"Fiskaltzak esan berri digu erakunde kriminal bat garela; 70 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak eskatu dituzte; jendea dugu erbestean; errepresioa etengabekoa da. Hau guztia konpondu beharra dago. Berehalako bilera eskatu nahi diot Sanchezi egoera honetaz hitz egiteko", esan du Quim Torra presidenteak TV3 kateari eskainitako elkarrizketa batean.
Gaur goizean egin ditu adierazpenok Generalitateko buruak, Kataluniako auziari buruzko epaiketan fiskaltzak ondorioak aurkeztu eta hurrengo egunean. Javier Zaragoza fiskalak estatu kolpetzat jo zuen atzo 2017ko erreferenduma. "[Espainiako] Konstituzioa hautsi nahi izan zuten, beharrezkoa zenean indarkeria erabiliz".
Akusazioaren ondorioa entzun eta berehala iragarri zuen Torrak berak sententziari erantzun bateratua emateko asmoa, eta horregatik abiatu zuen bilera sorta bat autodeterminazioaren alde agertu diren eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin.
Bide batez, Generalitateko buruak gogorarazi du Espainiako Gobernuak entzungor egin diola NBEko Atxiloketa Arbitrarioen Lantaldearen aholkuei. Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixartek aske uzteko eskatu zion lantaldeak Madrili, eta baita Katalunian gertatutakori buruzko "ikerketa independente bat" egiteko ere.