Arrantzatzen dituen baleen kupoa handitzeko Groenlandiako ordezkariek eginiko eskaera atzera bota du IWC Balea Arrantzaren Nazioarteko Batzordeak, egunotan Txilen egin duen urteroko bilkuran. Groenlandiak bere populazio indigenarentzat (inuitak) arrantza kopurua handitzea eskatu zuen, hain zuzen ere, urtean hamar balea konkordun (Megaptera noveangliae da izen zientifikoa) arrantzatzeko baimena. Eskaerak polemika piztu du herrialde arrantzaleen eta kontserbazionisten artean. Nolanahi ere, Groenlandiak jasotako ezetzak ordezkariak mindu ditu, eta erabaki horrek inuitei hain beharrezkoa duen balea haragia kopuru txikian lortzea eragingo duela azaldu dute.
«Damu sakona dut, IWC ez baita gai izan bere eginbeharrak betetzeko, Groenlandiak haren eskakizun guztiak bete baititu», kexatu da Groenlandiako Arrantza Industriako ministro Amalie Jessen. Herrialdeak bere metropoliaren, Danimarkaren bidez egin zuen eskaera. Horrek kontrako 36 boto, aldeko 29 eta bi abstentzio jaso zituen herenegun, IWCk Santiagon eginiko osoko bilkuran. IWCren urteroko bilkura -egiten den 60.a- atzo bukatu zen. Alta, erakundeko kide diren 81 herrialdeetako ordezkari guztiak ez ziren atzoko bileran egon.
Europako Batasuneko estatu kideek eta Latinoamerikako hamahiru estatu ordezkatzen dituen Buenos Airesko Taldeak kontra bozkatu dute, eta Groenlandiari IWCko akordioak urratzea leporatu zioten, ebazpenak adostasunez hartzea hitzartu zutela gogorarazita. Hain zuzen ere, Groenlandiaren eskakizunaren aurka bozkatu dutenen argudioa zera izan da: indigenek eskubidea dute baleak arrantzatzeko, baina haien ordezkariek aurkeztutako txosten zientifikoak ez ditu eskaera onartzeko «oinarri aski».
Aitzitik, Groenlandiaren alde lerratu dira AEBak, Errusiako Federazioa, Gabon, Hego Korea, Islandia, Japonia, Norvegia eta Saint Vincent eta Grenadina uharteak, besteak beste.
Horietako batzuetako komunitate indigenek, hala nola Alaskako inuitak (AEBak) Chukotkako indigenak (Errusiako Federazioa) eta Groenlandiakoek baimena dute irauteko balea kopuru jakin bat arrantzatzeko. Gainerako herrialde eta estatuek, ordea, merkataritzara bideratuko den arrantza debekatua dute 1986tik.
Errusiako ordezkariak salatu du IWCren barrenean bloke bat sortu dela, eta «argudio zientifiko guztiak alferrik» izan direla Brusela eta Buenos Airesko Taldea konbentzitzeko. Japoniaren arabera, «herri aborigenen eskubideari eta IWCren gorputz eta arimari eraso zuzena» da Santiagoko bilkuraren erabakia.
Ingurumenaren aldeko gobernuz kanpoko erakunde batzuen iritziz, Japoniaren eta Karibeko bere aliatuen -Saint Vincent eta Grenadinak, kasu-jarrera «hipokrita» da. Hala, HSI Humane Society Internationaleko presidente Patricia Forkanek gogorarazi die IWCk 2002an egin zuen bilkuran haiek blokeatu egin zituztela bizirik irauteko arrantzarako proposatutako kupoak.
Horiek hala, IWCk urtea bukatu arteko honako kupoak ezarri ditu oraingo bilkuran: Alaska eta Chukotkarako 56 ipar balea (Balaena mysticetus); Chukotkarako 124 balea gris (Eschrichtus robustus); Groenlandiarako 212 zere txiki (Balaena acuturostrata), hemeretzi zere arrunt (Balaenoptera physalus) eta bi ipar balea; Makaherako (AEBetako Washington estatuan) bost balea gris; Bequiarako (Saint Vincent eta Grenadinak) lau balea konkordun.
Groenlandia salatu dute
Groenlandiak eskatutako kupoak errefusa jasotzeaz gain, baleen aldeko Europako talde batek hura kritikatu du. WSPA Animaliak Babesteko Munduko Elkarteak azaldu duenez, Groenlandiako inuitek arrantzatzen dituzten baleen %25 gutxienez merkatura bideratzen dute gero, printzipioz %100 beren elikadurarako bideratzea aurreikusia badago ere. Guztira urtean 231 balea arrantzatzeko baimena du Groenlandiako gobernu autonomoak.
WSPAk «ezegoki» irizten diobaleen %25 hori supermerkatu eta konpainia pribatuen eskuetara igarotzeari.
BESTE BATASUNA. Baleen arrantzarako kupoa handitzea ukatu diote Groenlandiari
IWCren txostenak balea kupoa egokitzat jo arren, erakundeko kideen ezezko erabakiak inuiten eskumenei eragingo die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu