko 100 milioi euro baino gehiagoko ondarea dutenei. Haren esanetan, 1.800 inguru dira, eta modu horretan 15.000 milioi euro inguru bildu ahal izango lituzke estatuak; are, gobernuaren aurrekontu proposamenarekin, aberatsei ezarritako zergen bidez estatuak 2.500 milioi inguru bildu ahal izango lituzkeela gaineratu du. Bide batez, presioa gainetik kendu nahi izan du, eta nabarmendu Lecornu ez dagoela PSkoen erabakiaren mende, «frantziarren esku» baizik.
Horren guztiaren harira, defizit publikoari dagokionez hartutako konpromisoak beteko dituztela azpimarratu du gaur Lescurek, RTL irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. EB Europako Batasunak honako hau eskatzen die estatu kideei: defizit publikoa norberaren barne produktu gordinaren %3tik beherakoa izatea. Frantziak %5,4ko defizit publikoa izanda bukatuko du urtea, eta gobernuburuaren helburua da 2026rako %4,7ra murriztea. Ez dio atea ixten, halere, %5era iristeari; Faureren ustez, 9.000 milioi gehiago edukiko lituzke estatuak modu horretan.