Chavismoak 27 urte daramatza agintean Venezuelan, eta askotarikoak izan dira aurka egin dion oposizioaren formak. Gaur egun, Maria Corina Machado (Vente Venezuela) da oposizioaren aurpegirik ezagunena, baina haren itzalera mugatu gabe, Venezuelako oposizioaren erradiografia bat egin dute, telefonoz, Alonso Moleiro El País egunkariko kazetariak (Caracas, 1972) eta Carmen Beatriz Fernandez analista politiko eta Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Politikoko irakasleak (Caracas, 1964).
Nazioarteak bi aurpegirekin lotzen du Venezuelako oposizioa gaur egun: 2025eko Bakearen Nobel saridun Maria Corina Machado ultrarekin —oposizioaren hautagaia zen 2024ko presidentetzarako hauteskundeetan, baina inhabilitatu egin zuten— eta hauteskundeetan Machadoren ordez hautagai izandakoarekin, Edmundo Gonzalezekin —Espainian bizi da gaur egun, Venezuelatik erbesteratuta—. Haien aurretik lehen lerroan aritu ziren, besteak beste, Leopoldo Lopez, Juan Guaido, Henrique Capriles eta Manuel Rosales. Baina oposizioa aurpegi horietara mugatzea ez da oposizioaren irudi osoa erakustea. Izan ere, asko dira oposizioan dauden alderdiak; behin baino gehiagotan berrantolatu dira, eta azken urteetan hainbat lidergo, estrategia eta ikuspegi eman dituen segida bat izan da.
Fernandezek zehaztu duenez, oposizioaren barruan dauden adarrak bat datoz bi ideiatan: chavismoa gaitzesten dute, eta «galdutako demokrazia berreskuratu» asmo dute. Baina estrategia desberdinak dauzkate ofizialismoari aurre egiteko. Hori dagokionez, gaineratu du «normala» dela halako talde handi baten barruan ideia edo iritzi desberdinetako jendea biltzea. «Lehia bizia dago, eta horrek batasuna zailtzen du. Hala ere, bat eginda joan dira hauteskunde garai garrantzitsu bakoitzean», zehaztu du.
Chavez 1999an gobernura iritsi zenetik, oposizioak porrot egin du Miraflores jauregira iristen ahalegindu den bakoitzean. Moleirok adierazi du oposizioak beti hartu izan duela Venezuelako espektro politikoaren eremu handi bat, eta ez direla «zokoratutako gutxieneko» soil bat. Zehaztu duenez, Chavez 2013an hil eta Nicolas Maduro agintera iritsi arte, herritar gehienak chavistak ziren. Madurorekin, ordea, herrialdearen egoerak «okerrera» egin zuela adierazi du: «Oposizioa zer den ez da ondo ulertu. Jende askok uste zuen pribilegioak galdu zituzten aberatsen talde bat zela oposizioa. Baina, Maduroren gobernua tarteko, gero eta protesta gehiago ikusten zen, eta oposizioak tokia bereganatu zuen». 2015ean ezarri du lehen mugarria Moleirok, MUD Batasun Nazionaleko Mahaia oposizioko aliantzak parlamenturako hauteskundeak irabazi zituenean —oposizioaren lehen garaipena izan zen Chavez agintera iritsi zenetik—: «Ordura arte, herrialdea chavista zen, eta izateari utzi zion».
«Lehia bizia dago, eta horrek batasuna zailtzen du. Hala ere, bat eginda joan dira hauteskunde garai garrantzitsu bakoitzean»
CARMEN BEATRIZ FERNANDEZ Analista politikoa
Guaido testuinguru horretan ahalegindu zen altxamendua egiten. Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidentea zen garai hartan, eta behin-behineko presidente izendatu zuen bere burua 2019ko urtarrilean; baina porrot egin zuen. Handik gutxira, Madurok MUD inhabilitatu zuen, eta horren ostean iritsi zen gaur egungo aliantza: PUD Plataforma Unitario Demokratikoa. Plataforma horretan, hiru pentsaera garbi desberdindu ditu Moleirok. «Alderdi bigunago bat, gobernuarengandik gertuen dagoena; zentroko alderdi bat; eta muturreko bat. Hor zegoen Machado».
Gerora, ordea, plataforma «arazoak» izaten hasi zela adierazi du Moleirok, eta herritarrak «erradikalizatu» egin zirela. Horrek eragina izan zuen oposizioko aliantzan ere. «Erradikalek eta zentrokoek bat egin zuten, alderdi erradikalak dena bereganatu zuelako. Hor gailendu zen Machado; beti egon da chavismoarekin negoziatzearen aurka», azaldu du Moleirok. Eta Fernandezek zehaztu: «Konfrontazioaren bidez egiten dute erresistentzia, eta 2024ko hauteskundeetan ateratako emaitza dute euskarri».
Hortaz, egungo oposizioa bi taldetan banatu dela esan daiteke: chavismoari kontra egin arren haiekin negoziatzeko prest daudenak, eta machadistak. Lehenak %15 inguru dira, Moleiroren ustez, eta Machadoren aldekoak, %80tik gora. Fernandezek zehaztu du Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentearen gobernuak begikoago dituela lehenbizikoak: ofizialismoarekin «bizitzeko itun bat» adostu duten alderdiak edo mugimenduak.
«
Erradikalek eta zentrokoek bat egin zuten, alderdi erradikalak dena bereganatu zuelako. Hor gailendu zen Machado»
ALONSO MOLEIRO Kazetaria
Fernandezen esanetan, ez dago alde handirik urtarrilaren 3an Donald Trump AEBetako presidenteak Maduro bahitu baino lehen zegoen oposizioaren eta horren ostean gelditu den oposizioaren artean. «2024ko hauteskundeetako bera da gutxi gorabehera. Demokrazia gosea duen gizarte bat da Venezuelakoa, eta bi aukera ikusten ditu: Delcy Rodriguezen gobernua amaierara iristea edo gobernu hori hauteskunde demokratiko baten bidez legitimatzea».
Hauteskunde horiek dira Venezuelako oposizioaren kezka nagusietako bat. Trumpek eta haren gobernuak Venezuelako Gobernua legitimatu dute, eta baztertu egin dute hauteskundeak epe laburrean egitea. Bada, horren harira, Poder & Estrategia atariak inkesta bat argitaratu zuen martxoan. Hauteskundeak noiz egin beharko liratekeen galdetu zuten, eta inkestan parte hartu dutenen %64k uste dute aurten egin beharko liratekeela.
Horretarako, AEBen babesa «ezinbestekoa» da, Moleirok nabarmendu duenez: «Machadok, esaterako, sona handia du. Baina berak ziurtatu izan duenaren kontrara, ez dauka militarren babesik». Hala ere, Vente Venezuela alderdiko liderrari dagokionez, Moleirok esan du ez duela herritarren babesa galdu, eta galdu badu, oso gutxi galdu dela. Hori bai, oposizioan bertan kritika ugari jasotzen dituela baieztatu du: «Oposizioaren barruan aurka egiten dion jende asko dago; kritika ugari jasotzen ditu. Askok nahiago dute chavismoak gobernuan jarraitzea Machado Miraflores jauregira iristea baino gehiago. Gorroto kontua da».