munDUA

Bi suizidek egin dituzte Indonesiako hoteletako atentatuak

Bederatzi lagun hil dituzte Marriot eta Ritz Carlton luxuzko hoteletako leherketetan.

2009ko uztailaren 17a
15:45
Entzun
Indonesiako hiriburu Jakartan Marriot eta Ritz Carlton luxuzko hoteletan gaur izandako leherketa banaren ondorioz bederatzi lagun hil dituztela jakinarazi dute hango iturri ofizialek, eta Poliziak erasoak bi suizidek egin dituztela esan du geroago. Poliziaren arabera, soinean zeuzkaten bonbak lehertu dituzte, eta Al Kaedaren beso armatu bati egotzi dizkiete atentatuak: Yama Islamiyari.



Beste 50 bat pertsona zaurituta daude. Poliziak, erasoen ondoren, Marrioten zegoen beste bonba bat indargabetu egin du. Ikerketako iturriek uste dute atzerritarrak zituztela helburu atentatuen egileek.

Hiriburuaren erdialdean daude hotelok, biak elkarrengandik nahikoa gertu, eta kalte handiak izan dituzte. Ritz Carltoneko leherketa sotoan izan da, Marriotekoa hirugarren solairuan -hor dago jatetxea, eta une horretan jendez gainezka zegoen gosaltzen-. Bi minutuko tartearekin izan dira erasoak.

2003ko abuztuaren 7an ere egin zuten Marriot hotelaren kontrako atentatua: hamabi pertsona hil ziren. Yama Islamiya taldeari egotzi zioten erasoa.

2005eko urriaren 1ean egin zuten Indonesian gune turistikoen aurkako azkeneko atentatu handia: hiru suizidek hogei lagun hil zituzten Balin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.