Honduras

Berta Caceres hiltzeagatik zigortutakoei kondena ezarri diete: 30 eta 50 urte arteko espetxealdia

Hilketaren egile materialak izatea egotzi die Hondurasko Zigor Auzitegiak. Caceresen sendiak eskatu du erantzule nagusiak atxilotzeko eta zigorgabetasuna amaitzeko.

Lenca komunitate indigenako hainbat kide, Berta Caceres ekintzaile ekologistaren irudia duten kartelak eusten, 2017ko urrian, Hondurasko Rio Blanco komunitatean. GUSTAVO AMADOR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 3a
18:14
Entzun

Berta Caceres ekintzaile ekologista hiltzeagatik, zazpi gizonezko erruduntzat jo zituen Hondurasko Auzitegi Gorenak, iazko azaroan, eta, atzo, kondenatuek bete beharko dituzten zigorrak zein diren jakinarazi zuen herrialdeko Zigor Auzitegiak. 30 eta 50 urte arteko espetxe zigorrera kondenatu zituen. Caceres hil zuten egun berean Gustavo Castro ekintzaile mexikarra hiltzen ahalegintzea ere egotzi diete.

Zortzigarren auzipetu bat bada: Roberto David Castillo Desa enpresako presidentea. Azken hori epaiketa paralelo batean da, eta epaiaren zain da oraindik, behin-behinean espetxeratuta. Caceresen hilketaren egile intelektuala izatea leporatzen diote.

Hondurasko Zigor Auzitegiak 50 urteko kartzelaldia ezarri die Edilson Duarteri, Henry Javier Hernandezi, Elvin Rapalori eta Oscar Torresi: 34 urte Caceres hiltzeagatik, eta beste hamasei Castro hiltzen ahalegintzeagatik. Douglas Bustillo, Sergio Rodriguez eta Mariano Diaz Chavez, berriz, 30 urteko espetxealdira kondenatu ditu, hilketaren egilekide izateagatik. Zigortuak hiru sikario, bi militar ohi eta Desa enpresako bi langile —komunikazio kudeatzailea eta segurtasun arduradun ohia— dira.

Caceres 2016ko martxoaren 2an hil zuten, La Esperanzan, Honduras mendebaldean. Lotan zegoen eraso egin ziotenean. Haren etxean zegoen Castro ere, eta balaz zauritu zuten belarrian. Castro bertan zegoelako, ezinezkoa izan zen hilketa lapurreta ahalegintzat hartzea.

Ekintzaile ezaguna zen Caceres. Copinh Hondurasko Elkarte Herrikoi eta Indigenen Kontseilu Zibikoko koordinatzaile nagusi izateaz gain, Komunitate lencako eta nekazari mugimenduetako buru zen, eta giza eskubideen defendatzailea ere bai. 2015eko apirilean, Goldman ingurumen saria eman zioten. Caceresek berak lenca komunitate indigenako buru ugariren hilketak salatu zituen.

Komunitate horrek kontra egin zion Agua Zarca presa eraikitzeko proiektuari, Caceresek gidatuta. Desa enpresak sustatu zuen, Gualcarque ibaiaren bidea aldatu eta zentral hidroelektriko bat martxan jartzeko.

Desako agintariek behin eta berriz ukatu dute Caceresen hilketa antolatu zutela, baina familiak enpresa hori jotzen du erantzule nagusitzat. Desaz gain, argindar sektoreari lotutako hainbat enpresari, eta Hondurasko zenbait funtzionario eta militar ere errudun direla ziurtatu du. Sendiak egile intelektual guztiak atxilotzea galdegin du, eta zigorgabetasuna amaitzeko.

Caceresen familiak eta Cipoinh elkarteak ohar bidez adierazi dutenez, nahikoa froga daude Atala sendiko zenbait kide —Desa enpresako akziodunak direnak— eta beste hainbat susmagarri auzipetzeko. Horrez gain, gogorarazi dute giza eskubideen aldeko hainbat nazioarteko eragilek salatu dutela estatuaren jokabidea, Caceresen hilketa behar bezala ikertzeari uko egiteagatik. Familiak eta Cipoinh elkarteak misio independente bat galdegin dute hilketaren arduradunak auzipetu eta epaitu ditzaten. "Berta gure ahizpa, aurrerantzean ere, borroka eta itxaropen sinbolo izango da bizitzaren defentsan gudan segitzen duten eta diktadura honek jazartzen eta kriminalizatzen dituen lurralde guztientzat", dio oharrak.

Castrok ere egile intelektualak zigortzeko eskatu zuen, urtarrilean, BERRIAk argitaratu zuen elkarrizketa batean. «Hilketaren egile materialak zigortuko dituzte, baina espero dugu egile intelektualak ere epaitzea; hau da, Desa enpresa eta Atala Zablah familia. Horiek oraingoz zigor gabe daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.