Estaturik gabeko nazioen artean, Quebecek gertu izan zuen erabat subirano izatea. Zehazki, 1995ean egindako erreferendumean, baiezkoak gutxi falta izan zuen gehiengoa lortzeko, botoen %49,5 izan baitziren aukera horren aldekoak. Unionismoak 50.000 boto inguru gehiago baino ez zituen eskuratu. Harrezkeroztik, independentziaren auzia bazter samarrean geratu da, baina baliteke hori aurki aldatzea; izan ere, alderdi independentista nagusiak, PQ Alderdi Quebectarra kontserbadoreak, agindu du beste erreferendum bat antolatuko duela urri hasierako hauteskundeak irabazten baditu. Historiako hirugarren erreferenduma izango litzateke, eta PQk, oraingoz, aldeko ditu inkestak.
«Gobernua osatzea lortzen badugu, Alderdi Quebectarraren lehen agintaldian erreferendum bat egingo dugu. Benetako autonomia lortzeko, nahitaezkoa dugu independentzia. Gure zergen erdiak Ottawara doaz, eta, askotan, Quebecen interesen kontrako erabakiak hartzen dituzte han», esan du, erabat sinetsita, Pascal Paradisek, PQk Jean-Talongo barrutiaren ordezkari gisa Quebeceko Asanblea Nazionalean daukan diputatuak. Oraintxe, inkesta guztietan faborito da PQ, iragarri baitute botoen %30 inguru eskuratuko dituela, eta hirurogei bat diputatu, nahiz eta kontuan hartzekoa den inkesta horiexen arabera oso gertu geratuko zaiola Alderdi Liberala, alderdi unionista nagusia: botoen %28 lortuko dituela diote, eta 40 eserleku.
Quebecen, Erresuma Batuan bezala, izen bakarreko edo uninominal deritzon hauteskunde sistema daukate, eta gehiengo zabalak osatu ohi dira, baita garaileak ozta-ozta irabazten badu ere. Dena den, gehiengo osora iritsi ez baina hortik gertu geratuz gero, PQk ahalegina egin lezake beste alderdi independentistarekin osatzeko gehiengo hori, Quebec Solidarioa alderdi progresistarekin alegia, biek erreferenduma harturik helburu.
«Kanpaina hasten denean, gauzak mugitzen hasiko dira, gazteen artean mugitzen hasi diren bezala, eta hori oso garrantzitsua da. 18 eta 34 urte bitarteko gazte gehienek independentzia nahi dute»
PASCAL PARADISE PQ Alderdi Quebectarreko diputatua
Espainiako Estatuak ez bezala, Ottawak ez dio eragozten Quebeceko Parlamentuari egokitzat jotzen duenean autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko eskubidea. Horretarako, nahikoa da Quebeceko ganbera horretan gehiengo osoak hala erabakitzea —125 diputatu dira guztira—. Hori bai, parlamentu federalak argitasun lege deiturikoa onetsi zuen 2000. urtean, eta, haren arabera, parlamentu nagusiari dagokio ebaztea ea erreferendumeko galdera aski gardena den edo ez.
Auzi jakin batean, gainera, Ottawa eta Montreal ez dira ados jarri: hain zuzen, gutxieneko zer emaitza eta zer parte hartze izan behar diren erreferendumean Quebecek eskubidea izan dezan modu automatikoan estatu independente bihurtzeko. Kanadako argitasun legeak «gehiengo garbia» exijitzen du horretarako, baina ez du zehazten hori zehazki zenbat den; Quebeceko legeak, berriz, argi ezartzen du zein den sezesiorako atalasea: %50 gehi boto bat.
Hortaz, baiezkoak justu samar irabaziko balu, segur aski konponbide zaileko krisi instituzional bat sortuko litzateke Kanadan. Dena den, ez da oso probablea halakorik gertatzea, azken urteetan %30-33 izan baitira quebectar independentziazaleak; urrun daude, beraz, %50eko atalasetik.

Inkestak inkesta, Paradisek badu esperantza baiezkoak irabaziko duela. «Oraingo inkesten datuei erreparatuta, ikusten ari gara 1995eko erreferendumaren aurretik egin ziren inkesten datuen antzekoak direla. Baina oraindik ez gaude kanpainan. Kanpaina hasten denean, gauzak mugitzen hasiko dira, gazteen artean mugitzen hasi diren bezala, eta hori oso garrantzitsua da. 18 eta 34 urte bitarteko gazte gehienek independentzia nahi dute», kontatu du diputatuak, zeina abokatua baita lanbidez. Debatea pizteko, PQk Liburu urdina argitaratu du, 500 orrialde pasatxoko testu bat, non azaltzen duen nolakoa izan behar lukeen bere ustez Quebec independente batek.
Ez dago ezbaian jartzerik hala PQ nola mugimendu independentista kemenberrituta dabiltzala, hamar urte pasatxoan desertuan ibili eta gero. «1995eko erreferendumeko porrotaren ondoren, mugimendu independentistak erabaki zuen alde batera uztea independentziaren auzia harik eta inkestetan gehiengo argi bat lortu arte. Ez zuten berriz porrot egin nahi», esplikatu du Felix Matthieu Quebeceko Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak. «Beraz, 30 urteotan, Quebeceko politikako eztabaidagai nagusia ez da izan independentzia, baizik Quebeceko identitate nazionala eta immigrazioaren erronka», erantsi du Matthieuk. Zenbait zundaketaren arabera, herritarren %60 baino gehiago beste galdeketa bat egitearen kontra daude, beldur baitira horrek ez ote dituen berriz ere polarizazioa eta ziurgabetasuna ekarriko politikara.
Orain arte, «hirugarren bidea»
Kontuan hartzekoa da PQ alderdi independentista historikoak 2003an galdu zuela boterea, eta harrezkeroztik bi urte laburrez baino ez duela gobernatu, 2012tik 2014ra. Gainerakoan, urteotan guztiotan Alderdi Liberala eta CAQ Coalition Avenir Quebec egon dira boterean, txandaka. CAQ koalizio nazionalista bat da, independentziaren eta liberalek defendatzen duten statu quo-aren arteko «hirugarren bidearen» alde egin duena: alegia, Quebecen autonomia handitu nahi du, baina betiere Kanadako sistema federalaren barruan segituta. Azken bi hauteskundeetan, formula hori atera zen garaile, baina Quebeceko gaur egungo lehen ministroak, Christine Frechettek, ez du ospe on-onik, eta, zundaketen arabera, haren alderdiak botoen %20 baino ez lituzke bilduko oraintxe.
Horiek horrela, arriskatua da PQ alderdiko lider Paul St-Pierre Plamondonen erronka, erreferenduma agenda politikoaren ardatzean jartzekoa, litekeena baita horrek independentziaren kontrako boto emaileak mobilizatzea eta Alderdi Liberalaren aukera hauspotzea. «Oraingoz, independentzia berriro proiektuaren ardatz gisa hartzeko erabakia pizgarria izan da Plamondonen PQrentzat. Hark gidaritza hartu baino lehen, alderdia hondoratuta zegoen, inkesten arabera: botoen %10 baino gutxiago bilduko zituela iragartzen zioten. Gainera, aldaketa horri esker, alderdia leku onean dago orain CAQen boto emaile batzuk erakartzeko, hirugarren bidearen porrotarekin desengainua hartu duten boto emaileak, hain zuzen», zehaztu du Matthieuk.
«30 urteotan, Quebeceko politikako eztabaidagai nagusia ez da izan independentzia, baizik Quebeceko identitate nazionala eta immigrazioaren erronka»
FELIX MATTHIEUÂ Quebeceko Unibertsitateko irakaslea
Izan ere, gobernu federalak zuzen-zuzenean kontra egin die CAQen nahiei: besteak beste, Quebecek immigrazioaren arloan eskumen gehiago lortzeari eta probintzia horrek Auzitegi Gorenerako epaile gehiago izendatu ahal izateari. Baina hirugarren bidearen porrotaren erakusgarririk argiena, seguruenik, azken bost urteetan Quebecen eztabaidagai politiko nagusietako bat izandakoa da: hots, 21. legea deritzona osorik edo partzialki konstituzioaren kontrakotzat jotzeko erabakia.
21. lege hori CAQen gobernuak sustatu zuen, 2019an, Quebecen sistema laikoa finkatzeko, eta, besteak beste, funtzionario eta kargudun publiko batzuei —hala nola epaileei, poliziei eta irakasleei— debekatu egiten die edozein sinbolo erlijioso bistan eramatea. Neurri horren kontrakoek salatu dute emakume musulmanek hijab edo zapi islamikoa ez janztea izan dela legearen helburua, eta erlijio askatasuna urratzen duela. Ez alferrik, Frantziako politikako eztabaida eta obsesioek eragin handia dute Quebeceko politikan ere, eta Frantzian laikotasunaren inguruan planteatzen direnek talka egiten dute Kanadako sistema multikulturalarekin.

«Auzitegi Gorenak azken auzi saiotik sei bat hilabetera argitaratu ohi ditu sententziak. Oraingoan ere hala gertatuko balitz, hauteskunde kanpaina betean aterako litzateke. Nik uste dut bozak igaro arte ez dutela emango epaia», esan du Matthieuk. Nolanahi ere, haren hitzetan, lege osoa edo haren zatiren bat konstituzioaren kontrakotzat joko balute, hautesle nazionalista batzuek iritzia aldatuko lukete agian, eta independentisten asmoak hauspotuko lituzke horrek.
Gertatzen dena gertatzen dela, Quebecek zeresana emango du datozen hilabeteetan.