Eskoziako Alderdi Liberal Demokratak ezohizko bilera egingo du gaur Dunfermlinen. Alex Salmond gobernuburuak heldu den urtean egin nahi duen independentzia erreferenduma sostengatuko duten edo ez erabaki beharko dute liberal demokratek; izan ere, alderdia independentziaren kontra baldin badago ere, erreferendumaren aldeko ahotsak ugariak dira alderdikideen artean. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistak, era berean, hainbat keinu egin ditu azken aldian liberal demokratak euren asmoetara gerturatzeko; Alex Salmondek berak hilaren hasieran orain arte aurreikusten ez zuen aukera bat jaso zuen bere proposamenean: independentziaren alde edo kontra bozkatzeko aukeraz gain, galdeketan autonomia zabaltzeko aukera ere emango zuela iragarri zuen.
Salmondek azaroaren amaieran aurkeztuko du erreferenduma egin ahal izateko lege proposamena Legebiltzarrean; han, baina, ez dauka gehiengo osorik eta hartara neurria aurrera egin dezan beste alderdiren baten babesa beharko du. Alderdi Laborista eta Alderdi Kontserbadorea dira oposizioan dauden beste bi alderdiak, baina horiek galdeketa sostengatzea zailagoa izango dute independentistek. Eskoziako laboristek berriki esan zuten ez zela une egokia erreferenduma egiteko, herritarrek galdeketa egiteko nahia izan dezaketela onartu bazuten ere.
BESTE BATASUNA. Eskoziako liberal demokratek galdeketarekiko jarrera argitu dezakete gaur
Alex Salmonden proposamena babestu edo ez erabakitzeko ezohiko bilera egingo du alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu