Gizonezko batek bi pertsona hil eta hiru zauritu zituen atzo Manchesterren (Ingalaterra), sinagoga baten kanpoaldean egindako eraso batean. Erasotzaileak ibilgailu batekin harrapatu zituen, eta zaurituetako bat labana batekin sastakatu zuen. Poliziak ustezko erasotzailea hil zuen tiroz, eta gertatutakoa ikertzen ari da. Hildakoak 55 eta 66 urteko bi gizonezko dira, Poliziak gaur jakinarazi duenez.
Hiltzailearen inguruko informazioa ere zabaldu dute: 35 urteko gizon bat da. Gainera, Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu erasoarekin lotura izan dezaketelakoan.
Jende asko zegoen atzo sinagogaren kanpoaldean, Yom Kipur eguna zelako, juduen ospakizun nagusia. Musulman Britainiarren Fundazioak erasoa gaitzetsi zuen ohar batean, eta «koldartzat» jo. Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek esan zuen ohar batean «izugarria» dela gertatutakoa, eta iragarri zuen polizia gehiago hedatuko dituela sinagogetan, «herrialdeko komunitate judua seguru sentitu dadin». Europako Komunitate Politikoa Kopenhagen egiten ari zen bileratik itzuli zen Starmer Erresuma Batura.