ALEMANIA

Beste kolpe bat eman diote Schroederren erreformari

SPDk 13 puntu galdu ditu Saarland eskualdeko bozetan, eta CDUk gehiengo osoa lortu du

Erredakzioa
2004ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gainbehera jasan zuen SPD alderdi sozialdemokratak igandean, Saarland hegoaldeko eskualdean eginiko hauteskundeetan. Lehen bozak izan dira SPDk zuzenduriko Berlingo gobernuaren lan merkatuaren erreformaren aurkako protesta handiak egiten hasi zirenetik. Sozialdemokratek bozen %30,8 baino ez zituzten jaso, eta CDUko demokristauek bakarrik gobernatzen jarraitzeko aukera izango dute lorturiko %47,5i esker. SPDren gotorlekua izan zen Saarland meatzari eskualdea 1999ra arte. Sozialdemokratek gizarte eta langabezia laguntzak murrizteko duten asmoak sostengua kendu die botoemaile langileen artean.

«Bigarren kolpea» aipatu zuen atzo Alemaniako prentsak. Izan ere, gogora ekarri zuten SPDk ekaineko Europako hauteskundeetan pairaturiko porrota, eta Saarlanden bozen herenak galdu dituela nabarmendu. Emaitza «porrot argi eta garratza» izen dela adierazi zuen SPDko hautagai nagusi Heiko Maasek. Maasek kanpainan parte hartu zuen zuzenean, Oskar Lafontaine lehen ministro ohiarekin batera. Azken 44 urteotan Saarlanden lorturiko emaitzarik kaskarrenak «zuritzeko modurik» ez dagoela gaineratu zuen alderdi sozialdemokratako idazkari nagusi Klaus Uwe Benneterrek.Demokristauek txanponaren beste aurpegia erakutsi dute: 1975. urtetik hona izaniko emaitzarik hoberena lortu dute, eta itxaropen guztiak gainditu dituzte. Emaitzok bi aste barru Saxonian eta Brandenburgon egitekoak diren legebiltzarretarako bozetarako «aldeko haizea» direla esan du Peter Mueller CDUko Saarlandeko lehen ministroak.Berdeek Saarbrukeko legebiltzarrean berriz sartzea lortu dute, nahiz eta Berlingo Gobernuan partaide diren eta, beraz, Hartz IV izeneko erreforma egitasmoan SPDrekin batera parte hartzen ari diren. FPDko liberalek ere Sarrlandeko parlamentuan sartzea lortu dute, %5eko muga hautsita. Nabarmentzekoa da, era berean, NPD Alemaniako Alderdi Nazionaldemokratikoa eskuin muturreko taldeak igandeko bozetan ustekabean izaniko gorakada: bozen %4,2 lortuta, Legebiltzarrean sartzeko zorian izan da.

Hartz matxinada

Saarlandeko bozetan eragin erabakigarria izan du Alemaniako Gobernua bultzatzen ari den erreforma gatazkatsuaren inguruko ika-mikak Hartz VI legea. Langabezia handiaren, estatuaren zor erraldoiaren eta ekonomia datu ahulen aurka, Alemaniako Errepublika Federalaren ongizate estatua goitik behera aldatzeko egitasmoa plazaratu du sozialdemokratek eta ekologistek osaturiko gobernu gorri-berdeak. Erreformek astindu handia emango diete lan merkatuari, erretiratuen pentsioei, osasun eta zerga sistemari. Sindikatuen arabera, aberatsenen mesederako eta txiroenen kalterako dira neurriok.

Abuztuaren erdialdean, bat-bateko protesta mugimendua sortu zen Peter Hartz Volkswagen enpresako buruaren zuzendaritzapeko batzordeak proposaturiko erreformen aurka. Alemaniako ekialdean abiatu zenmatxinada, eta horrek dozenaka mila alemaniar eraman zituen kalera, Gobernu Federalak egitasmoa bertan behera utz dezala eskatzeko. Horrez gain, SPDren inguruko jendea ezkerreko alderdi berria osatzeko asmotan dabilela zabaldu da. Lafontainek erreforma legea gelditzeko eskatu zion Gerhard Schroeder kantzilerrari. Bestela alderdi berriari sostengua emango diola ohartarazi zuen Lafontainek.Aurten porrotez porrot ibili dira sozialdemokratak: otsailaren amaieran Hanburgon, Turingian, Europako hauteskundeetan zein tokian tokiko hainbat udal bozetan; abuztuan, soilik %25eko sostengua ematen zieten inkestek.Irailean bozak egitekoak dira Saxonian eta Brandenburgon hilaren 19an eta Nordrhein-Westfalian hilaren 26an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.