Nazio Batuen Erakundea

Biden: «Historiako inflexio puntu batean gaude»

AEBeko nazioarteko harremanak sendotu dituela azpimarratu du NBEren Batzar Orokorrean, eta horretan jarraitzeko dei egin du. Haren gobernua Asia ekialdera begira dagoela onartu du, Txina aipatu gabe, baina arazoei modu «baketsuan» heltzeko prest dagoen edonorekin hitz egiteko prest agertu da.

Joe Biden AEBetako presidentea, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean. TIMOTHY A. CLARY / EFE
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 21a
17:32
Entzun

Lehenengo aldiz hitz egin du Joe Biden AEBetako presidenteak NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean. Ikusmin handia zegoen haren hitzartzearen inguruan, mapa geopolitikoan Etxe Zuriak hartuko duen norabidea zein izango den jakiteko neurgailu gisa hartua baitzuten Mendebaldeko gobernuek. Nazioarteko kooperazioaren alde hitz egin du, argudiatuta inoiz baino agerikoagoa dela herrialde guztiak daudela elkarri konektatuta, eta batean gertatzen denak ondorioak dituela besteetan.

Pandemiaren ondorioekin hala gertatu dela adierazi du. Gogoan izan ditu COVID-19ak jota munduan hildakoak, eta hurrengo izurriterako irakaspenak atera beharra nabarmendu du, galdera batekin: «Elkarrekin egingo dugu lan bizitzak salbatzeko, COVID-19a leku guztietatik erauzteko eta etorriko den hurrengo pandemiarako prestatzeko, ala ez ditugu ditugun erremintak aprobetxatuko?»

AEBetako presidentearen esanetan, «historiako inflexio puntu batean gaude», eta haren gobernua «etorkizuneko erronkei» begira dagoela esan du, «iraganeko gerretara» beharrean. Krisi klimatikoa, botere globalean ematen ari diren aldaketak, teknologia berriak, larrialdi klimatikoa eta «terrorismoaren» mehatxua aipatu ditu, besteak beste. Iraganarekin lotu du Afganistanen izandako presentzia militarra, eta handik tropak atera izana goratu du. Fokua orain Asian jarria dutela aitortu du, «Indiako-Pazifikoan», eta, AEBek beren mira hara begira jartzean beren «aliatuekien eta bazkideekin kooperazioan» egingo dutela, eta NBEren gisako «instituzio multilateralekin» elkarlanean.

Hain justu, pasa den astean aurkeztu zuten AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak AUKUS aliantza militarra, Txinaren gaitasun militarrei aurre egiteko. Bere Mendebaldeko aliatuen kritikak jaso ditu horregatik Etxe Zuriak, munduaren ardatza ekialdera eramateko egindako mugimendutik kanpo uzteagatik horietako asko. Frantziari egin dio kalte handiena hitzarmenak. Izan ere, aliantzaren berritasun nagusia da AEBek Australiari lagunduko diotela propultsio nuklearra izango duten itsaspekoak eraikitzen. Eliseoak milioi askoko akordio bat egina zuen Australiako Gobernuarekin, eta hamabi itsaspeko egingo zizkiola jasotzen zuen kontratu horrek. Bertan behera geratu da, ordea, aliantza militar berriaren ondorioz.

Asian indar militarren presentzia areagotzeak izan ditzakeen arriskuengatik ere jaso ditu ohartarazpenak AEBetako Gobernuak. Gai horri heldu dio Bidenek, baina ez du Txina zuzenean aipatu. Hala ere, nabarmendu du AEBen asmoa ez dela «gerra hotz berri batera» edo «bloke zurrunen artean banatuta egongo den mundu batera» gerturatzea. «AEBak prest daude aurrera urrats bat egin, eta erronka partekatuei irtenbide baketsu bat emateko prest dagoen edozeinekin lan egiteko, baita beste gaietan desadostasun handiak baditugu ere», esan du, eta COVID-19ari aurre egiteaz hitz egitean erabili duen argudio bera errepikatu du: «Porrot egiten badugu, ondorioak guztiok pairatuko ditugu».

Lankidetzarako eskua luzatu du Bidenek, bai, baina argi utzi du lankidetza hori gidatuko duena nor izatea nahi duen. Pandemiaren eta larrialdi klimatikoaren gisako auzietan, AEBak lidergoa hartzen ari direla azpimarratu du: «Nazioarteko foroetara itzuli gara, Nazio Batuen Erakundera batez ere, atentzioa zentratzeko eta erronka partekatuen inguruan ekintza globala sustatzeko». Donald Trump presidente ohiak nazioarteko komunitatearekin izan zuen paperaren oso bestelako bat duela erakutsi nahi izan du: «Osasunaren Munduko Erakundearekin konpromisoa dugu berriz ere; Covaxekin estuki ari gara lanean mundu osoko bizitzak salbatuko dituzten txertoak emateko; Parisko Akordiora batu gara berriz; eta NBEren Giza Eskubideen Batzordean aulkia hartzeko hautagaiak gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.