Bi eredu antagoniko, parez pare

Txileko presidentetzarako bozen bigarren itzulia egingo dute gaur. Boric ezkerrekoak zentroaren babesa lortu du kanpainan, eta Kast ultrak, eskuinarena. Inkesten arabera, emaitza estuak espero dira

Jose Antonio Kast eta Gabriel Boric, presidentetzarako bozetarako debate batean, abenduaren 10ean. E. GONZALEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Gabriel Boricen diskurtsoa feminismoaren, gastu publikoaren eta, besteak beste, klima larrialdiari lehentasuna ematearen aldekoa da. Azken finean, programa sozialdemokrata bat aurkeztu du. Jose Antonio Kast, berriz, migrazioari aurre egiteaz eta familia tradizionalaren zein neoliberalismoaren onurez mintzo da. Eskuin muturraren errezeta klasikoak planteatzen ditu, berak onartu ez arren. Bi eredu antagoniko ordezkatzen dituzte, horrenbestez, eta Txileko presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian lehiatuko dira gaur.

Ez dago faborito argirik; inondik ere. Txileko Hauteskunde Legearen arabera, ezin da inkestarik argitaratu bozen aurreko bi asteetan, baina azaro amaieran plazaratutako guztiek Borici, Apruebo Dignidad koalizioko hautagaiari, ematen zioten garaipena, puntu eskas batzuen aldea baino ez izanagatik ere. Azaroaren 21ean egin zuten lehen itzulia, eta nahiz eta inkesta gehienek, orduan ere, ezker aurrerakoiko hautagaiaren garaipena aurreikusten zuten, azkenean ultrak aurrea hartu zion: botoen %27,9 bereganatu zituen Kastek, eta %25,8 Boricek. Ikusteko dago, baina kontuan izatekoa da 1990ean Augusto Pinocheten diktadura militarra bukatu zenetik herrialdean presidentetzarako egindako bozetako bigarren itzuli guztiak irabazi dituela lehen itzulian boto gehien pilatu zituenak.

Emaitza estua espero da. Hauteskunde batzordeko presidente Andres Tagle elkarrizketatu zuten herenegun Txileko irrati batean, eta ohartarazi zuen gaur emango dituzten emaitzak «atarikoak» izango direla. Gogorarazi zuen, hortaz, inork ezingo duela bere burua garailetzat jo. Kastek ostegunean esan zuenez, gaurko emaitzak oso estuak badira, astelehenera arte itxaron beharko da garailea zehazteko. Boricek azpimarratu zuen ez dituela azken emaitzak zalantzan jarriko.

Hauteskundeen garaileak Sebastian Piñera eskuinekoa ordezkatuko du karguan, 2022ko martxotik aurrera. Santiagoko Moneda jauregia da presidentearen egoitza, eta, hain zuzen, handik gertu itxi zuen Boricek kanpaina, ostegunean. Mezu argiak eman zituen. «Norbaitek uste du bera [Kast] bezalako pertsona batek ordena ekar liezaiokeela herrialde honi? Gorroto, ezegonkortasun eta indarkeria handiagoa ekarriko du». 35 urteko hautagaiak bere kontrarioaren programari heldu zion, eta «kezkagarria» dela nabarmendu: «Emakumeen aurkako indarkeria planteatzen du, jatorrizko herrien aurkakoa, baita guztion giza eskubideen kontrakoa ere». Oroitu zuen, bide batez, justizia soziala dela Apruebo Dignidaden ardatzetako bat.

Europako dozenaka intelektualek eta politikarik Boricen aldeko manifestu bat kaleratu dute, eta Kasten «arriskuez» ohartarazi. Sinatzaileen artean daude Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia, Anne Hidalgo Parisko alkatea, Manuel Rivas idazlea, Thomas Piketty ekonomialaria, Daniel Innerarity filosofoa eta Cristina Narbona PSOEko presidentea.

Kastek ere hiriburuan amaitu zuen kanpaina, familia aberatsen auzo batean. Apruebo Dignidadek Alderdi Komunista ere biltzen duenez, komunismoaren mamua haizatu zuen bere jarraitzaileen aurrean egindako ekitaldian. «Txile ez da izan eta inoiz ez da izango herrialde marxista, ezta komunista ere». Kastek ere indarkeria izan zuen hizpide, eta aipatu berak «ezkerrekoen aldetik» jasan izan duela. «Ez gaituzte engainatuko bakearen eta maitasunaren aldeko diskurtso horiekin. Aurre egingo diegu, baina arrazoia baliatuz, inoiz ez indarkeria». Ezkerrak «pobrezia» dakarrela ere adierazi zuen.

Kanpainako azken egunean lehen itzuliaren aurretik ahoratutako mezuak plazaratu zituzten, baina aurreko hiru asteetan, ordea, programak ere moldatu behar izan dituzte, beste esparru politiko batzuetako herritarren botoa lortu ahal izateko. Horren ondorioz, posizioak nahiko argi geratu dira. Azkeneko 30 urteotan boterean txandakatu diren bi koalizio hegemonikoek jakinarazi dute noren alde egingo duten gaur: zentro-ezkerrekoak Boricen alde egingo du, eta eskuinekoak Kast babestuko du. Kontuan hartu behar da, gainera, irabazten duenak batzuen edo besteen laguntza beharko duela gobernatzeko, Kongresua oso zatikatua baitago.

Parisiren jarrera

Bi familia politiko tradizionalek erabakia dute zer egingo duten. Are erabakigarriagoak izan daitezkeen botoak, ordea, beste batzuk dira. Franco Parisi sistemaren aurkako hautagaia hirugarren izan zen azaroaren 20an—%12,80—, eta ez da modu argi batean posizionatu. Hori bai, Borici baino keinu positibo gehiago egin dizkio Kasti. Ultrak parte hartu zuen Parisik Youtuben duen saio batean; ez ordea, ezkerrekoak, nahiz eta gonbidatuta zegoen eta hasieran joango zela esan zuen. Azken egunetan, gainera, Parisik eta Boricek ika-mikak eduki dituzte sare sozialetan. Hainbat ikerketak diotenez, Parisiren alde egin zutenen erdiak abstenitu egingo dira, eta beste erdiek Boricen eta Kasten artean banatuko dituzte botoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.