«Zoritxarrez ni ere hilkorra naiz, eta uste dut hau 2.565. audientzia dela. Ez dago inor munduan ni beste defendatu behar izan duenik». Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak kazetarien aurrean egindako adierazpenak dira horiek. Milango Justizia Jauregira agertu zen atzo, aurreko astean ez bezala, epaileen deia aintzat hartuta. Duela hamabost egun ere, epaileen aurrera agertu zen lehenengo aldiz zortzi urtean. Mediaset auzia zela-eta deklaratu du lehen ministroak. Telebista eskubideak, filmak eta serieak saldu eta erosteko orduan iruzur fiskala egin izana leporatzen diote; 470 milioi euroko operazioak egin zituen. Berlusconik, baina, akusazio guztiak ukatu ditu beste behin «barregarriak, zentzugabeak eta oinarrigabeak» direla argudiatuta.
Ruby auziaren harira, berriz,kazetarien aurrean mintzatu zen: «Dirua eman nion, prostituzioan aritzeko beharra izan ez zezan». Milango auzitegiaren aurrean, dozenaka kazetari eta milaka lagun elkarretaratu ziren atzo ere, lehen ministroari babesa erakusteko hirira autobusetan gerturatutakoak asko.
Berlusconik lau prozesu ditu zabalik justiziarekin. Konstituzionalak urrian bota zuen atzera immunitatea ematen zion legea.
Berlusconi epaileen aurrera agertu da bigarren aldiz bi astean
Ruby gazteari dirua eman ziola adierazi du lehen ministroak, prostituzioan aritzeko beharra izan ez zezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu