Migratzaileak

Beste 39 migratzaile erreskatatu ditu 'Open Arms' ontziak

Maltak porturatzeko baimena eman die azken horiei, baina ez aurretik ontzian ziren beste 121 pertsonei. Gobernuz kanpoko erakundeak "onartezintzat" jo du erabaki hori. "Burokrazia eta nekropolitika" amaitzeko eskatu dute Bilbon, elkarretaratze batean.

Open Arms eta migratzaileen aldeko beste GKEak babesteko elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Hodei Iruretagoiena
2019ko abuztuaren 10a
16:27
Entzun

Open Arms ontzian 160 bat migratzaile daramatzate dagoeneko. Bederatzigarren eguna dute gaur haietako 121ek, eta horrek "segurtasun arazo handiak" eragin dituela salatu du ontziaren ardura duen gobernuz kanpoko erakundeak. Bart erreskatatu dituzte azken 39 migratzaileak, Malta inguruan. Maltako Gobernuak porturatzeko baimena eman die azken horiei; ez, ordea, ontzian doazen gainerako pertsonei. Maltako agintariek argudiatu dutenez, 39 migratzaileak erreskatatzeko operatibo bat abian zuten, baina aurreratu egin zitzaien Open Arms. Azken horiek Maltaren "ardurapeko eremuan" jaso zituztela esan dute, eta horregatik hartuko dituztela; ez, ordea, gainerakoak.

Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak "onartezintzat" jo du erabaki hori, bederatzi egun baitaramatzate ontzian migratzaile horiek. OIM Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, gutxienez 840 lagunek galdu dute bizia Mediterraneo itsasoan urte hasi zenetik.

Atzo bezala, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak elkarretaratzea egin du gaur ere Bilboko Moiua plazan, Italiako eta Maltako gobernuen "ezezko kriminala" salatzeko eta herrialdeei eskatzeko harrera egin dezatela. Europako Batzordearen eta gobernu kideen "konplizitatea" ere salatu dute. "Burokrazia eta nekropolitika" amaitzeko eskatu dute: "Herritarren gehiengoak Mediterraneoan biziak, duintasuna eta giza eskubideak salbatzea nahi du".

Ocean Viking ontziak, bestalde, beste 80 migratzaile erreskatatu zituen atzo. Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterraneoa erakundeen salbamendu ontzia da Ocean Viking, eta, adierazi dutenez, lau haur daude erreskatatu dituzten migratzaile eta errefuxiatuen artean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.