BESTE BATASUNA. Ustelkeriak hainbat gobernu itun hautsarazi ditu Balear uharteetan

Poliziak Unio Mallorquinako hamabost pertsona atxilotu ondoren heldu da sozialisten erabakia

2010eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
UM Unio Mallorquina, Mallorcako (Herrialde Katalanak) alderdi erregionalista hainbat ustelkeria kasurekin erlazionatu dute epaileek azken hilabeteetan: aste honetan bertan, poliziak alderdiko hamabost kide atxilotu ditu Voltor operazioaren barruan. Horren ondorioz, PSIB Balearretako Alderdi Sozialistak UMrekin zituen gobernu akordioak haustea erabaki du.

Alde batetik, Balearretako presidente Francesc Antichek kargutik kendu ditu gobernuko UMren hiru kontseilariak. Antichek begitarte larrituaz agertu zion neurria prentsari atzo: «Ezin dugu toleratu Balearretako irudia ustelkeriarekin lotuta egotea».

Era berean, Mallorcako Gobernuko presidente Francina Armengolek uhartea gobernatzen duen instituziotik alboratu ditu UMko beste hiru kontseilari, «herritarren konfiantza berreskuratze aldera», Armengolen hitzetan. Hirugarren akordio haustura Palma hiriburuan izan da: han, Aina Calvo alkate sozialistak UMko hiru zinegotziak kanporatu ditu udal gobernutik.

Gobernuak gutxiengoan

Gobernu hausturen eraginez, Balearretako erakunde nagusien gobernagarritasuna kolokan geratu da: 2007ko parlamentu, gobernu eta udal hauteskundeen ostean, Balearretako ezkerreko eta zentroko zortzi alderdik Alderdi Popularrari boterea kentzeko akordioa sinatu zuten, eskuindarrak ozta ozta gainditzea lortuz. Balearretako Parlamentuan,adibidez, PPk 28 jesarleku ditu, eta gainerako zortzi alderdiek 31. Beraz, UM gabe, uharteetako erakundeen erabakiek eskuinerako bidea har lezakete. Horren haritik, UMko presidente Josep Meliak adierazi du Antichen erabakia «presakoa eta aldebakarrekoa» izan dela, eta hemendik aurrera euren «programa politikoari jarraiki» bozkatuko dutela. Hala ere, ez du baztertu ez PPrekin zentsura moziorik aurkeztea ez hauteskundeak aurreratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.