KLIMA ALDAKETA

Berotegi gasen isuriak %2,3 handitu ziren iaz, NBEren arabera

Erakundeak salatu du «etengabeko geldotasun kolektiboak» arriskuan jartzen duela munduko berotzeak 1,5ºC ez gainditzearen helburua.

Tximinia batzuk, Errusian.
Tximinia batzuk, Errusian. MAXIM SHIPENKOV / EFE
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 4a
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Parisko Hitzarmena hamar urte betetzear dela, NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak urtero kaleratu ohi duen txostenean adierazi dute 2024an %2,3 handitu zirela berotegi gasen isuriak. Parisko Hitzarmena mugarri gisa hartu ohi da, Lurraren berotzeak 1,5ºC ez gainditzeko helburu kolektiboa ezarri baitzuen, baina azken txostenetan garbi uzten ari dira ez dela nahikoa egiten ari, munduaren berotzearen erantzule nagusi diren gasen isuriek handitzen jarraitzen baitute. NBIPk gogor jo du herrialdeen kontra; uste du ez direla nahikoa egiten ari klima aldaketa gelditzeko, eta uste du «arriskuan» dagoela 2015. urtean jarritako helburua.

Urte berezia dela uste du NBIPk; txostenaren hasieran gogorarazi du badirela hamar urte Parisko Hitzarmena sinatu zela, eta nabarmendu  du aurtengo Nazioen arabera Zehaztutako Ekarpenak berritu behar direla Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmeneko herrialdeen konferentzian (COP30). Baikortasun seinaleak behar lukete, baina txostenak agerian utzi du herrialdeak inoiz baino berotegi gas gehiago ari direla isurtzen atmosferara: 57,7 gigatona karbono dioxido baliokide (GtCO2b) isuri ziren iaz.

Karbono dioxidoa da gehien isurtzen den berotegi gasa, baina gutxiago isurtzen diren beste batzuek, metanoak adibidez, berotegi eragin handiagoa dute; hori dela eta, isuri globalak kalkulatzeko, gainontzeko gasen efektua karbono dioxidoarenarekin parekatzen dute. 2023. urtean, 56,3 GtCO2b isuri ziren; beraz, isuriak %2,3 handitu dira. Aurreko hamarkadako isurien batezbestekoa 53,3 GtCO2b izan zen.

Isuritako 57,7 gigatona CO2 baliokide horren handiena karbono dioxidoa izan da: 39,6 GtCO2b (%69). Metanoa ia 10 GtCO2b-ra iritsi zen, 9,3, eta oxido nitrosoa 2,6ra iritsi zen.

Energiaren sektorea nagusi

Berotegi gasen isuriak sektoreka banatu ditu NBIPren txostenak. Lehenik eta behin, nabarmendu du isurien %73 erregaien errekuntzarekin dutela zerikusia, eta gainontzekoek nekazaritzarekin eta antzeko sektoreekin —metanoaren parte handi bat, adibidez, sektore horietan isurtzen da—. Energiaren sorkuntzaren sektoreak eragin du munduan isuri gehien, emisio guztien %27 egotzi baitizkio NBIPk. Garraioa da bigarren, isurien %15ekin, eta industria da emisioen %11ren erantzulea.

Hidrokarburoen sorkuntzari karbono isurien hamarren bat dagokio, eta etxebizitzek eta eraikinek isuri dituzte berotegi gasen %6. Nekazaritzak eta abeltzaintzak, berriz, %11. Atzerago dago, adibidez, hondakinen sektorea.

Datorren astelehenean hasiko da COP30 biltzarra, Belemen (Brasil), eta herrialdeek jada aurkeztuak behar zituzten Nazioaren arabera Zehaztutako Ekarpenak (NDC ingelesez). Askok ez dituzte aurkeztu oraindik, eta aurkeztu dituztenak, NBIPren arabera ez dira nahikoa. Uste du «gutxi» egiten dutela isuririk gabeko mundu bat lortze aldera. G20 taldeko hogei herrialdeak dira isurlerik handienak; guztira 35 GtCO2b isurtzen dituzte, eta NBIPren arabera, ez dute lortuko 2030erako ezarriak zituzten isurketak murrizteko helburuak. Txina, EB, India, Turkia, Errusia, Hegoafrika eta Mexiko dira helburuak lortzeko aukera gehien dituztenak, eta atzean geratzekoak dira, besteak beste, Erresuma Batua eta Amerikako Estatu Batuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.