Nicolas Maduro presidentearen arabera, oposizioak antolatutako 48 orduko lanuztea "erabateko porrota" izan da. Aldiz, antolatzaileen esanetan, herritarren %92k egin dute bat grebarekin. Era batera edo bestera, ezin ukatu liskarrak izan direla manifestarien eta segurtasun indarren artean. Horietan, 30 eta 16 urteko bi gizon hil dira, Meridan bata eta Caracasen bestea. Bi horiekin, jadanik, 102 pertsona hil dira protestetan.
Apirilean hasi zituen oposizioak protestak, gobernuak Batzar Konstituziogile berri bat osatzeko asmoa iragarri zuenean. Orduz geroztik, milaka dira atxilotuak —betiere oposizioaren gertuko iturrien arabera—. Igandean bozen bidez aukeratuko dituzte batzarra osatuko duten 500 kideak. Ordea, Maduroren aurkariek diote "diktaduraren betikotzea" dela gobernuaren helburua.
Nazioartetik ere, gogortuz doaz Venezuelako Gobernuaren aurkako neurriak. Horietako azkenak AEBetako Altxorraren Departamentuak hartu zituen. Hark iragarri zuen gobernuaren gertuko hainbat goi karguduni izoztu egingo dizkietela Estatu Batuetan dituzten jabetzak. Ameriketako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak, Luis Almagrok, batzarra osatzeko prozesua bertan behera uzteko eskatu dio Caracasi. Eskaerarekin bat egin dute erakundeko kide diren beste hamahiru estatuk.