Anas Modamani Alemaniara ailegatu berri zen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin (2005-2021) selfie bat atera zuenean. Hamar urteotan, herrialdeko eta nazioarteko hedabide andanatan hitz egin du argazki horren inguruan, eta, telefono bidez, beste behin kontatu du anekdota hura: «Izar bat zela uste nuen, pertsona famatu bat; selfie hori atera eta hamar minutu geroago esan zidaten Merkel zela». Siriako gerratik ihesi joan zen Modamani hara, 2015eko abuztuan, eta oraindik akordatzen da aurreneko egun haiekin: «Pentsatu nuen [Alemania] oso modernoa zela, herrialdeari buruzko gauza onak besterik ez nuen entzun; bertakoek jendea laguntzen zutela, eta ikasketak egiteko leku paregabea zela».Â

Sirian du sorterria Nur al-Zubi errefuxiatuak ere, eta, Modamaniren eta beste ehunka mila migratzaileren antzera —400.000 inguru—, 2015ean iritsi zen Alemaniara. Atzera begira jarrita, gauza bera nabarmendu dute bi elkarrizketatuek, «harrera beroa» izan zutela. Adibide batzuk jarri ditu Al-Zubik, bideo dei bidez: «Hezkuntzarako bidea erraztu ziguten, etxebizitzarekin lagundu, hizkuntza eskolak eman… 2015ekoa mende honetako migrazio olderik handiena izan zen, eta [Alemaniako] gizarteak laguntzeko grina handia zuen». Hamar urteren ondoren, baina, apenas geratzen diren elkartasun olde horren kondarrak.Â
AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra 2013ko otsailean sortu zuten. Aurreneko urteetan babes txikia bazuen ere, apurka-apurka indartu egin da, otsaileko hauteskunde federaletan babes gehien bildu zuten alderdietan bigarrena bihurtzeraino. Modamanik aitortu du «beldurtu» egiten duela AfDren gorakadak, hainbeste non datozen urteetan Alemaniatik joatea pentsatzen ari baita: «Orain, hemen ez dute errefuxiaturik nahi, gero eta diskriminazio handiagoa dago; agian hobeto egongo naiz Italian edo Espainian».Â
«Hemen ez dute errefuxiaturik nahi, gero eta diskriminazio handiagoa dago; agian hobeto egongo naiz Italian edo Espainian»Â
ANAS MODAMANI Alemanian bizi den errefuxiatua
Edonola ere, migrazioaren inguruko jarrera ezkorra ez da soilik ultraeskuinaren alorrean indartu; geroz eta agerikoagoa da teorian «demokratikoagoak eta ezkertiarragoak» diren alderdietan ere. Hala salatu du Al-Zubik, eta gaineratu orain «asilo eskatzaileak deportatzeaz» bakarrik hitz egiten dela han, hausnartu ere egin gabe pertsona horiek zergatik utzi behar izan duten sorterria. «Errefuxiatua izatea ez da erabaki pertsonal bat: halabeharrez egiten da ihes».
2025eko lehenengo seihilekoan, Alemanian nabarmen egin du behera asilo eskatzaileen kopuruak. Al-Zubiren esanetan, Alemaniako Gobernuak uste du migrazio politikak gogortu izanaren ondorioz izan dela beherakada hori, errefuxiatuek beren lurraldeetan bizi duten errealitatea eta testuingurua aintzat hartu gabe. Sorterriko egungo egoerari erreparatu dio: «[Baxar] Al-Assaden gainbeheratik, Siriako herritar askok jada ez dute herrialdetik ihes egiteko beharrik». Eta gehitu du badirela beherakadaren fenomeno horretan eragiten duten beste eragile batzuk: «Lurralde batzuetatik, modu sinplean esanda, ezin dute ihes egin, adibidez Gazatik; halaber, legez kanpoko migrazio ibilbideak daude, nahiz eta errefuxiatuek ez duten Europara legalki iristeko modurik».
Haria ez dadin eten
Jaioterria utzi eta helmugako herrialdera iritsi ondoren, nork bere bideari ekin behar dio. Berriro hutsetik hastea da erronka, eta harreman sozioafektibo berriak eraikitzea. Modamanik azaldu duenez, norberaren izaerak erraztu edo zaildu egin dezake prozesu hori: «Nik ez nuen arazorik izan jendea ezagutzeko, baina oso irekia eta mugitua naiz, eta azkar ikasi nuen hemengo hizkuntza».Â
Ikuspuntu zorrotzago bat du Al-Zubik. Haren arabera, zilegi da Alemanian bizitzea eta komunitate arabiarraren edo turkiarraren parte izatea, alemaniarrekin harremanik izan gabe. Integrazioa terminoaren erabilera ere kritikatu du: «Pertsona guztiok gara berdinak; besterik gabe, kultura eta bizitzeko modu desberdinak ditugu». Horregatik, uste du hobe dela integrazio hitza erabili baino «kulturartekotasuna» baliatzea, argudiatuta horren bidez dela posible elkarbizitza hobetzea.Â
«Niri eta nire antzeko istorioak dituztenei buruzko erabakiak europarrek hartzen dituzte; horregatik erabaki nuen politikan hastea»Â
NUR AL-ZUBIÂ Alemanian bizi den errefuxiatua
Nolanahi ere, batak zein besteak Alemanian bizi diren migranteei laguntzen dihardute. Modamanik ikus-entzunezko komunikazioan egiten du lan, eta elkarrizketak egiten dizkie etorkinei: «Elkarrizketatuetako askok lanpostu onak lortu dituzte, enpresak sortu dituzte edo ikasketak egiten ari dira. Beste batzuek arazoak dituzte lana edo etxebizitza aurkitzeko; denetarik erakusten dut». Al-Zubik ere komunikazioan egin zuen lan hasieran: «Egunkari bat sortu genuen. Migranteek soilik idazten genuen, guk kontatzen genituen gure istorioak». Orain Turingiako Udalean egiten du lan: «Niri eta nire antzeko pertsonei buruzko erabakiak europarrek hartzen dituzte, erbestera joan behar izan ez duten pertsona zuriek; horregatik erabaki nuen politikan hastea».
Hamar urte igaro dira Modamani eta Al-Zubi Alemaniara iritsi zirenetik. Hamar urte sorterria utzi zutenetik. Denbora horretan, Modamani behin itzuli da Siriara: Al-Assaden agintaldia —25 urte zeramatzan— erori ostean. Berriz hara joatekoa da datorren hilean, nahiz eta aitortu duen oraindik ez dela «guztiz segurua». Al-Zubi ez da inoiz Siriara itzuli; are, ez zaio inoiz aukera hori burutik pasatu ere egin. Egoerak hobera egiten badu, ordea, baliteke bisitan joatea: «Siriak denbora behar du, baita indarra ere; eta, batez ere, urteotan atzerrian bizi izan diren siriarrak, guk baitakigu zer den demokrazia bat. Horrez gain, Siriara itzultzea posible izango da soilik Israelek eraso egiteari uzten badio».